MAHLER CHAMBER ORCHESTRa
Zuzendaria: Fabien Gabel. Pianoa: Yuja Wang. Egitaraua: I. Stravinskiren Pulcinella suitea, G. Ligetiren Piano eta orkestrarako kontzertua, W. A. Mozarten Idomeneo ballet-musika eta F. Chopinen Pianorako 1. kontzertua op. 11. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilaren 16a.
Lehen Mundu Gerraren ostean Igor Stravinski berriro erakartzeko nahian, Serge Diaghilevek, Errusiako Balletak sortu zituen enpresariak, barroko italiarraren gaineko iruzkina egiteko gonbita luzatu zion. Jatorrizkoak berrikusi ostean konbentzitu zen Stravinski; hainbat pieza aukeratu zituen Pergolesirenak zirelakoan, eta eskuizkribu zahar batetik Pulcinella protagonista zuen pasarte komiko bat hartu zuen. Hala, XVIII. mendeko materialari orkestrazio kitzikagarria erantsi zion, disonantzia sotilak han eta bakarlarien esku-hartze garbi eta ironikoak hemen. Mahler Chamber Orkestra bezalako talde fin baten luzimendurako egina dagoen obra.Â
1985 eta 1988 artean idatzi zuen Gyorgy Ligetik pianorako obra handia; partiturarekin bat argitaratu zen testuan, aditzera ematen du bertan bere kredo artistikoa aurkezten duela, ilusio musikalak bere jarrera estetikoaren oinarrian ipiniz eta abangoardia tradizionalaren irizpideekiko zein postmodernismoarekiko independentzia baieztatuz. Hala, polimetria konplexuak, idatzita ez dauden baina entzutean agertzen diren patroi irudikatuak, eskala desberdinen konbinazioak eta ihesi doazen harmoniak jasotzen ditu besaulkian dagoenak. Gabel eta Wangen artean irakurketa bizia egin zuten, musika bera «izoztutako denbora» delako ideia ere azaleratuz.
Mozartek Idomeneo opera serioan txertatutako balleta dibertimendu bitxia da istorioaren barruan, eta guztiz atsegina isolaturik interpretatzen denean. Kasu honetan, Txakona eta Pas seul Chopinen lirismo eta birtuosismo distiratsuaren aurreko olgeta dotoreak bihurtu ziren, hori baitzen kontzertuaren zatirik esperatuena eta ospatuena. Ez da harritzekoa, Wangek ornamentazioak, figurazio azkarrak, salto handiak, pasarte cantabile-ak, pedala, dinamikak eta, oro har, partituraren zerizana gidatzeko duen gaitasuna zirraragarria baita. Ezerk ez dio ihes egiten eta bizitu egiten du dena. Pozgarria da errepertorio klasikoaren interprete batzuek oraindik ere halako ikusmira eta miresmena pizten dutela jakitea.Â