EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRA
Urtero, Euskal Herriko Gazte Orkestrak bi topaketa antolatzen ditu, bata neguan eta bestea udan, programak landu eta publikoari erakusteko. Azken urteotako programak bereziki zorrotz eta exijenteak izan dira, eta, oraingoan, Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren 200. urteurrena gogoan, hark 13 urte zituela idatzitako Esklabo alaiak obertura ezagunak ireki ditu kontzertuak, asmo onez baina zehaztasunik gabe.
Mahlerren musika ez da, noski, erraza, eta haren unibertso emozional eta kontzeptual konplexuak ahalbidetu eta lagundu du bere musikaren zirrikituetan ezein justifikazio psiko-filosofiko argitu dezaketen zantzuak topatu izana. Haren 5. sinfoniaren testuinguruari eta eraikuntzari erreparatuz ere egin liteke horrelako analisirik. Hileta martxa batek dakarren iluntasunean murgiltzen gaitu hasieran, ironia puntu batekin akaso, eta pixkanaka gidatzen gaitu scherzoaren energia mugagabean zehar, bals ezohiko baten forman. Haren hitzetan —hala idatzi baitzion Mahlerrek bere emazte Almari, 1904ko urriaren 14an, mugimendu horren inguruan—, «mundu berri bat etengabean erditzen duen kaosa», «gero berriro hiltzen» dena, baita «itsaso apartsu, orrolari eta harrotua», «arnasa eteten duten olatu hausle, irideszente eta liluragarriez» osatuta. Bizimodu sentiberan txertatuta, adagietto ospetsuaren barnekotasunera garamatza ondoren Mahlerrek, bukaera oparo eta alaitsua garatu aurretik. Nahigabez betetako biografia izaki, galdetu genezake bukaerako poza egiazkoa ote den, Mahler bera eta gu geu ere asetzen ote gaituen.
Egoera emozional horiek guztiak igarotzeko aukera ematen digu Mahlerrek, baina interpretazioan ez ziren nahikoa osagai bildu emaitza gogobetegarria izan zedin. Kanpotik ez dago zalantzan jartzerik musikarien lana eta konpromisoa; hala ere, ezin dira egiturazko arazoak alde batean utzi: afinazioa, kolorea, doitasuna, dinamikak, atalen arteko loturak eta batasun sentsazioa falta ziren une oro. Errepertorioa berrikusi beharko litzateke agian, orkestrak behar eta ahal duena ahaztu gabe.