Mañariko Arri jaialdia
Konpainiak eta lanak: Karrika (Buruzagien batzarra), Ibawa kolektiboa (Gaua), NiMu (InGravida), Korrala sormen-tailerra (Buro-krak), Meri Urzelai (Momentutxoa). Lekua: Mañaria herriko zenbait lekutan. Eguna: maiatzaren 16a.
Durangaldean errotutako Ganso & Cia konpainiak bigarrenez antolatu du Arri izeneko jaialdia Mañariko Udalaren ezinbesteko laguntzarekin. Aurreko edizioa duela urte batzuk izan zen, eta orain izan dugu ekimenaren berri. Arratsaldean zehar, bost pieza jokatu dira herriko txoko berezi batzuetan, eta ikusleak hiru ibilbidetan antolatu dituzte, denek emanaldi guztiak ikusi zitzaten. Durangaldeko mendien oinarrian kokatuta, udalerriak bazter politak dauzka, eta ekitaldien berri era diskretuan zabaldu izanak ikusleen presentzia ez masifikatua eta atsegina ahalbidetu du.
Tokatu zaigun lehen emanaldia Durangoko Karrika taldearen esku etorri da eta Buruzagien batzarra deitu da. Izenak berak dioskunez, Urrengoerrota baserria Ibaizabal errioaren alboan dago, eta haren aurrealdean azaldu dira Karrikakoak, batzuk Erdi Aroko itxurarekin eta beste batzuk Asterixen sagako pertsonaiak balira bezala. Horrela izanda, eta Patricia Urrutiaren zuzendaritzapean, Durangix eta Iurretix, Izurtzix, Mañarix, Elorrix eta enparauak —enparauix jarri beharko nuke?— beren arteko loturak azpimarratuz eta dauzkaten problema komunak elkarrekin konpondu beharra aldarrikatuz.
Gure ibilbidearen bigarren ekitaldia Hendaiako Ibawa kolektiboak bete du elizako atariaren aurrean, eta txundituta utzi gaitu Gaua dantza piezaren perfekzioak, bai bere diseinuan bai bere egikeran. Min sakonetik barne indarraren erakustaldira igaro dira lau emakume dantzariak, jantzien diseinu dotore eta aurreratua lagun, keinu-definizio harrigarriarekin eta musika ezin egokiagoak bideratuta. Miarritzeko Dantza Maitaldian ere egongo dira, eta orduan izango dugu beste behin eta sakonago ikusteko aukera.
Jarraian, Iturrietako landatxoan izan da NiMu konpainiaren zirku erakustaldi fin eta laburra. Xandra izeneko artistak soka lasaian erakutsi du bere trebezia ukaezina, clown delikatuen manerak balentria originalen artean samur-samur tartekatuz eta ikusleen bihotza hasieratik bertatik konkistatuz. Hurrengo ekitaldia udaletxean bertan izan da, Buro-krak izen adierazgarriarekin. Cecilia Paganinik antzezle amateurrentzako bere sormen-tailerrean sortua da eta, haien lanaren fruitu, burokraziaren parodiarekin gozatu dugu eraikinaren bulego eta geletatik gindoazela.
Ibilbidearen azken ekitaldia Meri Urzelairen Momentutxoa izan da. Kultur etxeko ganbaran tea zerbitzatzeko ontziteria doratua zegoen prest, eta Urzelai dotore jantzita agertu da, baina aurpegia maskara batez estalita. Horrek, jakina, artega sortu digu, baina pertsonaia hurbila eta gizatiarra izaten saiatu da, bere pisuko kidea hil berri duela lotsarik gabe aitortu digun arren. Jone Garciak idatzitako testuak —Urzelaik berak euskaratu du, txukun euskaratu ere— indar telurikoa dauka, are gehiago horrela interpretatuta, eta ikusleek gogoz txalotu dute horren guztiaren emaitza.
Swingtronics & Rocktronics taldearen kontzertu batekin amaitu da jardunaldia, baina ni Bilbora itzuli naiz arrapaladan, bizi izandako une gozoak teklatuan jaso eta arte eszenikoen aldeko ekimen militanteak lerro hauetan betikotzeko asmoz.