Hizkuntza aniztasuna

Kultur edukiontziak, portuz portu

Donostia 2016ren Tosta enbaxada Ozeano Atlantikoan barrena abiatuko da bi egun barru, eta portuz portu geldialdiak egingo ditu irailera bitartean. Lau edukiontziz osatuta dago enbaxada, eta helmuga bakoitzean haiek zabaldu eta jaialdi bat egingo dute. "Kultur aniztasuna eta hizkuntza gutxituak sustatzea" ditu helburu egitasmoak.

Gaur goizean aurkeztu dute Tosta enbaxada, Pasaiako portuan. ANDONI CANELADA / ARGAZKI PRESS
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 20a
17:17
Entzun

Donostia 2016k bere arrastoa Europan barrena zabaltzeko hiru enbaxada ibiltari sortu ditu. Lehenengoa urtarrilean abiatu zen autobusa izan zen —Europa Transit—, eta bigarrena da Tosta. Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari orokorraren arabera, "kultur aniztasuna eta hizkuntza gutxituak sustatzea" dira bigarren egitasmo horren helburuak. Horregatik, hizkuntza gutxituak dituzten lurraldeetara bidaiatuko du enbaxadak: Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia, Galizia eta Euskal Herria bisitatuko ditu. Bideoa: enbaxada ibiltariaren aurkezpena (Argazki Press).

[YouTube]https://youtu.be/2c2sxV82zz4[/YouTube]

Zazpi komunitate horiek, azken asteotan, erresidentzia artistiko bana antolatu dute beste komunitate bateko sortzaile batentzat. Sei aste igaroko dituzte artistek egokitutako komunitatean murgilduta, eta artelan bana sortuko dute hizkuntza eta kultura gutxituak ardatz hartuta. Bidaia hasi aurretik martxan jarria zen, beraz, Tostaren lehen fasea.

Bigarren fasea da orain garatuko dena: kultur edukiontziak kamioiz nahiz itsasontziz garraiatuko dituzte komunitate parte hartzaileetara. Edukiontzi horiek zabaltzean, jaialdi bat egingo da geldialdi bakoitzean —edukiontzi multzoak jaialdien egitura osatzen du—. Jaialdi horietan, erresidentzietako artelanak erakutsiko dituzte, eta zuzeneko musika emanaldiak egingo dituzte — besteak beste, Oreka TX jaialdi guztietan ariko da—. Horrez gain, askotariko jendeari zuzendutako jarduera parte hartzaileak egingo dituzte. Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldiarekin bat egingo du Tostaren azken geldialdiak: irailaren 22tik 25era bitartean izango da azken jaialdia.

Bost hilabete iraungo duen bidaiaren ostean, nazioarteko proiektuetan erabilgarria izango den gida bat kaleratuko dute. Tokiko hizkuntzak erabiltzeko irizpide batzuk zehaztu dituzte enbaxada abiatu aurretik, eta proiektua garatzen doan heinean, irizpide horien inguruan izandako esperientziak bilduko dituzte. Aurrerantzean nazioartean hizkuntza gutxituei beren lekua eman nahi dieten ororentzat eskuragarri jarriko dute argitalpena, 2016.urtea amaitu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.