Ez horixe, kultur kritika ez da hil, beste zerbait bihurtu dutelako. Analisi kulturala Interneteko eduki hutsala bilakatu dute, eta iritzia, engagement. Jadanik ez da idazten musika lan bat ulertzeko, eztabaidatzeko edota esparru historiko eta politikoan kokatzeko. Aldiz, muntatze-kate bat elikatzea denez helburua, abiadura, zarata eta atxikimenduaren eta kontrakotasunaren arteko polarizazioa saritzen dute. Egungo ekosistema digitalean arreta da moneta berria, eta dugun denbora urria horretarako funtsezko jomuga.
Paradoxa izugarria bizi dugu: inoiz ez da kulturaz hainbeste idatzi, eta, hala ere, gero eta hausnarketa gutxiago dago haren inguruan. Premia horrek bultzatuta esan diot baietz BERRIAn idazteari (eta bereziki lagunen ilusioak kutsatuta, zalantzarik gabe).
Hona hemen lehen saiakera.
Enpresaburuek musikan streaming aroaren ondoren datorrena iragarri dute dagoeneko. Entzuleak ez du gehiago itxaron beharko disko berri bat. Artista errealaren menpe egon gabe aseko ditu bere behar emozionalak, musika etengabeko esperientzia generatibo gisa hartuta. Adimen artifizialaren bidez momentuko sorkuntza hiperpertsonalizaturako aukera egongo delako. Entzuleak emandako aginduekin edota metatutako datuen arabera, kantuak forma aldatuko du une oro. Eta horrela sorraraziko da esperientzia indibidual, pribatu eta «berezia». Artistaren ordez, parametro entretenigarrien multzo bat izango dugu eskura, nahi adina bertsio sortzeko. Musikazaleen ahalduntze gisara salduko dizkigute helduko diren berritasun horiek. Baina, sare sozialen paradigman bezalaxe, zalea industriarako doako langile bihurtuko da, baimendutako mugen barruan eduki amaigabea sortuz.
Horrek guztiak obra edo eduki mugatuaren bukaera dakar, eta enpresa handiek baimendutako aldaera amaigabeen jolas-parke musikatua sorraraziko du. Ez izan zalantzarik, monetizatua izango da, eta badakigu nork eramango duen pastelaren zatirik handiena, beste behin ere.
Guztia «posible» baldin bada, eta obra artistikoa ere gure ustezko beharrak asetzeko pentsatua baldin badago, zer geratuko zaigu? Edo pauso bat harago joanda, inork abesti bera entzunen ez badu, nola izan komunitate edo nola eraiki identitate kultural partekatua?