Amatasuna eta ez-amatasuna elkarrekin doazela azaldu du EHUko irakasle Elixabete Imazek: «Kontrajarriak dirudite bi ideiek, baina txanpon beraren bi alderdiak dira». Hain zuzen ere, gai horren inguruan Emakunderen beka baten bidez egindako Maternidades a debate en la producciĂ³n cultural (Amatasuna ezbaian kultur ekoizpenean) ikerketa lana aurkeztu du gaur goizean. Aurkezpenean nabarmendu du ez zuela espero amatasunak horrenbesteko eragina izatea autoreen sorkuntza prozesuetan, eta askotan «muga» bat izatera heltzen dela.
Imazek egin du ikerlana, NUPeko soziologiako irakasle Mercedes Boginorekin eta Irati Lafragua antropologoarekin lankidetzan. Imazek azaldu duenez, aurretik gurasotasunaren kontzeptua landua zeukaten hirurek, eta jabetuta zeuden gai horrek literaturan izan duen bilakabideaz: «Amatasuna aspaldiko gaia da, baina lehen ikusmolde idealizatu batetik heltzen zitzaion, eta egun, askotariko ikuspegiak aurki ditzakegu». Aztertu dituzten lan batzuek amatasuna jorratzen dute, eta beste batzuek amatasunik eza: abortuen, ama ez izateko nahiaren edo ama izan nahi baina ezinaren gaiak, besteak beste.
Diskurtsoan egon den bilakabideak ez ezik, formatuen pluraltasunak ere harritu du Imaz, hark azpimarratu duenez. Izan ere, eleberriak, arte eszenikoak, zinema, musika, sare sozialak, podcastak eta abar aztertu dituzte. Diziplinak ugariak izan arren bi ezaugarri garrantzitsu dituztela azaldu du Imazek. Alde batetik, ia gehienek iturri bera dutela kontatu du: esperientzia pertsonalak. «Gaiarekiko duten ikuspegia modu batekoa ala bestelakoa izan, sarri autobiografikoak dira». Eta beste aldetik, Imazek nabarmendu du formatua dena delakoa izanda ere beti dutela eragin politikoa.
Eztabaidarako iturri
Hain zuzen ere, horixe zen hasieratik finkatuta zeukaten helburuetako bat, amatasuna eta amatasunik eza jorratzeko moduak aztertzearekin batera: neurtzea zer-nolako gaitasuna duten diskurtso horiek eztabaida soziala pizteko. Horretarako, hainbat ikuspuntutatik heldu diote gaiari: ekoizpenek amatasun ereduak irudikatzeko eta ilustratzeko moduari, esperientzia emozionalari eta amatasuna emakumeen pluraltasunetik interpretatzeko moduari, esate baterako.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak atal horri heldu dio. Haren esanetan, ama izatea emakume izatearen ondorio natural gisa ulertu da, eta egungo gizartean «oso errotuta dirau» amatasun derrigorrezkoak. «Horrexegatik da garrantzitsua ikerketa hau, amatasunaren pluraltasuna eta ez-amatasuna jorratzen dituelako».
Corpus zabala
Imazek adierazi duenez, ia hirurogei kultur produktu bilatu, bildu, sailkatu eta aztertu dituzte. Aztertu duten corpusaren baldintzak azaldu ditu: Hegoaldean jaiotako edo bizi den norbaitek 2018 eta 2024 bitartean sortuak izatea, gai nagusitzat edo garrantzitsutzat amatasuna lantzea eta eskuragarriak izatea. Azken puntu horren inguruan azaldu du zailtasun gehiago izan dituztela bertsolaritzako eta antzerkigintzako lanak aztertzeko; «ez badira grabatzen desagertu egiten dira eta».
Boginok corpusa biltzerakoan izan zituzten inpresio batzuk azaldu ditu. Haren esanetan, hasieran uste zuten baino produktu gehiago aurkitu dituzte, eta nabarmendu du pentsa daitezkeen formatu guztietan jorratu dela amatasunaren gaia. Eta, horrekin batera, azpimarratu du zenbait fokutatik jorratu dutela gaia: ugalketaren autonomiatik, amatasunak biografian duen inpaktutik, dimentsio politikotik, ikuspegi emozionaletik edo gorputzen eraldaketatik, adibidez.
«Historikoki emakumeen inguruan egon den anonimotasuna alboratzea lortu dugu lan honekin»
ELIXABETE IMAZÂ Ikerketaren egilea
Soziologoak azaldu duenez, kultur ekoizpenen bidez jaso dute ikuspuntu anitz horien berri, baina baita autoreekin izan dituzten elkarrizketen bidez ere. «Sortzaileekin edukitako hizketaldiek haien produktuei testuingurua ematen lagundu digute, baita sortzaileen asmoak eta interpretazioak ulertzen ere».
Elkarrizketei dagokienez sortzaileek izandako prestutasuna nabarmendu du Imazek: «Baiezkoa eman ziguten guztiek, eta gainera interesa izan zuten haien izenak ager zitezen. Historikoki emakumeen inguruan egon den anonimotasuna alboratzea lortu dugu lan honekin». Azaldu du gai honen inguruan mintzatzeko beharraren sintoma direla kulturgileen nahia eta prestutasuna.Â
Ondorio nabarmenak
Boginok ikerketaren emaitza batzuk zerrendatu ditu. Haren esanetan, oso ohikoak dira salaketak prozesu biologikoen narratibetan, batez ere indarkeria obstetrikoaren, aitortu gabeko doluen eta edoskitze edo abortu eskubidearen inguruan. Bide beretik, aipatu du gabeziak sumatu dituztela hizkuntzan halako gaien inguruan mintzatzeko, eta sortzaileak hitzekin jolasteko edo zuzenean termino berriak asmatzeko beharra daukatela.
Beste ondorioetako bat izan da ikuspegi feminista ez dela soilik sorkuntzen emaitzetan antzematen, sorkuntzen prozesuan ere antzeman daitekeela. Bi ikertzaileek azaldu dute kulturgileek euren sorkuntza prozesuak birpentsatu behar dituztela ama izan ostean. Bi kasuren berri eman dute. Kontatu dutenez, Amaia Arrazola muralgileak artearen diziplina hori albo batera utzi behar izan zuen ama izan zenean, etxetik kanpo igaro beharreko tarte luzeen eta desplazamenduen ondorioz. Bertsolariak ere izan dituzte gogoan; izan ere, ordutegi gogorrak dituztela aipatu zieten ikerlariei, eta azaldu sarri bertso afariak euren jardunaren parte izaten direla.