Durangoko 60. Azoka

Joxe Azurmendiri buruzko komiki proiektu batek jaso du sormen beka

Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin dira egileak, eta Azurmendiren eta zenbait autore feministaren arteko elkarrizketa fikzionatu asmo dute komikian. Proiektuaren «izaera anbiziotsua» nabarmendu du epaimahaiak.

Mireia Elkoroiribe, Ainhoa Olaso, Usue Egia, Mikel Urdangarin eta Gotzon Gomez, gaur, Durangon. OSKAR MATXIN / FOKU
Mireia Elkoroiribe, Ainhoa Olaso, Usue Egia, Mikel Urdangarin eta Gotzon Gomez, gaur, Durangon. OSKAR MATXIN / FOKU
itziar ugarte irizar
Durango
2025eko abenduaren 8a
11:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak. Behin-behineko izen horrekin irabazi dute Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek Durangoko 60. Azokako sormen beka. Egileek aurreratu dutenez, Azurmendiren eta zenbait autore feministarekin —Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea...— arteko elkarrizketa fikzionatzea da haien asmoa, askotariko egoerak irudikatuz eta, bidenabar, gaur egungo hainbat auzi lantzeko asmoz. «Oso pozik gaude, komiki hau egin nahi dugulako, eta beka hau laguntza eta bultzada izugarria delako», nabarmendu du Olasok agerraldian. 15.000 euroko diru laguntza jaso dute eta urtebete izango dute lana burutzeko orain; datorren urteko azokan aurkeztuko dute emaitza.

Denera, askotariko hamabi lan aurkeztu dira aurten deialdira, eta Olaso, Egia eta Urdangarinen proposamenaren alde egitea erabaki du epaimahaiak, besteak beste, proiektuari antzeman dioten «anbizioagatik». Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu Axpi, Adur Larrea eta Garazi Arrulak osatu dute epaimahaia aurten, eta Iturriagak denen izenean nabarmendu du «anekdota metaketa batetik harago doan arnas luzeko egitasmo bat» dela saritutakoa. «Hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Originala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena», azaldu du.

«Hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Originala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena»

UNAI ITURRIAGA Epaimahaiko kidea

Era berean, alderdi grafikoari lotuta, epaimahaiari interesgarria iruditu zaio egileek «formalismotik at, estetika propio ez akademizista baten alde» egindako hautua, «zeinak bat egin lezakeen istorioan aipatzen diren egileen jarrera intelektual ertzekoarekin», Iturriagaren hitzetan.

«Ikerketa baten koartada narratibo bat»

Elkarlanean aurkeztu dute komiki proiektua Olasok, Egiak eta Urdangarinek, eta «ikerketa baten koartada narratibo batetik» sortu dutela azaldu du lehenak. Urdangarinek abiatu zuen ikerketa hori bere doktore tesian —Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan liburura ere eraman zuen gero—, eta ideia horiei fikziotik heltzea da orain sortzaileen asmoa: «Uste dugu magma eder bat dagoela hor, eta beste pausotxo bat eman nahi dugu proiektu honekin».

Aurreratu dute, halaber, collage eran josiko dutela komikia, eta 36ko gerra ondorenean abiatuko dela. Euskal Herrian ardaztuko dute, eta Azurmendiren zein pentsalari feministen —Davisengan azpimarra berezia jarrita— bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutaraziko dituzte, haien arteko eszenak irudikatuz. Hala bildu dute asmoa sinopsian: «Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko da. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz».

«Ondo gura dugu pasatu. Joxe Azurmendiren eta feminista ezberdinen arteko egoera ezberdinak sortze horretan, prozesua bera ere izan dadila jolastia. Hortik zerbait kalitatezkoa ateratzea espero dugu»

USUE EGIA Komikilaria

Egiak marraztuko du komikia, eta «trazu zikinaren» estetika izango duela aurreratu du, «tonu akademikotik» urruntzeko baliatuko dutena. Prozesuan, hala ere, sei eskutara lanean jarraitzeko asmoa dutela aipatu du, eta garrantzia eman dio bidean gozatzeari: «Ondo gura dugu pasatu. Joxe Azurmendiren eta feminista ezberdinen arteko egoera ezberdinak sortze horretan, prozesua bera ere izan dadila jolastia. Hortik zerbait kalitatezkoa ateratzea espero dugu».

Zortzigarren edizioa

2018an jarri zuten martxan sormen beka Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Atopia rol jokoa izan zen lehen sormen beka jaso zuen egitasmoa 2018an. Geroztik, Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana, Marramiau sorkuntza taldearen Argizargi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila eta Irati Bazetaren Harien isla erakusketa izan dira saritu diren lanak.

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Gerediaga elkarteko Gotzon Gomezek ere hartu dute parte agerraldian, eta biek nabarmendu dute «sortzaile gazteen» lana sustatzeko orduan beka betetzen ari den funtzioa. «Gazte asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen», berretsi du Gomezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.