Kulturgintzako 563 lanpostu galdu dira pandemiaren eraginez

Kultur industriak definitzeko ikerlan bat eta koronabirusaren eragina aztertzen duen beste bat kaleratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak

Kultur aretoak izan ziren pandemian ateak ixten lehenak, eta, ondoren, ateak irekitzen azkenak. Irudian, Bilboko Arriaga antzokia. BILBOKO ARRIAGA ANTZOKIA.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Guztira, 17.000 dira kultura eta sormen industrietan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ia 34.000 lanpostu mantentzen dituzte denen artean. Kulturgintzaren eta sorkuntzaren esparrua aztertzeko hitzarmena egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, eta horiek dira egindako azterketaren ondorioak. Eta nahikoa da enpresei eta lanpostuei buruzko bi datu horiek gurutzatzea, kulturgintzako enpresen batez besteko neurria ikusteko ere. Enpresarik gehienek bi langile dituztelako, eta, azterketan zehazten denez, autonomoak dira haietako gehienak.

Hori da sektorearen argazki orokorra, beraz, baina pandemiak argazki horretan izandako eragina aztertzen duen beste ikerketa bat ere kaleratu dute Orkestrakoek. Bertan zehazten denez, 2019tik 2020ra 243 enpresa galdu ditu kulturgintzak, eta 563 enplegu gutxiago dauzka.

Zehazki, %1,5eko beherakada ekarri zion osasun krisiak sektoreari 2020an. Eta pandemiak gehien eragin zuen hiru sektoreen artean dagoela gogorarazi du Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak. Eta bada kolpe horren neurria ematen duen beste datu bat ikerketan: %32ko jaitsiera izan zuen sektorearen fakturazioak 2019tik 2020ra. Eta halakoengatik aipatzen da kaleratutako azterketaren azken ondorioan «sektorea bere onera ekartzeko» eta «indartzeko» politika publikoen beharra dagoela.

Jaitsiera orokorra

Arte eszenikoetan galdu dira lanpostu gehien 2020an: 58 enplegu eta 16 enpresa. Liburuen eta prentsaren alorrak 57 enpresa eta 112 enplegu galdu ditu, eta galerak dira nagusi gainerako alor gehienetan ere. Baina badira bi salbuespen: 174 enplegu irabazi zituen ikus-entzunezkoen eta multimedien alorrak 2020an, eta zortzi diseinuarenak.

Guztira, hamabi alor hartu dituzte kontuan ikerketan. Sei dira kultur industriatzat jotakoak: Arte eszenikoak; ikusizko arteak; ikus-entzunezkoak eta multimedia; liburuak eta prentsa; musika; ondarea, museoak, artxiboak eta liburutegiak. Eta beste sei alor biltzen ditu sormen industriei dagokienak: arkitektura; diseinua; hizkuntzaren industria; modaren fabrikazioa; publizitatea; eta bideojokoak. Eta horiekin osatu du aurrez aipatutako kulturgintzaren mapa ekonomikoa.

Erakundeek lehenago ere zehaztua zuten kultura eta sormen industriaren perimetroa, baina hura «berrikustea» izan da Orkestrak kaleratutako beste ikerketaren helburua. Eta, Arangurenek zehaztu duenez, Europan erabili ohi diren ereduak kontuan hartuz egin dute eguneratze hori, gerora alderaketak errazteko. «Baina ez dugu besterik gabe beste herrialdeetako eredua erreplikatu, kontuan hartu baititugu gure berezitasunak». Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntzaren industriak duen pisua jarri du adibidetzat. Itzulpengintzarekin, enpresetan ezarritako euskara planekin eta euskararen bueltako beste hainbat jarduerarekin lotutako jardunak, alegia.

Azterketa ekonomikoa izanik, edonola ere, oraingoz ez dute aztertu kultur eta sormen industria horietan euskaraz, ele bitan edo gaztelera hutsean lan egiten duten. Orain egindako azterketa, nagusiki, «kuantitatiboa» izan dela esan du Arangurenek, eta euskarari buruzkoak «kualitatiboa» izan beharko lukeela.

Hazteko aukera

Ekonomikoki hazteko aukera ikusten dio Arangurenek kultura eta sormen industriari. Ez berak bakarrik. Orkestrako zuzendariak zehaztu duenez, esaterako, «aukera nitxo» modura definitzen du sektorea Teknologia zientzia eta berrikuntza planak, eta Europako Batzordeak ere hazkuntza bidean aurkeztu izan dituela gogoratu du. «Ez dute manufaktura industriak duen bezainbesteko pisurik, baina badute eragina ekonomian eta ongizate sorkuntzan». Eta, hain justu, kulturgintzak bestelako sektoreetan eragiteko duen gaitasuna ere nabarmendu du Arangurenek.

Sektoreko enpresak txikiak izanik, hain zuzen, haiei hazten laguntzeko edo elkarlana bultzatzeko politikak behar liratekeela ere zehaztu du Orkestrako zuzendariak. Horrek erraztu egingo baitie lehiakortasuna zein nazioartekotzeko aukera ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu ditu Orkestrarekin egindako hitzarmenaren nondik norakoak, eta, esan duenez, pandemiaren sasoirik gogorrenean erabaki zuten kulturgintza ere alde ekonomikotik aztertzea. Orduan jo zuten Orkestra institutukoengana hitzarmena proposatzera. Kultur mundu osoan igarritako kezkak bultzatu zituen horretara. «Haiek izan ziren itxi zuten lehenak, eta baita era normalizatu batean ateak ireki zituzten azkenak ere».

Parentesi artean bezala joan da orain arte kulturgintza Eusko Jaurlaritzaren azterketetan. Bestelako parametroen arabera egiten ziren neurketak, eta, horren ondorioz, azterketa ekonomikoetatik kanpo geratu ohi ziren hari buruzko datuak. Eta, hain zuzen, hori da aurrerantzean aldatuko den gauzatzeko bat. Horregatik, aurkeztu berri dituzten bi ikerketak lehen urratsa baino ez dira, Zupiriak azaldu duenez, eta aurrerantzean ere azterketak egiten jarraitzeko konpromisoa ezartzen du Orkestrarekin sinatu duten hitzarmenak. Datu horiek analisiak «zorrozteko» eta kultur politika «hobeak» diseinatzeko balioko dutela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.