Kulturgintzarako itsasargi bat: sortzaileentzako 1.300 euroko oinarrizko soldata iraunkor bilakatuko du Irlandak

2022tik 2025era proba modura jarri zuten abian proiektua, eta 2.000 artista lagundu dituzte. Orain iraunkor bilakatu dute programa, argudiatuta, besteak beste, gizarteak bueltan jasotzen duena gehiago dela inbertitutakoa baino, baita ekonomikoki ere.

Bloomsday izeneko festa iragartzeko ekitaldi bat, Madrilen. NAHIA PECIÑA / EFE
Bloomsday izeneko festa iragartzeko ekitaldi bat, Madrilen. NAHIA PECIÑA / EFE
Inigo Astiz
2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Munduaren inbidia piztu du proposamen honek, eta lorpen handia da Irlandarentzat; horregatik, iraunkor eta jasangarri bihurtu behar dugu». Patrick O’Donovan Irlandako Gobernuko Kultura, Komunikazio eta Kirol ministroak basatzan bide berri bat argitzera abiatzen den lehen bidaiaren pare deskribatu zuen bere herrialdea urriko lehen egunetan, 2026ko aurrekontuen aurkezpenean. Azken hiru urteetan, 2.000 artistari hilean 1.300 euroko oinarrizko soldata bat ezarri die Dublingo gobernuak, eta, ministroaren hitzetan, neurri horrek bilakatu du Irlanda kulturgintza politiken aitzindari. Hiru urteko probaldiaren ondoren, iraunkor bilakatuko du proiektua orain. Alde dituzte esperimentuaren arrakasta neurtzeko egindako ikerketa independenteen datuak. Azterketa horiek erakutsi dutenez, babes horri esker gehiago eta hobeki sortzeko aukera izan dute programaren parte izan diren artistek, eta, are, egindako kalkulu ekonomikoen arabera, sortzaileengan inbertitutako euro bakoitzeko 1,4 euro jaso ditu bueltan gizarteak. Ikusi egin behar, orain, gainerako herrialdeetara ere hedatuko ote den.

Koronabirusak eragindako osasun krisiak piztu zuen ideia. Beste herrialde askok egin bezala, Irlandak ere zenbait neurri jarri nahi izan zituen abian etenaldiak eraginda diru sarrerarik gabe geratu ziren sortzaileak babesteko, eta, hainbat ikerketaren ostean, 2022an egin zuten oinarrizko soldata ezartzeko proposamena. Hiru urteko epea jarri zuten proba egiteko, eta 9.000 sortzaile eta kultur langile inguruk aurkeztu zuten euren burua programaren parte izateko. Haietako 2.000 hautatu zituzten, eta, geroztik, oinarrizko soldata hori jaso dute hilabetero 707 artista bisualek, 584 musikarik, ikus-entzunezkoetako 204 artistak, 184 idazlek, 173 antzerkigile eta aktorek, 32 dantzari eta koreografok, hamahiru zirku artistak eta hamar arkitektok.

Programa sei hilabetez luzatu zuten, azkenean, eta, beraz, hurrengo otsailera arte iraungo du probaldiak, eta justu ondoren bilakatuko dute iraunkor proiektua. Hautatutako hurrengo sortzaileek irailetik aurrera jasoko dute dirua, eta babesa jasotzen duten artisten kopurua 2.600era igotzeko asmoa ere adierazi dute Irlandako gobernuko ordezkariek.

Depresio arrisku txikiagoa

Programan parte hartzeko hautagaitza aurkeztu duten sortzaileek hainbat parametro bete behar izan dituzte. Hiru baldintza hauetako bi bete behar izan dituzte, gutxienez: sortzaile elkarte nabarmen bateko kide izatea, azken bost urteetan sorkuntzari esker irabazitakoen ziurtagiriak erakustea, edo azken bost urteetan euren sorkuntza alorrarekin izan duten lotura frogatzea. Ikasleek ere izan dute izena emateko aukera, halere, baldin eta landu nahi duten alor horretan egindako ikasketa horiek frogatzeko modua izanez gero. Eta hautatuta egon direnek ere, gero, bestelako diru sarrerak jasotzeko aukera izan dute, betiere ogasunari haien berri eman eta haiei dagozkien zergak ordaintzeko betebeharrarekin.

105 milioi euroko inbertsioa egin du Irlandak hiru urteko probaldian. Oinarrizko soldata jasotzen duten artisten jarduna zehatzago ikertzeko, hautaketatik kanpo geratutako mila artistaren nondik norakoak ere aztertu ditu gobernuak, batzuen eta besteen arteko aldeak aztertzeko. Hala, oinarrizko soldata jaso dutenek astean 11 ordu gehiago eskaini dizkiote sorkuntzari, eta lan gehiago eman ahal izan dituzte amaitutzat. Ondorioztatu dutenez, gainera, programaren parte izan diren artistek depresioan erortzeko arrisku txikiagoa izan dute.

Alderdi ekonomikoa ere aztertu dute, gainera. Alma Economics etxe independenteak egin du ikerketa hori, eta ondorioztatu dute gizarteak 1,39 euro jaso dituela inbertitutako euro bakoitzeko.

Ikerketaren arabera, batez beste sorkuntza lanekin lotutako 500 euro gehiago jaso dituzte sortzaileek hilean, eta, artistek zergatan ordaindutakoa eta gobernuak laguntza sozialetan aurreztutakoa kontuan hartuz, proiektuaren inbertsioa benetan 72 milioikoa izan dela ere ondorioztatu dute.

1.207 euskal artista

Estipulazioak egiteko aukera ere uzten dute Irlandako datuek. Gaur egun, guztira, zazpi milioi pertsona baino gehiago bizi dira Irlanda osoan, baina kontuan hartu behar da Ipar Irlanda Londresko administraziopean dagoela, eta, beraz, 5.300.000 biztanle bizi dira Dublingo gobernuak kudeatzen duen lurraldean; eta horien artean hautatu dituzte oinarrizko soldata jasoko duten 2.000 artistak. Hortaz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 3.200.000 biztanle daudela kontuan hartuta, eta Irlandak ezarritako proportzio berak aplikatuz gero, onartu duten neurriak hemen 1.207 artista babestuko lituzke.

Beste datu bat. 10.500 milioi euroko aurrekontu osoa du Irlandako Gobernuak 2025ean, eta 1,514 milioi kudeatuko ditu zehazki Kultura, Kirol eta Komunikazio Ministerioak. Hortik bideratuko dute oinarrizko soldatarako dirua ere. Kasu honetan, Euskal Herriko egoera administratiboak eta gobernu bakoitzaren barne antolaketak zaildu egiten du datu horiek estrapolatu ahal izatea, baina, esate baterako, Eusko Jaurlaritzak 413,7 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailarentzat —tartean, EITBrentzako adostutako 201,4 milioi euro ere barruan direla—, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 84 milioi euroko diru saila adostu zuen kulturarako 2025erako.

Hizkuntzaren aldagaia

Irlandako artistentzako oinarrizko soldatak ez du hizkuntzari buruzko inolako baldintzarik. Zoriz hautatu zuten nork parte hartuko zuen probaldian, esate baterako. Baldintzak betetzen zituzten hautagai guztiak anonimoki txertatu zituzten zerrenda batean, eta software batek egin zuen gero azken hautaketa. Gainbegiratu egin zuten hautaketa hori gero, baina zoriz egindako aukeraketa hura izan zen 2.000 sortzaileen zerrenda osatzeko oinarria.

«Hondoratzen ari zen itsasontzi bat salbatzeko esku hartze bat izan zen oinarrizko soldatarena». Lisa Tierney-Keogh antzerkigilea izan da azken hiru urteetan oinarrizko soldata jaso duten sortzaileetako bat, eta bere bizipenei buruzko artikulu bat eman du argitara The Irish Times egunkarian. Bertan kontatzen duenez, oraindik ere 2008ko krisialditik erabat osatu gabe zegoela, koronabirusak eragindako osasun krisiak hilzorian utzi zuen kulturgintza, eta lanik gabe geratu zen bera ere. «Irlandan artista izateak bizitza prekario bat edukitzea esan nahi izan du, maiz gutxienekotik behera kobratuz, eta askotan dohainik ere lan eginez».

Berez, urte bikaina izatekoa zen 2020a Tierney-Keog-entzat. 2019an estreinatutako The Beautiful Village antzezlanak hilabetez hartuko zuen Londresko Abbey Theatre aretoko oholtza nagusia, eta biran hastekoa zen horren ondoren. Pandemiarekin etenaldia heldu, ordea, proiektu horiek guztiak ezerezean geratu, eta depresioan erori zen antzerkigilea. «Hautsita sentitzen nintzen». Endometriosia ere antzeman zioten garaitsu hartan, eta, kontatzen duenez, nekez lortu zuen aurrera egitea.

Orduan heldu zen oinarrizko soldataren proposamena, eta onartu egin zuten. «Dirua bultzada handia zen, noski, baina ikusi egiten nindutela sentitu nuen. Baloratu egiten nindutela. Idazle edo artista zarenean, gutxitan sentitzen duzu hori [...]. Artistak gutxietsi eta halere artea egunero kontsumitzen duen gizarte batean, fede ezpal batek aldaketa sismikoa eragin dezake arte sorkuntzan ari den pertsona horrengan. Astean 325 euro jasotzeak ez du laguntzen soilik erosketak eta medikuaren fakturak ordaintzen: balekoa zarela sentiarazten dizu. Erakusten dizu munduari eskaintzen diozun sorkuntza hori benetan esanguratsua dela».

Interesa duten herrialdeak

Kanadan, esaterako, arreta piztu du Irlandako proposamenak. 2020an, adibidez, osasun krisiaren aldirik gogorrenean, 75.000 sortzaile, elkarte eta sindikatuk egin zuten bat oinarrizko soldata orokor baten aldeko eskariaren alde, eta, Dublinek hartutako erabakiarekin, berriz ere eskaria indartuko den esperantza dute orain. Eta Irlandako gobernuak aurtengo urrian jakinarazi zuenez, orain artean, Kanadako ordezkariek ez ezik, Australiakoek, Galeskoek, Hego Koreakoek, Norvegiakoek, Lituaniakoek, Estoniakoek eta Europako Batasunekoek ere eskatu diete proposamenari buruzko nondik norakoen berri.

Irlandan bertan ere, parlamentuan eztabaidagai izan dute artistentzako ezarritako oinarrizko soldata hori beste sektore batzuetara zabaltzea. Baina «oraingoz» artistekin jarraitzeko asmoa adierazi du gobernuak.

Irlandar dantzariak Folk jaialdi batean
Irlandar dantzari batzuk folk jaialdi batean. JOSE MANUEL PEDROSA / FOKU

«Etengabe nire karrera utzi beharko dudala sentitzeari utzi diot»

Sortzaileentzako oinarrizko soldataren alor kuantitatiboa ez ezik, artistentzako oinarrizko soldataren ondorio kualitatiboak ere ikertu ditu Irlandako gobernuak. Jenny Dagg Irlandako Maynooth Unibertsitateko Soziologia Fakultateko irakasleak egin du lan hori, eta, banan banako 50 elkarrizketa egin ditu horretarako. 84 orriko txosten batean bildu ditu ondorio nagusiak, eta, horrez gainera, elkarrizketatuen lekukotzak ere bildu ditu, izen-abizenik eman gabe, baina haien adina, ofizioa, sexua, bizitoki duten eskualdea eta bizitoki duten etxean maizter edo jabe diren zehaztuz. Hauek dira ahots horietako batzuk, beraz.

Elkarrizketatu gehienek onartu duenez, esaterako, oinarrizko soldata ez da haien diru sarrera bakarra izan, baina oinarrizko soldatari esker, lehenengoz izan dute dirua aurrezteko aukera.

Esate baterako hala deskribatu du oinarrizko soldatak ekarri dion aldaketa 45 eta 54 urte arteko emakumezko artista bisual batek: «Koltxoi moduko bat da, eta badakizu lantzen ari zaren koadroa saltzea lortzen ez baduzu ere gai izango zarela elektrizitatea ordaintzeko, eta gai izango zarela autoari gasolioa emateko, eta zure umeari uniformea erosteko».

Eta antzera mintzo da 35 eta 44 urte arteko tartean dagoen emakumezko dantzari bat ere: «Etengabe nire karrera utzi beharko dudala sentitzeari utzi diot. Lan arteko atsedenaldi bakoitzean orain ez dut pentsatzen, ‘ene jainkoa, hau izan da dena, hortaz’. Hori izan da aldaketarik handiena. Nire lanari eutsiz gero bizigaitza den egoera batera helduko nintzela pentsatzen nuen, eta ni izango nintzela horren erantzulea. Beldur erraldoi hori nuen. Gertuko jende askori hori gertatu zaiola ikusi dudalako».

Aurrezkiak zertarako erabiliko dituen galdetuta, zera erantzun du txostenerako elkarrizketatutako 35 eta 44 urte arteko emakumezko musikari batek. «Agian familia bat izateko aukera aztertzeko. Lehen pentsaezina zitzaidan baita amatasun baimenik hartzeko aukera ere, eta orain, aurreztu dudan diruarekin, akaso, bi hilabete ere hartu ahalko nituzke, ume bat izan nahiko banu. Aldaketa handia da hori niretzat. Bizitza aldatu dit horrek».

Baina, ez dira aurrezkiak soilik. Txostenean biltzen denez, oinarrizko soldata martxan jarri denetik, proiektuan parte hartu duten artistek hobeki egiten dute lo, eta estres gutxiago dute.

25 eta 34 urte arteko emakumezko dantzari migrante batena da lekukotza, kasu honetan: «Nire osasunak nabarmen egin du hobera: hori da aldaketa nagusietako bat, bai. Uste dut hobeki jaten ari naizela, buruz ere hobeki nago, eta lan egiteko dudan gaitasunean ere eragin du horrek. Lan gehiago egin dezaket, gehiago pentsa dezaket egiten dudanari buruz, eta irakurtzeko eta informatuago egoteko aukera ere badut orain»

Txostenean ikusten denez, kultura sortzeko aukera ere zabaldu egiten du oinarrizko soldatak. Eta ikerketan irakur daitezkeen elbarritasuna duen idazle ez-bitar baten hitzak dira horren froga: «Elbarritasun bat daukadanez, beti pentsatzen dut gehiago egin nezakeela, nahiz eta fisikoki ezinezkoa egiten zaidan. Muga bat izaten dut lanerako, eta hurrengo urtebetean bost liburu aterako dituztela aipatzen duten idazleak ikusten ditut, eta nik badakit urtean liburu bakarra atera ahalko dudala. Baina urtean liburu bakarra ateratzea ere zoragarria da».

Huts egiteko aukera

Txostenaren arabera, gainera, sortzaileak lanean gehiago kontzentratu ahal izan direnez, aukera gehiago izan dituzte lan aukera berriak aztertzeko. Proiektu handiagoei aurre egiteko gai sentitu dira. Ikerketarako denbora gehiago izateak euren lana hobetu duela uste dute. Arrisku handiagoak hartu ahal izan dituzte, eta oinarri ekonomiko hori izateak hanka sartu ahal izateko aukera eman diela sentitzen dute.

«Hobetu egin ditu gauzak». Hala laburbildu du aldaketa txostenean parte hartu duen 55 eta 64 urte arteko gizonezko zinemagileak. «Arriskuak hartzeko aukera eman dit, eta oso garrantzitsua da hori. Huts egiteari beldurra galdu diot. Oso garrantzitsua da hori ere, eta, beraz, bai, nire lanaren kalitatea ere hobetu du honek, zeren eta arriskuak hartzeko libre naizela sentiarazten lagundu dit».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.