Musika. HANNAH WILLIAMS & THE TASTEMAKERS.Diskoa:'I've Been Waiting' / 'Don't Tell Me & Deep Fried Funk'.Diskoetxea:Mondogreen.

Laba beroa

2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herrialde anglosaxoietakohip hop nerabe beltzak helduen mundua hankaz gora jartzen ari diren bitartean —ikusi Los Angeles hiriko Odd Future kolektiboko Earl Sweatshirten Earl bideoklip zirikatzailea—, familia burges zurien seme-alabak soinu beltz zaharrekiko jakin-min ikusgarria erakusten ari dira; tartean, orrialde hauetatik igarotako Nick Waterhouse kaliforniarra eta Ingalaterra Hegoaldeko Hannah Williams & The Tastemakers. Bederatzi musikari horiek —tartean bi korista eta Hannah Williams abeslari bikaina— soul eta funk doinuak jorratzen dituzte, dotore. Orain arte hiru kantu biltzen dituen zazpi hazbeteko hau baino ez dute argitaratu autoekoizpenaren bidetik, baina neguan iraupen luzeko disko bat plazaratuko dute. Horrez gain, kontzertu guztietan sold out kartela eskegitzen dute.

Hala, single honek musika beltzaren planetan hautsak harrotu ditu, eta horren arrazoia Williamsen ahotsa da. Haren eztarriak sumendia dirudi, eta bertatik ateratzen den laba beroak Beyonce di-da frijituko luke. Izan ere, neskato gizen eta sexiak soul melodia eztiak xuxurlatzeko ahalmen ikaragarria dauka. Horren erakusgarri, A aldean jasotzen den I've Been Waiting doinua, gitarraren eta haize atalaren apaindurekin jantzita —ez galdu, halaber, YouTuben entzun daitekeen Etta James-en At Last! doinuaren bertsio hunkigarria pianoarekin lagunduta—.

B aldea, berriz, kartsuagoa da, funk erritmoetan kiskalitako bi harribitxi dantzagarri biltzen baititu: batetik, Don't Tell Me iradokitzailea, eta, bestetik, diskoko kanturik biribilena, Deep Fried Funk. Williamsek sukaldeaz erreta dagoela aldarrikatzen du oldarkor bongo hotsez inguratuta, bateriak eta gitarrak kantua ñabarduraz josten duten bitartean. Bi piezatan The Testmakers ondo olioztatuta ari dira, James Brownen The J.B.'s-en antzera.

Binilo xerra mamitsu hau neguarekin etorriko den iraupen luzeko diskoaren aurrerapen bero-beroa baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.