Komikiaren mundua «esploratzea» izango du xedeetako bat urriaren 29tik azaroaren 12ra Donostian egingo den Komikilabea egitasmo berriak. Donostia 2016 Europako kultur hiriburuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin antolatu dute, «komikiaren mundua ikuspegi desberdinetatik jorratu» ahal izateko. Hasieran, komikigintzaren esparrua lantzeko ardura Zapart jaialdiaren eskuetan utzi nahi izan zuen Donostia 2016k, eta marrazkilarien elkarteekin jarri zen harremanetan horretarako, «baina parte hartzaileen interesak desberdinak ziren, eta nork bere bidea hartzea erabaki genuen», adierazi zuenPablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariak. «Ideia birpentsatu» eta udaberritik udazkenera atzeratzea erabaki zuten: «Emaitza hobetu egin dugu horrela, diputazioarekin elkarlana hasi baikenuen, eta hiriko beste hainbat eragilerekin lan egin ahal izan baitugu». Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi zuen komikigintzarekin lotuta Gipuzkoan «inoiz egin den egitasmorik garrantzitsuena» izango dela Komikilabea, eta asmoa adierazi zuen «datozen urteetan ere antolatzen jarraitzeko». 2004an Donostian bertan zabaldutako Komikigunean egin zituzten hitzok, atzo goizeko aurkezpen ekitaldian.
Ia bi astez, Donostiako hainbat kulturgunetan, komikigintzarekin lotutako ekitaldiak egingo dira —erakusketak, tailerrak, hitzaldiak...—,bi ardatz nagusitan banaturik. Lan lerro nagusietako bat fikzioari lotutakoa izango da, fantasiazko generotik gertuago egongo dena, eta bestea, fikziozkoa ez den sorkuntzarekin: «Pentsamendu kritiko eta erreflexiboa garatzeko egokia da bigarren ildo hori, eta beste formatu batzuekin du harremana: saiakera, kazetaritza eta dibulgazioarekin, esaterako», antolatzaileen hitzetan.
Hainbat egile ezagunek beren azken lanak aurkeztuko dituzte Komikilabean. Nina Bunjevac ilustratzaile kanadarrak, esaterako, Fatherland(2014) aurkeztuko du. Susanna Martin ilustratzaile kataluniarrak, berriz, Gaza Amal lana ekarriko du. Antonio Altarriba gidoilari espainiarrak eta Joaquim Aubert Puigarnau Kim marrazkilari kataluniarrak elkarrekin egindako El arte de volar (2009) eta El ala rota (2016) lanak aurkeztuko dituzte. Lehenarekin, Espainiako Komikigintza saria irabazi zuten. Bi egileek XX. mendeko Espainiako historia politikoaren errepasoa egiten dute lan diptiko horretan.
Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak Zarrakalmada (2016) azken lana aurkeztuko du Okendoko kultur etxean, Igor Leturia komikizaleak gidaturiko solasaldi batean.
Emakumeak ugari
Lehen Komikilabeak «tarte eta arretaberezia» eskaini nahi die emakumezko komikigileei, eta genero ikuspegiak tokia izango du egitarauan bertan. Ainara Aspiazu Axpi ilustratzaileak emakumeak komikiaren munduan duen presentzia aztertuko du Superwoman. Ohiko ikuspuntuari begirada berria izeneko tailerrarekin. Susanna Martinek, berriz, komikiaren alderdi sozialago bat landuko du, garabidean diren herrialdeetan komikiak izan dezakeen hezkuntza balioa mahaigaineratuz.
Erakusketak ere egitarauaren osagai garrantzitsu izango dira. Adibidez, azaroaren 5etik aurrera, Nina Bunjevacen Fatherland lanean oinarrituriko erakusketa hartuko du Komikiguneak, eta, bestetik, Kaxilda liburu dendak Javier De Isusi bizkaitarrarenAsylum (2015) lanean oinarrituriko erakusketa hartuko du. Errefuxiatuen inguruko lan laudatua da Asylum.
Donostiako Kultura eta Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astea, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Kutxa Kultur, Kunshtal diseinu eskola eta Kaxilda liburu denda ere proiektuaren antolakuntza kide dira, eta guztiek txertatuko dituzte Komikilabearen zenbait ekitaldi beren egitarauetan.
Labe bete komiki
Komikilabea egingo dute estreinakoz, urriaren 29tik azaroaren 12ra, Donostia 2016ren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu