Laboa eta Artzeren 'Ikimilikiliklik' saioaren grabazio bat topatu dute

Elkar argitaletxeak eman du argitara, CD bikoitz batean, eta udazkenean aterako dute LP bikoitza

Inigo Astiz
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Ikimilikiliklik». Beste hamaika bobina, liburu, kasete eta orri solteren artean, boligrafoz idatzitako hitz bakar hori zuen bobina bat ere topatu zuten Elkar argitaletxeko kideek, Joxean Artze zenaren etxean. 2018ko urtarrilean hil zen poeta eta txalaparta jotzailea, eta urte bukaeran hasi ziren material hura guztia antolatzen eta digitalizatzen. Hitz bakar hark arreta piztuta, bobina huraxe izan zen estudioan entzun zuten lehena. Justifikatuta zegoen interesa. Ez Dok Amairu bereizi ostean Mikel Laboak eta Joxean eta Jesus Artze anaiek 1975etik 1978ra bitartean hainbat lekutan taularatutako Ikimilikiliklik ikus-entzunezkoaren zuzeneko grabazioa baitzen. «Altxor bat», argitaletxeko ordezkariek azaldu dutenez. «Garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla zen zuzeneko hura». CD bikoitz batean argitaratu dute orain, eta LP bikoitz batean kaleratuko dute udazkenean.

Xabier Montoia idazle eta musikariak idatzitako hitzaurrea ere gehitu dio Elkar argitaletxeak publikazioari. «Bi disko hauek gordetzen dutena, garai bateko giroaren lekukotza adierazgarria izateaz gain, kultura baten berpizkundearen isla izateaz gain, hasieran uste nuen bezala, beren sorkuntza gorenean zeuden hiru artista handiren lan zintzoa baita, oroz gain». Montoiak deskribatzen duenez, publikoaren oihuekin hasten da grabazioa, garai hartako aldarri politikoekin; pixkanaka agertzen da txalaparta, eta gero Laboaren ahotsari bide eman. «Hala, ahots aratz bat entzun zen txalaparta isildutakoan, ur garbi baten jario apala irudi: xori erresiñula... Aski. Istantean denok sorginduak».

Izarren hautsez dataturik

1975ean estreinatu zuten emanaldia, Algortan (Bizkaia), eta 1978an taularatu zuten azkenekoz, Parisen. Eta grabazioa 1975ekoa edo 1976koa dela ondorioztatu dute argitaletxeko kideek. Izarren hautsa abestiak eman die pista. Argitaletxeko ordezkariek zehaztu dutenez, oraindik «biribildu gabe» dagoelako grabazioan, eta bukaerako zati instrumentalik ere ez duelako. Eta hala kantatu ohi zuen Laboak 1975 eta 1976 bitartean. Halere, ezin izan dute jakin grabazioa zehazki non egindakoa den.

Poesia, musika eta proiekzioak uztartzen zituen emanaldi hark. Joxean Artzek egin zituen muntatze lanak. Laboak, kantu tradizionalak ez ezik, autore garaikideen poemak ere musikatu zituen: Artzeren zazpi poema, Leteren bi eta Brechten bat, tartean. Bi pieza esperimental eta instrumental bat ere gehitu zituen. Artze anaiek txalaparta ere jotzen zuten, Bixente Karda aritu zen argi teknikari, Jose Luis Zumetak margotu zituen programetan eta proiekzioetan ikusten ziren txoriak, eta Jose Luis Zabalak egin zituen soinu-teknikari lanak, eta hari esker existitzen da grabazioa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.