Labriten eta Labriterako egina

Kukai dantza konpainiaren 'Jazoerak' emanaldia egingo dute bihar Labrit frontoian, Iruñeko 1972-2022 Topaketen barruan. Beste diziplina batzuetako hainbat artista ere arituko dira

JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Labrit frontoian inauguratu zituzten 1972ko Iruñeko Arte Topaketak. Nola, eta pilota partida batekin, Xabier Morras margolariak joan den igandean BERRIAn oroitarazi zuenez. Soinuak, mugimenduak eta gorputzak gogoan, «ballet bat» zirudiela erantsi zuen artistak. Bada, 50 urte geroago, dantzariek hartuko dute Labrit oraingoan, urteurrenaren harira Iruñean egiten ari diren 1972-2022 Topaketetan. Kukai dantza konpainiak Jazoerak erakutsiko du bihar, 21:00etan, Labriten bertan eta Labriterako sortutako emanaldi bakana; bihar baino ez da izango saioa ikusteko aukera. Beste hainbat artista lagun izango dituzte Kukaiko kideek, eta hainbat diziplina uztartuko dituzte denen artean.

Jon Maia Sein Kukaiko zuzendari, koreografo eta dantzariak uste du 1972ko topaketek arrastoa utzi zutela. «Hasieratik pentsatu genuen 1972. urtean Labrit frontoia oso leku berezia izan zela, oso enblematikoa; hainbat gauza gertatu ziren bertan. Orduan, lanari bertatik ekitea polita izango zela iruditu zitzaigun. Gainera, egitarauan ez zegoen aurreikusita bertan bestelako ekitaldirik egitea». Tokia, Labrit bera izan zen taldekideek egin zuten lehen hautua, eta pilotalekua izan da ikuskizuna irudikatzeko abiapuntua eta ardatza ere. «Pentsatu genuen ezin genuela egin biran daukagun ikuskizunen bat edota gure ohiko emanaldiren bat, baizik eta hara joan, eta, toki hori erabilita, arte topaketen oinarri nagusiekin bat egiten zuten edukiak proposatu behar genituela».

Horregatik, eta topaketen espirituari segika, «lengoaia ezberdinen arteko topaketa bat» sortzen saiatu direla azaldu du Kukaiko zuzendariak, eta, hala, dantza, musika, poesia eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituela emanaldiak. Halaber, «lekuan lekuko artistekin lankidetzan» aritu nahi izan dute, eta «elkarrizketan» jarri, «berdinetik berdinera, kultura tradizionala eta garaikidea.

Iparrorratz horiekin sortu dute, beraz, emanaldia. Eta, horregatik, Kukairen lana «oso presente» egongo bada ere, beste hainbat sortzaile eta beren ekarpenak ere bilduko ditu saioak: Erramun Martikorena kantaria, Iruñeko Duguna dantza taldeko kideak eta Paz de Ziganda abesbatzakoak arituko dira, besteak beste, baita Idoia Hernandez Hatxe musikaria ere, zeinak Hedoi Etxarteren poema bat musikatuko duen.

Jazoerak izenaren pean bildu dituzte ikuskizuna osatuko duten osagai guztiak; konpainiaren ibilbideko momentu desberdinetako gertaerei, Iruñeko duela 50 urteko eta egungo topaketei, eta emanaldian sortuko diren momentuei egiten dielako erreferentzia, besteak beste. «Gurutzatze asko daude, eta iruditzen zitzaigun ongi egokitzen zela».

Kantxa, publikoarentzat

Iruñean hainbatetan izana da Kukai konpainia bere lanak aurkezten; Ziudadelan, Gaiarre antzokian, Baluarten eta beste hainbat gunetan dantzatu izan dira urteotan. Labriten, baina, lehen aldia izango dute. «Nik uste dut topaketa hauetan jada tokatzen zela toki horri ekitea eta publikoari esperientzia bat proposatzea».

Pilotalekuetan ere sarritan aritu izan dira beren ikuskizunak erakusten, eta tokira egokitu izan dituzte obrak halakoetan. Baina prozesua desberdina izan da oraingo honetan, Maiaren hitzetan: «Kasu honetan, uste dut berezitasuna izan dela orain arte frontoia izan dela kasik edukiontzi bat, han muntatu izan dugula agertokia, eta abar... baina, kasu honetan, begirada frontoitik datorrela».

Maiak dio Labritek, guneak, «erabateko» eragina izan duela emanaldiaren izaeran; bertatik abiatu dira saioa sortzeko, eta berariaz bertan erakusteko ondu dute. «Azkenean, egin genuena izan zen bertara joan, eta, bertan geundela, hasi pentsatzen zer egin nahi genuen, zer eduki jarri gune horren barruan, nola erabili toki hori. Helburua ez zen ikuskizun jakin bat han antzeztea, baizik eta Labritetik begiratu, eta gure baliabideekin han zer egin genezakeen pentsatzea».

Kukairen obra batzuetako pasarteak eta elementuak ikusi ahal izango dira saioan, baita beste artistekin elkarlanean garatuko dituzten uneak ere. «Esan dezakegu gutako bakoitza gure ohiko lanetik gertu arituko garela, baina, kasu honetan, erabat egokitzen garela gunera. Sorkuntza lan berri bat baino gehiago da egokitzapen bat eta horren gauzatze bat gune berezi horretan». Eta berezia izango den beste ezaugarri bat ere aurreratu du: ikusleak ez dira harmailetan eserita egongo, kantxan baizik. «Publikoa Labritera sartzen denean, kantxan egotera gonbidatuko dugu, eta frontoiko txoko desberdinetan emanaldiak gertatzen hasiko dira».

Labriten ikuskizuna irudikatzen eta prestatzen jardun ostean, egunotan Errenterian (Gipuzkoa) aritu dira entseatzen. Errepertorioa beste artistekin batera aukeratu zuten, eta «etengabeko harremanetan» izan dira ordutik. Dena prest behar dute honezkero bihar Jazoerak erakusteko.

'JAZOERAK'

Noiz. Bihar, 21:00etan.

Non. Iruñeko Labrit pilotalekuan, 1972-2022 Topaketen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.