‘Promesarik txikiena’
Ideia: Infinitudrama. Zuzendaritza: Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro Larrea. Antzezleak: Maite Aizpurua, Intza Alkain, Maiana Etxeberri, Ane Garcia Lopez. Lekua: Villabona-Amasako Gure Antzokia. Eguna: Otsailaren 6a.
Asko eskertzen ditugu teatro dinamika errepikatzaileari haustura freskoa ekartzen dioten antzezlanak, eta horrelako bat ikusteko parada izan genuen lehengoan Villabonan. Dohatsua suertatu da, beraz, proposamen apurtzaile eta bizi hau ontzeko sortu den aliantza. Hala, Infinitudrama taldean Intza Alkain (Formol), Maite Aizpurua, Maiana Etxeberri (Altxalili) eta Ane Garcia Lopez (Mejillon Tigre) elkartu zaizkigu, gure gozamenerako. Horri gehitzen badiogu zuzendari laguntzaile gisa Edurne Azkarate ibili dela eta testuarekin Eider Perez, Promesarik txikiena bilakatzen zaigu 1990eko hamarkadan jaiotakoen sormen lanaren adibide ahalduna. Halaber, bidaide izan dituzte aurreko belaunaldiko zenbait: Matxalen de Pedro gidaritzan, Idoia Beratarbide (Metrokoadroka) jantzietan eta ATX antzerkia eszenografian, besteak beste. Koktel ederra ondu digute, ondo gozatzekoa benetan.
Antzokia jende gaztez ia beteta dago. Gaia? Lagun izatea zertan datzan, zein izan litekeen adiskideei egin diezaiekegun promesik txikiena. Horren inguruko minak, kezkak, oroimenak, haserrealdiak eta pozak, gaizki-ulertuak nahiz konexio uneak. Egun, maitasun erromantikoa sinesgaitza bihurtu zaigun honetan, bada pentsamendu korronte bat lagunen arteko harremanari betikotasuna eta egokiera osoa atxikitzen dizkiona. Mintzagaiak badu garrantzia, bereziki, zaintza mihi puntan egunerokoan izaten dugun honetan, ardura afektiboaz gelditzeke mintzatzen garen aroan. Baina adiskidantzaren erromantizazioan ez al gara erortzen ari? Erantzunaren xerka abiaturik, Infinitudramak herritarren testigantzak jasota albaindu du pieza, eta umorez zein abestiz gatzozpindu.
Eszenatokian buru berokia soinean azaldu zaigu lagun ezkutua dela aitortzen duena. Aztoratzailea da, eta are aztoratzaileagoa altzoan daraman globo zeharrargitsu moduko objektua: batetik, apurtu egingo dela ematen duelako; eta, bestetik, itxura organikoa antzematen zaion arren, ez diogulako tankera zehatzik harrapatzen. Asmazio ederra izan da horren presentzia.Â
Ezagutzen dut nik musika eta kantu gutxiagorekin musikal moduan aurkeztu den antzezlanik. Promesarik txikiena-n abesti ugari daude primeran exekutatuta. Ahotsen erabilera oso zaindua garatu dute obra osoan, bolumen gozoa, artikulazio ederra, solaskidearen erantzunetarako errespetuzko tarteak. Baina horretaz gain, bozen desitxuratzearekin biziki jolastu dira. Ni nago, nahi izanez gero, laukote honetako bakoitza gauza dela euren presentziarekin besteen argia itzaltzeko. Baina ez da horrela gertatzen, oreka eta finezia dute entseina, kontentzioa ezaugarri. Asier Renteriaren soinu banda indartsua nabarmentzekoa da, eta atrezzoaren aukeraketa, txalotzekoa, guztiz efikaza. Â
Promesarik txikiena antzezlana Adiskideei abisatzeko izeneko karpetan apuntatu dut, nire garuneko disko gogorrean grabatu ostean. Beraz, lagunok, badakizue, hortxe gomendioa, hortxe gonbita izarren konstelazio hau ezagut dezazuen.Â