«Trikiti munduan erreferente handia izan da Laja, bada oraindik, eta izango da gerora ere». Halaxe justifikatu du Anjel Valdes musikan aditu eta Elkar argitaletxeko kide ohiak haren doinuekin ondu berri duten diskoa: Ordu txikitako saioak. Gaztetan hasi eta ia hil arte alaitu zituen plazak Iñaki Garmendia Laja-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1944-2019), pandero jole batek lagunduta sarri —besteak beste, Iturbiderekin, Landakandarekin eta Mikelekin osatu zuen bikotea—. Disko honetan, baina, biluzirik eta panderoaren erritmorik gabe ageri da haren musika.
Diskoaren izenburuak Lajaren lan egiteko moduari egiten dio keinu, hark desordutan, baserriko sotoan eta «oso modu domestikoan» grabatutako kaseteetatik atera baitute materiala. Trikitilariak ezin konta ahala grabaketa ordu eta seiehun doinu inguru utzi zituen zintatan, eta haien artetik berrogei pieza txukundu, «gaurko belarrietara egokitu», eta disko bikoitz batean bildu dituzte, ia zazpi urteko lanaren ostean. Gauzak ondo bidean, haren beste horrenbeste pieza argitaratuko ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak datorren urtean. Izan ere, doinu «argitaragarri» asko eta asko gelditzen dira oraindik kasete horietako erregistroetan. Valdesen aburuz, pena litzateke haiek plazaratzeko biderik ez aurkitzea: «Eredugarriak direla esango nuke, ez bakarrik soinu joleentzat, baita ikasten ari direnentzat ere. Lajaren sena, jotzeko modua, aldartea eta nortasuna erakusten dute, eta horrek sekulako balioa du».
«Etorri handia zuen aitak. Askotan, baserrian lanean ari zela, dena utzi, eta etxera joango zen korrika, grabatzera. Ordu erdi egin, eta buelta lanera»JOSE LUIS GARMENDIA, 'LAJA II.A' Trikitilaria
Alimalekoa zen Lajaren errepertorioa. Hiru egunez soinua jotzen aritu, eta pieza bat bera ere errepikatu gabe itzuliko omen zen etxera, ezagutu zutenen arabera. Eta horren erakusgarri da grabatuta utzitako zinta mordoa. Valdes: «Errepertorio alaia, errepertorio dantzagarria, errepertorio sentimentala.... denetarik zuen. Eta ez zuen konplexurik edozer jotzeko. Boladan zegoenari ere erne zegoen». Esan du, bestalde, printzipio sinple batek gidatzen zuela Laja: «Jendeak dantza egitea nahi zuen. Jendeak dantza egiten baldin bazuen, errepertorioa ona zen».
Haren seme Jose Luis Garmendia Laja II.ak aitortu duenez, Ramon Zubizarreta Landakanda pandero joleak bultzatuta hasi zen grabatzen Laja, eta ia egunero aritzen zen. «Etorri handia zuen aitak. Askotan, baserrian lanean ari zela, dena utzi, eta etxera joango zen korrika, grabatzera. Ordu erdi egin, eta buelta lanera». Lajak jada plazak utziak zituela, gomendio bat egin zion semeak aitari: «'Atera beharko zenuke azken disko bat bizirik diren pandero joleekin', esan nion. Pena dut hau atera bitartean mordo bat hil delako. Baina ez zen animatu. Ez zuen atzetik akuilurik izan nik izan dudan bezala [Valdesi begira]».
Zehaztapen bat egin du Valdesek: «Bazuen etorria eta sena, baina ez zitzaion ezer erori zerutik. Oso langilea zen». Hain zuzen, ordu luzeko lanketaren ispilu dira zintetako grabaketak: «Norberak bere buruarekin egiten dituen ahaleginak, kontrasteak eta zalantzak ageri dira. Batzuetan gelditu egiten da, edo erritmoa mantsotzen du. Beste batzuetan pieza beraren hiru amaiera ematen ditu».
«Diskoak aurreko mentalitate zaharreko garaia eta mundu modernoa islatzen ditu, bai eta herri musikaren alde egindako ahalegina ere»
ANJEL VALDES Musikan aditua
Bi mundu lotuz
Valdesek bi aroren arteko zubitzat dauka Laja: «60ko eta 70eko hamarkadetan, Laja hazi zen garaian, pentsa zer nolako kultur aldaketa gertatu zen Euskal Herrian. Eta Laja han zegoen». Transformazio hura irudi batera ekarri nahian, 1976an Donostiako Belodromoan egindako 24 orduak euskaraz jaialdia hartu du hizpide. «Aldaketaren alde egindako mugimendu osoa batu zen han: Benito Lertxundi, Mikel Laboa... Baita trikitilari garrantzitsuenak ere. Imajinatzen dut Laja gaztea hango oihu eta bihotz taupada artean bere kalejirarekin sartzen. Ikaragarria izango zen». Bada, jaialdi hark erakutsi zuen giro bertsuan definitu du Ordu txikitako saioak diskoa: «Aurreko mentalitate zaharreko garaia eta mundu modernoa islatzen ditu, bai eta herri musikaren alde egindako ahalegina ere».
Diskoak «amets bat» mamitu duela azaldu du Laja II.ak: «Bost minutu baldin bazituen, 'Umeok, etorri' esaten zigun anaiari eta bioi, eta pieza berriren bat erakusten zigun. Etxean horrelako maisu bat izanda, baneukan zor bat. Oraindik material mordo bat gelditzen da, baina honekin lasaiago gelditzen naiz». Aitortu du, gainera, betidanik izan zuela zinta horien berri, baina ez zekiela justuki zer egin. Beretzat hartu eta aprobetxatzea bururatu zitzaion lehenik —«baina zeuden bezala ezin nituen jo, eta ez nuen aitaren lana horrela aprobetxatu nahi»—, baita nola hala zabaltzea edo argitaratzea ere, eta azkenik Elkar argitaletxeko Andres Camio Jitu-rekin eta Anjel Valdesekin aurkitu zuen konponbidea. Zazpi urte eman dituzte horretan, hasieran «lantsu» eta «korapilatsu» zirudien prozesua bide lau eta aske bilakatu den arte.