Lalo Schifrin musikari argentinarra (Buenos Aires, 1932) hil da, 93 urte zituela. Konpositorea, pianista, orkestra zuzendaria eta moldatzailea izan da besteak beste, baina batez ere Ameriketako Estatu Batuetako hainbat filmetako eta telesailetako soinu bandak egiteagatik bilakatu da ezagun mundu osoan.
Argentinako Kultura Idazkaritzak ohar baten bidez jakinarazi du albistea: «Argentinar konpositore eta pianista ospetsua gaur hil da, Los Angelesen, 93 urterekin [...]. Mito bat da, konposizio bikainak egiteagatik eta bere obran hizkuntza eta genero musikal askotarikoak maisutasunez sintetizatzeagatik».
Piano ikasketak egin zituen txiki-txikitatik, eta gaztetan Parisera jo zuen, konposizioa ikastera. Gerora, 50eko hamarkadan, Dizzy Gillespie tronpeta jotzaile ospetsua ezagutu zuen, eta hark egin zion AEBetara lanera joateko gonbita. Horrek ateak ireki zizkion, eta nazioarteko hainbat artistarekin lan egiteko aukera eman zion. Jazz musikari moduan, adibidez, hainbat artistarekin kolaboratu zuen. Besteak beste, Gillespierekin berarekin, Sarah Vaughanekin, Ella Fitzgeraldekin, Stan Getzekin eta Count Basierekin.
Batez ere soinu bandetan egindako ekarpenagatik egin da ezagun Schifrin. Hauek dira konpositore argentinarrak sortu dituen soinu banda ezagunenetako batzuk: Mission: Impossible, Dirty Harry, Bullitt, The Cincinnati Kid, Mannix eta Starsky and Hutch.
Ibilbide luzeko artista izaki, hainbat aitortza eta sari jaso ditu. Besteak beste, bost Grammy eta lau Emmy. Max Steiner saria ere eman zioten, eta haren izena grabatuta dago Hollywoodeko ospearen pasealekuko izar batean. Gainera, azken aitorpen hori lortu duen argentinar bakarra da. Oscar sarietan ere ezaguna da haren izena. Sari hori inoiz jaso ez badu ere, sei aldiz egon da izendatuta. Hala ere, egindako ibilbidea aitortzeko, akademiak Ohorezko Oscar saria eman zion 2018an. Clint Eastwood zinema zuzendari ezagunak eman zion saria. «Haren musika estiloa paregabea da, eta soinu banden konposizioaren arteari ekarpen garrantzitsuak egin dizkio», goraipatu zuen Eastwoodek.
Hainbat jendek sare sozialak baliatu ditu konpositoreari azken agurra emateko. Ameriketako Estatu Batuetako Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak, esate baterako, ondorengo hitz hauek eskaini dizkio X plataforman: «Schifrinek ez zuen soilik musika idatzi; tentsioa sortu zuen, eta adrenalina piztu. Beti gogoratuko dugu taupada bakoitza zirrara eta isilune bakoitza suspense bihurtzen zuen konpositorea». Leonardo Cifelli Argentinako Kultura idazkariak ere konpositorea goraipatu du: «Haren talentuak hunkitzen eta berritzen jarraituko du, eta hori ospatuz nabarmentzen da sorkuntza artistikoa askatasun ariketa bat dela».