Xirribita, xirribika, arrabita, xirribista eta xirritona sinonimoak dira, eta antzinako hari instrumentu bat eta bera izendatzen dute. Musika tresna hori zer-nolakoa den ulertzeko, udare bat hartu, eta goitik behera ebaki. Bi erdietako bati mamia dagoen aldean hiru soka ipini, eta hori litzateke xirribita, formaz bederen. Biolinaren aitzindaria omen da musika tresna hori, eta oraintsutik aurrera, baita ipuin musikatu baten protagonista ere. Xirribit Euskal Barrok Ensenblek plazaratu du; zehazki, Miren Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) eta Enrike Solinis (Bilbo, 1974) taldekideek. Erlea argitaletxea baliatu dute horretarako; hain zuzen, bikoteak berak musika tradizionala sustatzeko eta haien lanak argitaratzeko sortutako editoriala da.
Xirribit baino lehen, Zeberiok eta Solinisek Euskelele ipuin musikatua eman zuten argitara, eta hartan bezala oraingo honetan ere Juan Kruz Igerabide idazleak ondu du ipuinaren mamia. Euskal mitologiak aparteko tokia du narrazioan, baita Erdi Aroko gorteetako zenbait ohiturak ere. Hain zuzen, ipuinaren harietako bat dantza maistra baten inguruan ardaztuta dago. Solinis: «Garai hartan, orkestra barrokoak makila batekin zuzentzen ziren, lurrean kolpeak emanez. Gainera, maisu edo maistra horrek biolin txiki moduko bat eramaten zuten aldean. Halaxe erakusten zituzten doinuak eta dantzak». Kasu honetan, gaurko orkestra zuzendariaren aitzindaria litzatekeen hori Ilargi da, eta patrikatik aterako duen arrabita, berriz, Xirribit iratxoa. Hantxe agertuko da Euskelele ere, Euskal Barrok Ensembleren aurreko liburuko iratxo musikaria. Haien misioa, lamina multzo bati dantzan eta kantan erakustea; harriz harri eraiki duten gazteluan bilduta daude, Udaberriri ongietorria egiteko gogoz.
Badu ipuinak historiari hartutako pasarterik ere, Jean-Baptiste Lully XVII. mendeko musikari frantsesari gertatutakoa pairatuko baitu Ilargi dantza maistrak: erritmoa markatzen ari dela, bere behatz lodietako bat jo, eta larriki zaurituko da. Halere, ipuinak ez du benetako gertaeraren amaiera dramatikorik. Lully gangrenak hartuta hil baitzen, 1687an, Parisen. Ilargi, berriz, lamiek salbatuko dute, sendabelarren bidez.
Narrazioaren beste hari batean, argazki kamera batek hartzen du garrantzia: haren fokupean hartutako objektu oro jan, eta horren tokian hutsunea uzten du kliska bakoitzean. Xirribitek argazki kamera horren barrunbeetan harrapatuta amaituko du; eta kamera bera hark sortutako hutsune batetik eroriko da, Xirribit barruan duela. Lamien laguntzaz, Euskelelek aterako du Xirribit Lurraren sabeletik.
Plataforma guztietan
Narrazioaz harago, kontakizunaren lagungarri diren bederatzi abestien partiturek ematen dute arreta liburuan. Solinis: «Zenbait jendek partiturak eskatzen dizkigu, abestiak eskolara eraman nahi dituztelako, edo gitarrarekin jo ahal izateko. Horregatik sartu ditugu liburuan».
Izan ere, ezer baldin bada, batez ere entzuteko artelan bat da Xirribit, eta langintza horretan Euskal Barrok Ensenble osoak hartu du parte. Claudio Monteverdik Orfeoren alegia gaitzat hartuta sortutako operaren sarrerak ematen dio hasiera audio liburuari. Solinis: «Musika zertxobait aldatuta dago, euskal doinu batekin nahastu baitut. Halako gauzak egiten ohituta gaude». Monteverdik sortutako lehen opera hautatu izana ez da kasualitatea. Izan ere, argazki kameraren pasarteak alegia greziar horren oihartzunak ditu, aldez edo moldez.
«[Monteverdiren operako] Musika zertxobait aldatuta dago, euskal doinu batekin nahastu baitut»
ENRIKE SOLINIS Musikaria
Maika Etxekopar antzerkilari, kantari eta Euskal Barrok Ensembleko kideak egiten du kontalariarena; nola hitzez hala kantuz, haren ahotsak gidatzen du ipuina, orkestraren laguntzaz.
Baina doinu guztiak ez dira antzinakoak edo antzinako doinuen bertsioak. Solinisek propio sortutako melodiarik ere bada Xirribit-en. Bestalde, tokian tokiko abesbatzekin, musika eskoletako ikasleekin zein dantza taldeetako kideekin batera aritzen dira emanaldietan.
Audio liburuaren CDrik ez dute argitaratu oraingoan, baina nahi izanez gero, deskargatzeko moduan dago Erlea argitaletxearen eta Euskal Barrok Ensenblerenean webguneetan (www.erlea.eus eta www.ebe.eus, hurrenez hurren). Plataformetan ere osorik entzun liteke.
Aurreko lanen aldean, Xirribit «borobilagoa» atera zaiela iruditzen zaio Solinisi, bai narrazioaren aldetik, bai eta musikaren aldetik ere: «Antzinako musikaren koloreak ditu, eta Juan Kruzekin [Igerabide] gauza asko barneratu ditugu. Gainera, mezu txiki bat ere badu».