Langileen aldeko ereserkia, osorik

Urteetan desagertuta egon eta gero, Gabriel Arestiren 'Internazionala' olerkiaren bertsio osoa berreskuratu eta aurkeztu dute Iruñean. Gaur 90 urte bete dira Aresti jaio zela

Karmelo Landa eta Hedoi Etxarte, atzo, Iruñeko Katakraken. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun


Ereserkitzat du langile mugimenduak L'Internationale kantua. Eugene Pottier politikari eta olerkariak idatzi zuen, frantsesez, 1871. urtean, eta, gerora, mundu osoko hizkuntza askotan abestu izan da. Tartean, euskaraz. Gabriel Arestik itzuli zuen jatorrizko testua euskarara, baina, orain arte, haren bi ahapaldi baino ez ziren ezagutzen. Karmelo Landa historialariak gidatu duen talde batek euskarazko olerki osoa berreskuratu duen arte. Atzo aurkeztu zuten, Hedoi Etxarte gidari zela, Iruñeko Katakraken, idazlearen jaiotzatik 90 urte bete direla aitzakiatzat hartuz.

Ikusi gehiago:Hedoi Etxarteren iritzia: 'Nire Gabriel Aresti'

Parisko Komunaren garaian sortu zuen jatorrizko testua Pottierrek. Urte hartan, altxatu egin zen Parisko eta Frantziako gizartea, eta, 72 egunez, gobernu alternatibo bat sortu zuten; 1871ko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra. Historiako lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen, baina gobernuak, komuna hori begi onez ikusi ez zuenez, aurkako setioa abiatu zuen: hiria gupidagabe bonbardatu zuten, eta errepresioa izugarria izan zen. «Horietako batzuk, baina, errepresiotik ihes egitea lortu zuten; Pottierrek, kasurako. Eta hala sortu zuen L'Internationale olerkia», zehaztu du Landak.

Gerora, Arestik, bi aldiz itzuli zuen Pottierren olerkia. 1960ko hamarkadan idatzi zuen aurreneko bertsioa: «Jesus Mari Begoña euskal presoaren eskaria izan zen: Natxo de Feliperen bitartez, Arestiri eskatu zion L'Internationale-ren zati bat euskarara itzultzeko; epaiketan abestu nahi izan zuen», azaldu du Landak. Hala ere, ez zuen testua bere horretan euskaratu: «Urgentziazko bertsio bat izan zen, oso laburra, ez dauka lotura esturik jatorrizko testuarekin». Hala dio: «Zutik munduko langileak/ garai dezagun gosea/ odoltzaren ondoan sarri/ datorkigu asea!/ Burjesiaren hilobitzat/ zabal dezagun lezea/ harekin ehortziko dugu/ eman daukun oinazea./ Gora herri-artea/ agintera zuzen/ gure azken gerra/ bizkor etorri zen/ oihuaren ederra/ garbi eta hozen!/ Munduko langile guztiak/ bat egin gaitezen!».

Bigarren bertsioa, berriz, handik gutxira etorri zen. 1971. urtean, hain zuzen: «Jatorrizko testua oinarritzat hartuta, bertsio landuago bat egiteko eskatu zion Natxo de Felipek Arestiri». Material ugari igorri zion musikariak idazleari, eta, hala, testua «oso-osorik» euskaratu zuen idazleak: «Oso ondo landu zuen testua Arestik, euskara ederrean eta jatorrizko testua oinarri hartuta».

Lau urte eskasera hil zen Aresti, 1975eko ekainean. «Ordutik aurrera asko aldatu ziren gauzak; izan ere, urte hartan hil zen Franco ere». 1977. urtean hauteskundeak egin ziren lehenengoz, eta Euskadiko Ezkerra koalizioa horietara aurkeztu zen —EMK, EIA eta Euskal Komunistak taldeen batura zen—. «Kontua da ekainaren 12an ekitaldi bat egin zutela Bilbon, eta Arestiren Internazionala-ren bertsio osoa banatu zutela jendearen artean», kontatu du Landak.

Era berean, Euskaltzaindiaren Anaitasuna aldizkariak ere urte hartako urrian publikatu zuen euskarazko bertsio osoa. Patxi Gaztelumendiren argibideei esker eskuratu du orduko argitalpena lan taldeak. Hala dio: «Euskaldun sozialistok, besterik ezean, erdaraz kantatu behar ukan dugu Internazionala, gure lotsarako. Hori zuzendu nahirik, hementxe ematen dugu argitara Gabrielek egindako itzulpen zehatz, poetiko eta bikaina, guztiok, euskaldun sozialista garen guztiok behinik behin, ikas dezagun».

Gizarteratzeko asmoa

Orain arte, «ahaztuta» egon da Arestiren bertsio osoa: «Pentsa, Arestirena zenik ere ez zekien inork», esan du Landak. Bereziki, Maiatzaren Lehenean abestu ohi da, Langileen Nazioarteko Egunean, eta lehen bi ahapaldiak baino ez dituzte errezitatzen: «Horiek dira jendeak buruz dakizkienak, ikasteko errazenak direlako. Orain, baina, testu osoa berreskuratu dugu, eta hori itzela da». Aurrerantzean, olerkia euskal gizartean zabaltzea da asmoa: «Herri mugimenduei eta sindikatuei banatu nahi diegu, eurek erabil dezaten; guztiz galduta egon da, baina merezi du balioa ematea».

Zehazki, gaur bete dira 90 urte Aresti jaio zela: «Erreferentziako poeta da gaurko euskal kulturaren sisteman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.