Lantzirin sortu zena

Gexan Alfaro 'Lantziri' idazle eta kazetariak bere biografia idatzi du. 40 urtean idatzitako bertso eta olerkien hautaketa bat dakar liburuak

Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Istorio eta anekdota alaietan, eta bertso, kantu eta olerkietan osatu du Gexan Alfaro Lantziri-k bere autobiografia, Elkar argitaletxearekin publikatua. Lantziritik… Etxalaira… jarri dio izenburua. Elkarrek azken 50 urteetako ondare kulturala bildu nahi du eragile eta sortzaile izan diren herritarren bizipenen bidez. Hala azaldu du Peio Etxeberri Aintxart Elkarreko argitalpen zuzendariak. «Erraten den bezala, nora joan jakiteko, nondik etorri jakin behar da». Haren ustez, ezinbestekoa da memoria atxikitzeko.

Alfarok kapituluka banatu ditu bere bizitzako pasarteak, haurtzarotik gaur egun arte, 30 orotara. Azkenekoan, 40 urtez, 1967tik 2008ra idatzitako olerki, kantu eta bertsoen hautaketa egin du. Aintxartek aipatu bezala, eragile politiko eta kultural izateaz gain, sortzaile ere izan baita: bertsolari, kantugile eta idazle, alegia.

Hamazazpi seme-alabaren arteko zazpigarrena da Alfaro. Hala hasi du kontakizuna, Lantziri etxaldeko bizitzara eramanez irakurlea. Bere gurasoen istorio labur bat emateaz gain, hango errutinak eta eginbeharrak azaldu ditu, eta oroimenean dituen umorezko pasarteak kontatu.

Herriarekiko eta euskal kulturarekiko engaiamendua dira liburuaren muina. Haren bizitzaz idatzi zuenean haren lagun Daniel Landartengana jo zuen, «idazle on baten» iritzia nahi zuelako. Hark egindako oharrei jarraituz, bere bizitzako hainbat esperientziatan sakondu zuen Alfarok. Lantziri laborari etxaldeaz idatzi du, preso egondako garaiaz, baita bere sinesmenez ere. Kristau sentitzen bada ere, aitortu du kritika zorrotzak egin dituela Elizaren aurka.

Eskola frantsesera joan eta han euskara nola zen jazarria aipatzen du. Ez zuten aukerarik euskaraz ikasteko, eta, are, zigortu egiten zituzten euskaraz hitz egiten harrapatuz gero. Seminariora bidali zuten gerora, eta tirabiraren bat ere izan zuen apaizekin euskararen alde ateratzeagatik.

Baionan Elkar argitaletxea sortu zuenetariko bat da. Erasoak jasan behar izan zituzten, baina, guztiaz gaindi, aurrera jarraitu zuten argitaletxearekin. Seaskaren sortzean ere ez zen falta. Patxika Erramuzperekin ezkondu, eta izan zituzten seme-alabak lehenengo ikastoletara eraman zituzten. Liburuan aitortu du Erramuzpe seme-alabekin geratu izanak —ofizioa utzi baitzuen haurrez arduratzeko— bide eman ziola Seaskan gehiago militatzeko. Lehendakari ere izan zen urte batez.

Preso egondako garaia ere bildu du liburuan. Izan ere, Hegoaldeko errefuxiatuak etxean hartzeagatik hamalau hilabete egin zituen Fleuryko presondegian.Idazteari ere emana da Alfaro. Artikuluak idatzi ditu euskal hedabideetan, eta liburuak kaleratu ditu.

Kontent dago eginiko lanarekin, eta ez du arazorik istorio bat bestearen atzetik gogoratzeko. Gustuz kontatzen dizkie ingurukoei. Baina harago joan nahi izan du, eta ezaugarri berezi bat du liburuak: lapurterazko hitzak batuaz adierazi ditu parentesi artean. Bere estiloa galdu gabe, jendeak uler dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.