EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu zuten Aziti Bihia elkartea, duela bi urte. Elkarteko kide Borja Ariztimuñok, Udane Atutxak, Dorota Krajewskak, Urtzi Reguerok, Ekaitz Santaziliak, Oxel Uribe-Etxebarriak eta Eneko Zuloagak osatzen dute proiektuan lanean diharduen taldea, eta duela hilabete batzuk hasi ziren Doctrina Christiana-ren 1623ko bigarren edizio kritikoa prestatzen. Ikerketan, besteak beste, Oxfordeko Bodleian Libraryn gordetzen den ale original bakarra kontsultatu dute ikerlariek, baita beste zenbait liburutegitan barreiaturik dauden edizioen kopiak bildu ere. Dorota Krajewska taldekideak aurkitu zuen, bigarren edizioan lanean zebilela, 1617ko lehen edizioaren ale bat, Danimarkako Errege Bibliotekan.
Esteve Materrak idatzitako Doctrina Christiana 1617an eman zuten argitara, Bordelen. Horrela eman zitzaion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan –besteak beste, Pedro Agerre Axular urdazubiarraren Gero-n– erabiliko zen euskalki literarioari (lapurtera klasikoa).
Lapurtera klasikoaren opera prima hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetarik ere bada, haren aurretik hauek baino ez ditugu: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), Leizarragaren Testamentu Berria, Kalendrera eta ABCa (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), Refranes y Sentencias errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina gaur egun galdua. Materrarenak harrera bikaina izan zuen, eta frankotan berrargitaratu zuten, aldaketa sakonekin, ondorengo hamarkadetan. Edonola ere, zeharkako aipuen bidez lehen edizioa 1617koa zela jakin arren, haren eduki eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat: XVIII. mendean, Manuel Larramendik lehena ez beste edizio bat izan zuen esku artean; Julien Vinsonek galdutzat jo zituen lehen edizioaren ale guztiak, XIX. mende bukaeran argitaraturiko euskal klasikoen bibliografian; garai modernoagoetan, Oxfordeko 1623ko bigarren edizio aski moldatuaren eta zabalduaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizio modernoak izan dira Materraren obraren inguruan egindako ikerketa guztien oinarria.
Esteve Materraz gauza gutxi jakin da orain arte. Kontrarreformaren garai gorenean, Gaskoiniatik Lapurdira bidali zuten, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz, eta Ipar Euskal Herrian eman zituen urte gutxi haietan euskara ikasi zuen, Saran, baita dotrina euskaraz idatzi ere.