Eñaut Etxamendi

«Euskara da euskaldunen aberria, eta balio du beste hizkuntzen barnatzeko»

Euskararen eta hizkuntza indoeuroparren ahaidetasuna ikertu du Etxamendik 26 urte hauetan, hitzen erroetara joanez.

Eñaut Etxamendi kantaria. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2023ko urriaren 27a
10:59
Entzun

Hikuntzalaritza tesia 2007an defendatu zuen Eñaut Etxamendik (Ezterenzubi, 1935), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Euskera-erdarak: basque et langues indo-européennes: essai de comparaison izenburua duen ikerlanak. Idazle, kantari, irakasle gisa ezagun egin zen Etxamendi, baina azken urteetan euskarak hizkuntza indoeuroparrekin duen ahaidetasunaz egin lanengatik agertu da. Bi liburu argitaratu ditu, Fina eta Txomin Davantekin eta Roger Courtoisekin lankidetzan. Bata iaz atera zen: La langue basque. Gisement archeo-linguistique, frantsesez. Bigarrena, orain: El Euskera, ¿Lengua indoeuropea?, gazteleraz, Durangoko Azokarako. Biak, l’Harmattan argitaletxean. Beste bat bidean du, euskaraz: Eztabaida edo EHHE Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren gaitasun azterketa deituko duena. Beste lan handi bat ere hasia du latinaren hiztegi etimologikotik abiaturik. Paper, dokumentu eta liburu potoloz inguraturik mintzatu da bere lanez. Badu 26 urte kasik egunero ikertzen ari dela.

Zer lanetan ari zara azkenaldian?

Lan luze baten egiten ari naiz. Latin etimologien hiztegia egiten ari naiz, lehen letratik azkeneraino. Erdia, nonbaitan, egina dut. Beste linguistek egin dituzten lanak ditut lantzen, baina disko gogorra etxeko edo ama hizkuntza [euskara] dudala buruan. Orduan, ikusten dudalarik latin edo greziera hitza garbi-garbiki bakarrik euskarak dezakeela ireki, orduan idazten dut.

Hainbesteren artean, adibiderik?

Eman dezagun, mingo [latinez]: erran nahi du pixa egin, ura isuri, ez dakite esplikatzen nondik heldu den. Erraten dute nola erkatu duten beste hizkuntza batzuekin eta nola gelditu diren mutu. Hitza dilindan utzi dutenez geroztik, ni entseatzen naiz euskararen disko gogorretik egiten. Mingo = mina kendu.

Begi bistakoa zaizuna ez dizute onartzen batzuek?

Alta, argi delarik. Oraino behar dira ikusi batzuk, holako seriosarekin erraten: «Etxamendik zernahi erraten du: euskarak ez du deus ikustekorik indoeuroparrarekin!».

Badituzu laguntzaileak ere.

Bai, Txomin eta Fina Davant; biziki-biziki laguntzen naute, eta haiekin, Roger Courtois, Wanadoo sortu zuena eta saldu, erretretan baita. Euskarari izugarriko ikusmina ekartzen dio. Bulgarizatzaile ona da. Linguista baten hizkuntza ulergaitza baita, ezartzen dute edozein irakurlek ulertzeko gisan. Izugarriko abantaila da, ezen lan egiten dudalarik hitza ezarri behar baitut zientifikoki kontrolagarri izateko gisan.

Zer metodo zientifiko erabiltzen duzu?

Lehenik, bada Meilletek zer erraten duen [Antoine Meillet, 1866-1936, filologo frantsesa] —hizkuntz erkaketaren sortzailea izan zen—: «Badira, beste senidetza bateko hizkuntzez inguratuak diren hizkuntzak, desagertu den senidetza bateko porroska isolatuak iduri dutenak, ez baitaitezke auzoko hizkuntzen taldean sartu, eta ez baitute beste hizkuntza ezagun bakar bat gogoratzen. Beren gramatika sistemak ez du beste hizkuntza bat berarekin adostasunik»; eta kasu, hau gehitzen du: «Ez zaigu halakorik seinalatu, segurik. Hala da euskararekin». Euskaltzaindikoek erranen dizute: «Meilleten adierazpenaz geroztik ez du inork harrapatu itxurarik euskararen eta indoeuroparraren artean».

Zuek zergatik erraten duzue hori ez dela hala?

Arrazoi franko bada, luzeegi balitzateke denen aipatzea. [Lehen hizkuntzalari alemanen ikerketetarik gaur arteko hizkuntzalaritza eztabaidak oinarri]. Aleman hizkuntzalari eta arkeologo horiek sortu zuten sekulako literatura eta hori sinetsi dute eskuen artean ditudan linguistek: Meilletek, Chantrainen ekipak [Pierre Chantraine] eta nik ukan ditudan unibertsitate irakasleek. Ez dute dudan ezartzen indoeuroparren kondaira. Erran behar da laneko teknikak ez zituztela orain ditugun bezalakoak. Hizkuntzen lantzeko bada Emile Benvenisten (1902-1976) metodoa —Meilleten eskolierra—. Hona bere tesi lana [erakusten du]; honek nau iratzarrarazi.

Zer du berezi Benvenistek?

Ikaragarriko kultura du: latina, grekoa, sanskritoa; eta aski hitz meta hurranduz batzuk-besteei, sortu du Erroaren teoria. Benvenisten ikerbidea zein da? Hartzen duzularik hitz bat, behar duzu hitz horren hizkuntza ahal bezain urrun jakin. Hortakotz da, euskaran xantza ikaragarria, eta Azkue batek egin duen lana, adibidez. Hitz bakar batzuk falta ditu, baina ez anitz. Ikerlan horretan ari denak behar du ustezko senide liratekeen hizkuntza horietan ere lanean ari izan. Eta so egin behar duen lehen gauza da: hitz baten egitura. Hitz hori osatuzkoa denez ikusi. Ikertu behar da baduenez aurrizkirik. Eta atzizkirik baduenetz. Atzizkitik segidan, baduenetz deklinabide isatsik. Benvenistek erraten du silaba bakarreko errorik baizik ez dela. Bi silabako ustezko erroa bada, erran nahi du atzizki bat badela.

Erro horren xerka joatea da, beraz, funtsa?

Aurrizki eta atzizki guziak kenduta erro hori nolakoa den ikustea. Silaba bakar hori, bi tema motetan agertzen dela dio. Lehen tema: bi kontsonante, artean bokal batekin. Bigarren tema: bokalak jauzi egiten du. Euskarak, kasik sistematikoki, lehen teman ditu erroak. Bakar batzuk badira bigarren temakoak; ez biziki. Ene lanean giltza nagusia izan da lehen tema hori.

Maiz entzun da euskarak atzizkiak bazituela, bai, baina aurrizkirik ez baitezpada. Zuk diozu baietz.

Sekulako aurrizkiak badira euskaran. Ez latinez bezainbat, baina badira. Ezen, noizbait, duela menturaz bizpahiru mila urte euskara ez baitzen hiri handietan gelditu, hain segur. Menturaz, berrikiago ere da mendiko iheslari batzuen hizkuntza gelditu; feudalitateetarik ihes ziren jende batzuek dukete atxiki euskara. Ene iduriko Hegoko eta Akitaniako zelai handi horietan, ogi lekuak ziren horietan, feudalitatea egiten zuten lapur jaun eta jabetarik eskapo joanak.

Metodo horri esker, beraz, euskal hitzak giltzak zaizkizu beste hizkuntzekiko ahaidetasunen erakusteko. Hitz horien irekitzeko balio zaizula diozu.

Oztopo, arazo, herstura horiek guziak behar dira gogoan atxiki euskara beste hizkuntzekin erkatzen duzularik. Eta orduan ohartzen zara gauza bera dela. Irakaslerian pixka bat gora joaten diren euskaldunek behar lukete hobeki landu indoeuropar hizkuntzei buruz egina izan dena. Latinari eta grezierari buruz bada hainbeste lan eginik.

Zure ikuspegiak bat eginen luke hizkuntza ama bakarraren teoriarekin?

Hemen baduzu ikaragarriko lana horri buruz. [Jean-Paul Demoule, arkeologo eta aurre historialari frantsesaren liburua erakusten du: Mais où sont passés les Indo-Européens ? (Nora joan ote dira Indoeuroparrak?)]. Honek erraten du, edozein gisaz, hizkuntzak mintzaira bakar baten umeak direla. Erran nahi du jendea izugarri nahastekatu dela eta hizkuntza guziak kreolera batzuk direla. Latina eta greziera klasikoa barnatzen delarik ohartzen zara kreolera hutsak direla. Euskara ere bai. Badira hitz batzuk euskaran ezin direnak konparatu besteekin, non ez den beste horien hitz amak direla. Baina badira hala-hala euskaran hitzak ez direnak Iratiko jendeak eginak, baina mundu urbanotik jinak direnak.

Ikergaia ikusirik, zergatik zure liburuak frantsesez eta espainolez publikatu eta ez euskaraz?

Egin behar baitzen. Hau dut bakarrik publikatu euskaraz [eskupean duen Eztabaida izeneko inprimakia erakusten du], euskaldunendako; erran nahi baita isilpeko, nahita nahiez polemikoa baita.

Baina bertsio hori ez duzu argitaratua?

Nahi nuke prest ukan Durangoko. Ez liburu forman; liburu forman ezartzeko behar bailuke oraino sei hilabete. Hein horretan berean Maiatz-en [argitaletxea] nahi genuke publikatu. Izenburua da: EHHE Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren gaitasun azterketa. [Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa delarik Joseba A. Lakarrak, Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak egin eta Euskaltzaindiak argitaratu hiztegi etimologikoa].

Zer da zure helburua hainbeste urtetako lan sakon horrekin?

Nahi nuke begiak hetsi gabe aski arrasto utzi gure ondotik jinen diren gazte batzuk —gu baino argituago, azkarrago izanen direnak— ukan dezaten lokia; zirrimarra horiek ukan ditzaten. Horrek atxikitzen nau bizirik. Ez da bakarrik euskaldunak garelakoz baduela interesa, baina hainbestetaraino da altxor xoragarria! Euskaldun gazte batendako errazago izanen da beste hizkuntzez jabetzea. Gu bezalako populu ttipi bat, aski arazo baduguna —bi estatu astapito; kalitate handiak ere badituztenak—, gisa horretan bizi garenak, guhaurren jendeen laurden bat ez duena jabetzen gu herri egiten gaituena: erran nahi baitu hizkuntza. Behartuak izanen gara eleaniztunak izatera. Euskaldun batek, hemendik goiti, nahi baditu bere hizkuntza eta kultura atxiki, behar ditu beste hizkuntzak jakin.

Zuen lanak lagundu dezake horretara?

Pentsatzen dut lagungarri izanen dela. Eskolierrendako agertuko direla liburuak, haurrei biziki goizik hasteko euskararen beraren altxorra erakusten. Lehenik eta bat, ez daitezen izan ahalke aita eta ama xaharretarik heldu zaien euskaraz. Bestetik, erraza izan dakien beste hizkuntzen ulertzea, barnatzea. Euskaldunen aberria hizkuntza da, eta baliatzen ahal da beste hizkuntzak ontsa barnatzeko, eta horietarik hazteko gure kultura. Abertzale zahar baten ametsa duzu hau: guhaurren hizkuntza ontsa ezagutzea, irekitzea, erraztuko baitigu bidea beste hizkuntzei buruz.

Euskararen etorkizuna ez duzu ilun ikusten, ondorioz?

Ez da esperantza galdu behar. Balio du itxaropena atxikitzeak. Funtsean, ez da beste biderik: edo bere buruaz beste egitea —edo drogaz bere burua botatzea zulora—, edo itxaropena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.