Larrua proiektuak ‘You have an inner world, so what?’ dantza ikuskizuna estreinatuko du ostegunean Gasteizen

Konpainiaren La Senior proiektuak ondu du lana. Dimo Milev dantzari eta koreografoak zuzendu du, eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian taularatuko dute.

Larrua proiektuaren ikuskizun berria aurkezteko agerraldia, gaur, Gasteizko udaletxean. GASTEIZKO UDALA
Larrua proiektuaren ikuskizun berria aurkezteko agerraldia, gaur, Gasteizko udaletxean. GASTEIZKO UDALA
edurne begiristain
2025eko azaroaren 11
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrua proiektuak You have an inner world, so what? dantza ikuskizuna estreinatuko du ostegunean Gasteizen. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 50. urteurrenaren programazioan emango dute ikuskizuna. Felix Petite antzokian taularatuko dute, 19:30ean.

Larrua proiektua Gasteizko dantza garaikideko konpainia da, eta Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek zuzentzen dute. Aurten, hamar urte bete ditu, eta urtemuga ospatzeko lan ildo berri bat sortu du: La Senior. Konpainiaren proiektu paraleloa da. 40 urtetik gorako dantzariek parte hartuko dute proiektuan, heldutasun eszenikoa balio artistiko gisa aldarrikatzeko eta adinkeriari aurre egiteko asmoz.

You have an inner world, so what? pieza Dimo Milev dantzari eta koreografoak zuzendu du, eta Rober Gomez, Jordi Vilaseca, Melania Ocina eta Myriam Perez dira antzezleak. «Gorputz horiek istorio bat gordetzen dute: euren egungo istorio gizatiarra. Dantzan egin dute, sufritu, gozatu. Eraldatu dira, modu askotan. Gorputz erabiliak dira, esperientziaz beteak. Eta, aldi berean, pixkanaka, gero eta gehiago interesatzen zaie ideiak aurkeztea, zerbait menderatzen dutela erakustea baino», azaldu du Milevek.

Poesia, umorea eta bitxikeriaz beteriko eszenak uztartzen ditu ikuskizunak, interpreteen barne munduan murgilduz. Keinuaren sotiltasunetik absurdoraino barne munduaren aberastasuna ezagutzeko gonbita da obra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.