Larunbatean manifestazioa egingo dute Urdaibaiko Guggenheimen aurka

Salatuko dute proiektuak ez diela eskualdearen beharrei erantzuten, eta kalteak eragingo dituela

Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren agerraldia, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduak deituta, eskualde horretan museoa eraikitzeko proiektuaren aurkako manifestazio «zaratatsua» egingo dute larunbatean. «Herriaren eta eskualdearen lepo sortutako proiektu bat da, eskualdearen beharrei erantzuten ez diena», azpimarratu du Eider Gotxi plataformako kideak. Hala, proiektua gelditu eta hausnarketa orokor bat egiteko eskatuko dute. Manifestazioa Gernika-Lumoko (Bizkaia) pasealekutik abiatuko da, 18:00etan.

Gotxiren arabera, biosfera erreserba babesten duten legeak «aldatzen, bihurritzen eta manipulatzen» ari dira. Gardentasun falta ere salatu du: «Prentsaren bidez ematen dizkigute zertzeladak; inork ez du proiektu honen berri». Hain zuzen, atzo egin zuten manifestazioa iragartzeko agerraldia, eta hala adierazi zuen Guggenheim Urdaibai Stop plataformak: «Isilpean garatzen ari den egitasmo honek ez du ezelango loturarik biosfera erreserbaren planifikazio eta ordenamenduarekin, eta ez du bat egiten XXI. mendean gure eskualde honek eskatzen duen herritarren parte hartzearekin. Are gehiago, diseinatzen ari diren proiektu honek askoz presio handiagoa eragingo luke babes bereziko eremuen gainean, eta horien zaurgarritasuna larriagotu. Ozen esan behar dugu: erabat onartezina da zatika eta hedabide jakin batzuen bidez plazaratu duten proiektua».

Beste kontu batzuen artean, lekua bera da herritarren kezka nagusietako bat, Urdaibaiko biosfera erreserban eraiki nahi baitute museoa. Eskualdearen egoera kezkagarria dela uste du Gotxik, eta museoak okertu egingo lukeela panorama: «140.000 turista ekartzea proposatzen digute. Hori gure inguruarentzako suntsipena litzateke. Gainera, eskualdearentzako milioi askoko inbertsio hori poltsiko pribatuetara egiten bada, 130 milioi euro inbertitzen badira Guggenheim fundazioan, hurrengo urteetan ze inbertsio egingo da gure eskualdean? 40 urtetan ez dugu inbertsiorik izan». Eskualdeak hainbat behar dituela azpimarratu du; besteak beste, ur horniduran, saneamenduan, garraioan... dituzten arazoak konpontzea.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak elkarrizketarako prestasuna eskatu die erakundeei: «Proiektu hau Bilboko Guggenheim museoaren beharrizan bat da, ez da eskualdearen beharrizanak beteko dituen proiektu bat. Gauza asko ezkutatzen ditu, eta herritarrek azalpen bat merezi dute. Gobernantza eredugarria aplikatuz, demokratikoki eta herritarren parte hartze zuzenaren bidez erabaki behar dugu zer nahi dugun gure eskualdearentzat». Hala, egoeraren hausnarketa eta diagnostiko «sakona» exijitu dituzte. Manifestaziorako deialdiak hainbat talde eta norbanakoren atxikimendua jaso duela azpimarratu dute, eta bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Harrabotsa

Hasieratik sortu du harrabotsa Urdaibaiko Guggenheim proiektuak, baina, hala ere, aurrera doa pixkanaka-pixkanaka. 60.000 metro koadroko eremua izango da, bi eraikinetan banatuta: Gernika-Lumon egongo da bata, eta Muruetan (Bizkaia) bestea. New Yorkeko Cooper Robertson arkitektura estudioa ari da egitasmoa osatzen.

Zirriborroaren arabera, 130 milioi euro inguruko aurrekontua izango luke Bilboko Guggenheim Urdaibaira hedatzeko prozesuak. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.