Descartes filosofoaren Larvatus prodeo esaldia, hau da, maskara ipiniz aurrera noa aipatzen du Rosario Blefarik (Mar del Plata, Argentina, 1965 - Santa Rosa, Argentina, 2020) 1986. urteko sarreran. Maskara anitz zituen Blefarik: aktorearena, musikariarena eta idazlearena. Aktore gisa, Martin Rejmanen Silvia Prieto filmeko (1999) protagonista izan zen. Rejmanek dio ez dela halako figurarik inoiz izan Argentinako kulturgintzan, antzekoak Argentinatik at soilik daudela, esate baterako, Txilen Violeta Parra eta Estatu Batuetan Patti Smith. Rejmanekin egin zuen filma kultuzkoa da, magia eta egunerokoa gurutzatzen diren film distiratsua. Rejman zuzendaria eta idazlea da, eta bi arlotan bera da haren begirada: azalekoa eta sakona, egunerokoa eta magikoa, harridura txikiez diharduten literatura eta zinema. Horietako pertsonaia gogaikarrietarikoa da Silvia Prieto, eta Blefarik antzeztu zuen hain rejmandarra den emakume berezia. Comisura argitaletxeak berreskuratu berri du Blefarik Argentinan 2020an plazaratutako Diario del dinero liburua (Diruaren egunerokoa).
Argitaletxe txikien booma nabaria da Espainian. Aurten La Uña Rota argitaletxeak irabazi du Espainiako Kultura Ministerioaren argitaletxerik onenaren saria, bere kalitateagatik eta originaltasunagatik. La Uña Rotak argitaratu zuen Camila Cañeque artistaren La última frase (Azken esaldia). Horrez gain, beste hainbat argitaletxe txiki ari dira gaztelaniaz liburu bereziak plazaratzen, esate baterako, Candaya, La Navaja Suiza, Comisura, Pepitas eta Cielo Santo. Gehiegi dira denak zerrendatu ahal izateko. Digitalizazioa gailendu den heinean, analogikoaren erromantzea errotu da. Musikan jauzia binilotik kasetera egin den bezala, liburua lilura sor dezakeen artefaktu bilakatu da argitaletxe txikien eskutik: edertasuna irakurri eta ukitu. Arreta urritasunaren aro digital azkarrotan, denbora eta maitasuna eskatzen dituzten liburuak ari dira lehenesten, eta horretarako badaude irakurle gazteak.
Comisura argitaletxea liburu hibridoetan espezializatu da, genero, forma eta materialen ikuspuntutik. Irudiaren eta hitzaren hibridotasuna dute ardatz katalogoan dauzkaten liburu askok. Esate baterako, argazkiaren eta hitzaren arteko elkarrizketan plazaratu dute Herve Guibert idazle frantsesaren Suzanne et Louise (Suzanne eta Louise), eta Paz Errazuriz argazkilariaren eta Diamela Eltit idazlearen El infarto del alma (Arimaren infartua). Mimo handiz ondutako edizioek irakurlearen begirada zaindua eskatzen dute.
Diario del dinero hiru emakumek paratutako edizioa da: Blefarik egunerokoa ondu zuen, Julieta Venegasek hitzaurrea, eta Susana Blascosek collageak. Bestalde, Blefariren egunerokoa literatur miniaturaren adierazgarri da. Txanpon bat mundu bat izan daitekeen bezala, pasarte bakoitzak mundu bat iradokitzen du. Atalka, pasartez pasarte, bere bizitzaren berri ematen du. Roland Barthesen Fragments d'un discours amoreaux (1977) dauka liburu fetitxe eta gidari. Pentsalari frantsesaren liburu fragmentatuaren eragina epe luzekoa eta sakona izan da eta, azkenaldian, alaba asko izan ditu. Gaur egungo literatura hibridoan itsasargi modukoa da. Gurean ere hibridotasunaren ildotik ulertu behar da Consonni argitaletxearen euskarazko birsorkuntza berria. Azken ekarpenen artean, horra hor Danele Sarriugarteren beste zerbait (2025) eta Ixiar Rozasen Narrugorrik (2025) testu hibridoak.
Beti berdin, beti desberdin
Blefarik berrikuntza bat dakarkigu egunerokoen generoan: kronologikoki antolatu beharrean, ez dago linealtasunik haren egunerokoan. Ordenarik gabe, 1986an hasi eta 2020an amaitzen da. Ordenarik ezak irakurlea ukitzen du; azken finean, gaztetako nahiek, obsesioek eta ezinegonek bizitza osoan diraute. Beti berdin eta beti desberdin agertzen da Blefari egunerokoan. Diruaren kalkulu zehatzen oharrak idazten ditu. Argentinako hiperinflazioaren testuinguruan autonomo izatea etengabeko ekilibrismoa nekeza da. Alabaina, egunerokoa diru kopuruez harago doa, eta ekonomiaren bidez gai anitz lantzen ditu: Buenos Aires hiriaren etengabeko aldaketa, musika eszenaren gorabeherak, familia harremanak, amatasunaren eginkizunak, maitasun harremanak eta, horren barnean, adiskidetasunaren premia eta garrantzia. Bestalde, bizitzan egiten diren kalkuluen metafora ere bihurtzen da dirua.
Blefariren egunerokoa literatur miniaturaren adierazgarri da. Txanpon bat mundu bat izan daitekeen bezala, pasarte bakoitzak mundu bat iradokitzen du. Atalka, pasartez pasarte, bere bizitzaren berri ematen du
Ars vivendi ederra idazten du atalka eta modu sotilean; azken urteetan egunerokoa gaixotasunak zeharkatzen badu ere, ez dago minaren edota gaixotasunaren inguruan hausnarketarik azken boladako pasarte horietan. Medikuak eta ospitaleak azaltzen dira, baina irakurleak ez baleki idazlea minbiziagatik hil zela, egunerokoan oinarrituta ez lioke zuen pisua emango. Une distiratsuak sormen lanak ematen dizkio irakurleari. Zailtasunak zailtasun, hainbat enkargu eta tranpa eginez, urte horietan guztietan Blefarik temati jarraitzen du hainbat arlotan bere mundua sortzen eta partekatzen. Maskara horiekin guztiekin bere burua eraikitzea da hitzez aditzera ematen diguna egunerokoan; azken finean, pertsona hitza grezierazko maskara hitzetik datorkigu.