Kazetariak iritsi baino ordubete lehenago, 10:00etan, brontzezko estalki bat topatu dute Zalduako aztarnategian. Ongi kontserbatuta dago, eta, beste daturik ezean, irudi luke duela hamarkada batzuk Auritzen erabilitakoa dela. Aldiz, askoz ere urte gehiago ditu, erromatarren garaikoa baita. «Oraindik garbitzen ari gara, eta uste dugu estolda zulo bat dela», azaldu du Maite Cebrian zaharberritzaileak. Zientzian, baina, irudipenek hankak motz dituzte, eta, horregatik, hipotesi oro ikertu, frogatu eta baieztatu behar dela gaineratu du Oihane Mendizabal indusketako zuzendariak: «Ikusi, eta ematen du zer erraza den guztia, baina askotan ateratzen ditugun piezak ez dakigu zer diren. Egin beharko dugu garbitu, beste tokietako piezekin konparatu, ikusteko zer garaitakoa den, zer izan daitekeen». Zalduan Aranzadi egiten ari den lan arkeologikoaren adibide bat baino ez da pieza hori. Proiektuak anbizio handiagoa du: erromatarren garaian lurrazalean 400 urte luzez izan zen hiri guneko osagaien bila ari dira lur azpian, eta, haien bidez, gune haren sekretuak argitu nahi dituzte.
Josepe Irigarai Aurizko alkatearen arabera, Auritz eta Aurizberri artean den Zalduako larrea «Nafarroako Pirinioetako lautadarik handiena da». Iragan hamarkadaren hasieran, Aurizberrin topatutako hiru miliariok indartu egin zuten bertan gune erromatar bat zegoen susmoa. Hari horri tiraka, 2012an, Aranzadik lau zundaketa egin zituen, eta topatutako arrastoen peskizan, geroztik urtero indusketa arkeologikoak egin dituzte. Uztail oro Aranzadiko boluntarioak bi astez aritzen dira industen. Bildutako osagaiekin urte osorako lana izaten dute.
Hirigune hark Kristo ondorengo lehen mende hasieratik inperio erromatarraren gainbehera arte iraun zuen, 400 urte inguruz. Bere garairik oparoenean, 4,5 hektareako eremua izan zuen. Tamainan zein egituran, egungo Auritzen itxura zuen, galtzada nagusi batek ardazten baitzuen. Alta, lau mendez, gorabehera handiak bizi izan zituen, eta aldaketa guztiok lur azpian nahasian ageri direnez, bilakaera luze hori aztertzea da erronka nagusietakoa.
Aurten Aranzadik Juan Luis Landa ilustratzaileari eskatu dio bildutako informazioan oinarritutako marrazkiak egiteko: «Nahi dugu lortu dugun informazio tekniko hau guztia bertakoei eta hona datozenei ikusaraztea eta duen garrantzia transmititzea», dio Mendizabalek.
2017tik, indusketa kanpaina harrizko eraikin batean zentratu da. Hirigunearen hastapenean, 70 urte inguruz, terma bat izan zen, baina gero abandonatu egin zen: «Arkeologoen zorterako, jarraitu zen erabiltzen. Hiriak izan zuen historia hori guztia eraikin berean pilatuta dago». Horregatik zaio interesgarri Aranzadiri , bertako piezek, geruzaz geruza, 400 urtetako puzzle konplexua osatzen lagundu dezaketelako.
Aurtengo indusketan, batik bat azken garaiko aurkikuntzetan oinarritu dira. «Imajinatu behar duzue III. eta IV. mendean, herriatxikiagoa zela, baina gunean aktibitate handia zegoen, Ibañetako pasabidea zelako Pirinio mendebaldeko galtzada nagusia mendatea zeharkatzeko». Topatu dituzten aurkikuntzetan oinarrituta ondorioztatu dute garai hartan termen eraikin hori erabiltzen zela lantoki moduan, herrigunean ziren brontzezko, berunezko edo burdinazko piezak hartu, apurtu, urtu eta berrerabiltzeko. Hipotesia da, aurreko aldiekin alderatuta, garai hartan mineralak ez zeudela «hain eskuragarri».
Hala, aurten topatutako materialen artean daude brontzezko bi eskultura txikiren zatiak: animalia baten adar zatia eta zaldi baten oina. Halaber, guraize zati bat aurkitu dute, eta arestian aipatutako estolda zulo itxurako pieza.
Bihar bisitatzeko aukera
Kanpainak, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren eta Aurizko Udalaren laguntza du. Ikerketa ez da indusketara mugatzen eta urtean Aranzadi elkarlanean aritzen da EHUrekin edo Euskokultur fundazioarekin. Aurtengo kanpainaren balantzea «oso positiboa» da. «Ikusten dugu urteetako txingurri lan horrek baduela emaitza eta hasieratik planteatutako hipotesiak gero eta indar handiago hartzen dutela aurkitutako aztarna hauei esker». Alta, uste du oraindik asko dutela egiteko: «Azkenean, kanpaina bakoitzean ateratzen gara erantzun batzuekin baina oraindik galdera gehiagorekin».
Bihar, bisita gidatuak egingo dituzte bertara joaten diren herritarrentzat: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gazteleraz.
Lau mendetako arrastoen bila
11. urtez, Aranzadi zientzia elkarteak indusketa egin du erromatarren garaiko aztarnategian. Kanpainaren «balantze oso positiboa» egin du Oihane Mendizabal arduradunak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu