Irekiera bat izango da, baina oraindik ez erabatekoa. Lau urteko eraberritze konplexu eta oso baten ondoren, Bilboko Euskal Museo berrituak, azkenik, ekainaren 10ean irekiko ditu ateak, baina oraindik ere irailera arte itxaron beharko da osorik bisitatu eta martxa betean ikusi ahal izateko. Museoa osatzen duten lau eraikin multzoetako hiru aurkeztu dituzte gaur, eta bisitatzeko moduan dago hiru gune horiek hartzen dituen erakusketa nagusia ere, baina uztailetik aurrera hasiko da martxan behin-behineko erakusketei eskainitako gunea, eta irailetik aurrera espero dute laugarren eraikin multzoa ere zabalik, zeinak sukaldaritzari eskainitako atal bat eta biltoki bisitagarri bat izango baititu. Edonola ere, museoa azkenik zabaldu ahal izatea «mugarri garrantzitsua» dela nabarmendu dute museoko arduradunek eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek ere. Euskal kulturak munduari zabaltzen dion ate bat da museoa, haien hitzetan, eta museoaren kontakizunean euskarak izango duen leku zentrala ere nabarmendu dute. Datorren astetik hasi eta ekainaren 21era bitartean sarrera librea izango dela ere iragarri dute.
2021ean hasi ziren bildumako piezak biltzen, 2022ko urriaren 11n itxi zituzten museoko ateak, eta 2023an hasi zituzten eraikineko lanak. Hasiera hartan, 2023rako iragarri zuten museo berrituaren irekiera. Gerora, esan zuten ateak 2024an irekiko zituztela, eta, ondoren, iragarri zuten ateak aurtengo maiatzean irekitzeko asmoa. Azkenik, irekiera hori hainbat urratsetan egingo dutela zehaztu dute gaur. Lanen konplexutasuna ez ezik, koronabirusak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiak ere aipatu dituzte museoko arduradunek atzerapen horien kausatzat. Horrez gainera, %40 handitu da lanak egiteko hasiera batean ezarritako aurrekontua ere, eta, azkenean, guztira, 20.397.401,53 euroko inbertsioa egin dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak, erdibana. Erakusketei eskainitako 5.000 metro koadro baino gehiago irabazi ditu eraikinak lanekin.
«Gure nortasun kulturala aktibo estrategikoa da guretzat, eta bere mailara dagoen espazio bat eskatzen du eta merezi du»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
Hiriarentzat «mugarri» bat da museoaren irekiera, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez. «Euskal museoaren lana ez da soilik kontserbazioa; interpretatu, konektatu eta gure herri identitatea proiektatzea ere bada haren lana». Harekin batera, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ere izan da aurkezpenean, eta museoaren garrantzia nabarmendu du hark ere. «Gure nortasun kulturala aktibo estrategikoa da guretzat, eta bere mailara dagoen espazio bat eskatzen du eta merezi du».
Mende beteko ibilbidea du Bilboko Euskal Museoak, eta, guztira, Euskal Herri osoan bildutako 50.000 piezako bilduma du. Ateak parez pare zabaltzen dituztenean, 1.000 pieza inguru jarriko dituzte ikusgai, baina jadanik bisitagarri dago museoaren eskaintza nagusia osatuko duen erakusketa erdi-iraunkorra. Museoko arduradunek zehaztu dutenez, ikusgai diren piezak gutxi gorabehera bi edo hiru urtean behin aldatzea baita haien asmoa.

Bildumako pieza handi eta ikusgarrienei eskainitako aretoarekin hasten da ibilbidea Miserikordia eraikina izandakoan. Bertan dira, esaterako, XVIII. mendeko haritz zur landuzko eta burdinazko atetzarra, 1919an sortutako ehungailu erraldoia eta 1945ean Bilboko Victor jatetxean erabiltzeko sortutako sukalde ekonomiko ikusgarria.
Lehen areto horren gainean dago euskarari eskainitako aretoa. Hizkuntzaren historia eta bilakaera kontatzen ditu gune horrek, eta hura osatzeko Euskaltzaindiaren, Labayru fundazioaren eta Azkue fundazioaren lankidetza izan dute. Besteak beste, bisitariak bertan topatuko ditu Johannes Leizarragak euskaratutako 1571ko Testamentu zaharraren ale bat eta Joxan Artze idazleak eta Jose Luis Zumeta artistak 1969an elkarrekin ondutako Isturitzetik Tolosan barna lana.
Behin-behineko erakusketak hartuko ditu gune horretako hirugarren solairuak. Ra Asensi artista bilbotarraren zeramika lanak izango dira bertan ikusgai jarriko dituzten lehenak, baina, zehaztu dutenez, uztailean izango da hori.
Bisitari gehiago
Klaustroa jada zabalik dago, eta bertan jarraitzen du Burdin Aroko Mikeldi izenarekin ezagutzen den eskultura zoomorfoak. Hain zuzen ere, hori da museoaren bildumako pieza esanguratsuenetako bat, eta hura inguratzen duten hiru solairuetan antolatu dute bildumako piezak biltzen dituen ibilbidea. Ehungintzari, balearen arrantzari eta ontziolei eskainitako bitrinak daude tartean.
«Gizarteari irekitako museo bat da hau nazioarteko izaera ere izango duena»
SORKUNDE AIARZA Bilboko Euskal Museoko zuzendari kudeatzailea
Antonio Vaillo arkitektoak sinatu du eraikin berrituaren proiektua. Azaldu duenez, «ohore bat» izan da museoa osatzen duten eraikinetan lan egin ahal izatea, eta, haren lau ataletako bakoitzari nortasun propioa eman nahi izan dioten arren, eraikin osoak jarraitutasun bat izan zezan ere saiatu dira. Azaldu duenez, gainera, eraikinaren zein museografia elkarrekin berritu ahal izateko, aberastu egin du proiektua. Haren hitzetan, edukiak eta edukiontzia batera lantzeko aukera eman die horrek.
Sorkunde Aiarza da Bilboko Euskal Museoko zuzendari kudeatzailea, eta, haren hitzetan, erronka azkenean bete egin dutela da garrantzitsuena. «Gizarteari irekitako museo bat da hau nazioarteko izaera ere izango duena».
2023an egin zuten agerraldian, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek adierazi zuten orain artekoak halako hiru bisitari lortzeko helburua zutela. Oraingoan ez dute datu hori aipatu, baina, aurkezpenean, nazioarteko bisitari gehiago erakartzeko asmoa adierazi dute. Museoko zuzendariak gogoratu duenez, 100.000 bisitari izan zituen 2019an, eta haien arteko %10 ziren Euskal Herritik, Espainiatik, Galiziatik zein Herrialde katalanetatik kanpokoak. Azken urteetan turismoak hirian izan duen gorakada kontuan hartuta, aurrerantzean bisitari gehiago bilduko dituztela espero du zuzendariak, eta %15 edo %20ra igo nahi luke aipatutako bisitari horien kopurua.