Orain hurrena, Ecce homo plazaratu zuen Laura Mintegik (Lizarra, Nafarroa, 1955), eta hari lotuta aurkeztu du bere nobela berriena: Akabo. Izan ere, batak besteari hemeretzi urteko aldea ateratzen dion arren, aurki bat egingo baitute erakusleihoetan; nobela berria plazaratzeaz gainera, Ecce homo-ren argitalpen berria ere jarriko du salgai Txalaparta argitaletxeak.
Lehen ataletik beretik jakingo du irakurleak zer gertatuko den liburu berrienean: Sheenak Manu bikotekidea hil du, eta haren gorpua izozkailuan gorde. Egitura paraleloa du eleberriak. Alde batera, hilketa dago: protagonistak baratxuri-zopan pozoia nahasita hilko du bikotekidea, eta hortik aurrera zer gertatuko den kontatzen du eleberriak. Bestalde, bikotearen historia ere aletzen da atal alternoetan: elkar ezagutu zuten unetik hasi, eta muturreko egoera horretara nola heldu ziren, besteak beste.
Hilketa aitzakia bat da, muina biltzen duen jantzia. Mintegiri harremanak axola zaizkio, bikotekideen artekoak ez ezik, baita adiskidantzan, familian eta arlo profesionalean sorturikoak ere. Eta horixe bera da, hain zuzen, eleberriaren ardatza: bi lagunen arteko tirabira. «Beti pentsatu izan dut sakoneko harreman batek, edozelangoa dela ere, komunikazio zintzoan oinarritu behar duela. Elkarri adierazi eta entzun egin behar da; besteari erantzun behar zaio, eta ez diskurtso propioari». Gaineratu du komunikazioak «eskuzabal» izatea eskatzen duela, «zeken jokatzen denean bertan behera gelditzen baita harremana».
Horren ardatzean, gaur egungo gizartearen gaineko analisirik ere egin du Mintegik: «Inoiz baino komunikatuago gauden honetan, are eta nabarmenagoa da inkomunikazioa. Geopolitikan batez ere, baina baita giza harremanetan ere. Ni eta zu beharrezkoak dira komunikazioan, baina ni eta ni baino ez da entzuten». Mintegiren ustez, hortik dator elkar ulertu ezina.
Literatura, arrakalatik
Idazleak Jacques Lacan psikiatraren esaldi bat izan du makulu eleberri osoan barrena: «Maitasuna urrunegi doanean bere buruarekiko traizioan eta bere buruaren engainuan irauten duenean, maitasunak ez dio gehiago jarraitzen». Hiruzpalau urtez esaldia alboan izan duela aitortu du. Hain zuzen, esan horrek laguntzen omen zion zulotik ateratzen, bidean galtzen zenean. Traizioak, beraz, aparteko garrantzia du eleberrian.
Akabo, bere gainontzeko eleberriak bezala, «arrakalatik» eta «egonezinetik» sortu dela aitortu du Mintegik. Oro har, literatura osoaren kasua dela uste du, eta hori hobeki azaltzeko, Hollywoodeko gidoilariek adimen artifizialak lana kentzen zielako greba egin zutenekora jo du: «Haiek esaten zuten adimen artifizialak ezingo zukeela gizakiaren gidoia inoiz gainditu, ez zuelako haurtzaroan traumarik pasatu».
Mintegiren ustez, adimen artifiziala konbinatoria baino ez da: «Honezkero sortuta dagoena beste modu batera ordenatu eta horri berri itxura ematen dio, baina ezer berririk ez dago hor». Berria sormenetik sortzen dela nabarmendu du: «Sormena da, hain zuzen ere, ez dagoenetik asmatzea, ez dagoen hori lehenengoz egitea. Zirrikiturik edo hausturarik gabe, nekez sortuko da berria».
«Badago prozesu estugarri bat, eta horri erantzun bat ematea lortuz gero, indibiduoak zerbait berria sortzea lortzen du. Horrela ulertzen dut nik literatura»
LAURA MINTEGIIdazlea
«Anekdota, gutxienekoa»
Alan Badiou idazle eta pentsalariaren esana ere bere egin du Mintegik: «Gertaerak eramaten du norbanakoa subjektu bihurtzera, estutasuna gainditzen duenean». Premisa hori, hain justu, Akabo-n eta bere gainontzeko eleberri guztietan dagoela azaldu du: «Badago prozesu estugarri bat, zirt edo zart egin beharreko une bat, eta horri erantzun bat ematea lortuz gero, indibiduoak, subjektu bihurtu, eta zerbait berria sortzea lortzen du. Horrela ulertzen dut nik literatura».
Nobelan kontatzen den gertaera «gutxienekoa» da, horrenbestez; atzean dagoen hausnarketak du garrantzia. Baina horretarako, pertsonaiak sortu eta horietariko bakoitzak bizi propioa hartzen duten arteko tartea landu behar izan du idazleak: «Pertsonaiak nirekin bizi dira urteetan. Nirekin gosaldu, bazkaldu eta afaldu egiten dute, eta eraikita daudenean martxa egiten dute. Orduan hasten naiz idazten».
«Pertsonaiak nirekin bizi dira urteetan. Nirekin gosaldu, bazkaldu eta afaldu egiten dute, eta eraikita daudenean martxa egiten dute. Orduan hasten naiz idazten»
LAURA MINTEGI Idazlea
Ariketa «eskizofrenikoa» dela aitortu du, besteak beste pertsonaia bat baino gehiago dagoelako eleberrian, eta guztien larruan sartu behar izaten duelako elkarren artean kontraesankorrak izanagatik ere. Gero, aktoreei gertatzen zaien gisan, pertsonaiengandik askatzeko «desintoxikazioa» behar izaten duela nabarmendu du.
Akabo-z gainera, beste bost eleberri idatzi ditu Mintegik: Bai... baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (1994), Sisifo maite minez (2001) eta Ecce homo (2006). Eta saiakerarik zein biografiarik ere badu idatzita, baina Ilusioaren ordaina (1993) narrazio liburuarekin ekin zion literaturaren ibilbideari. Zazpi narraziok osatu zuten liburua, eta Donostia Hiria saria jaso ostean eman zuen argitara, Erein argitaletxearekin.