Bertsolaritza

Lazkao Txiki, aforismoak ondu zituen bertsolaria

Mutilzahar graziosoaren irudiaren gainetik, jenialtasuna eta transzenditzeko gaitasuna aitortzen diote bertsozaleek Lazkao Txikiri. Gorputz txikiak eta ahots meheak markatu zuten haren kantaera. Aurki izango da haren jaiotzaren mendeurrena.

Lazkao Txikiren eskultura, Lazkaon. GOIERRIKO HITZA
Lazkao Txikiren eskultura, Lazkaon. GOIERRIKO HITZA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko irailaren 6a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hainbat herritan ume txiki bat/ hurbiltzen zitzaizunean/ bere neurrian jartzen zenekin/ era maitakor xumean/ txiki izenez, txiki gorputzez/ handia maitasunean/ ta handiago bilakatuko/ zara etorkizunean/ zure txikitasunean». Halaxe kantatu zuen Andoni Egañak Lazkao Txiki protagonista izan zuten marrazki bizidunetan, eta hala, atariko bertso hori entzutearekin batera aletu zituzten, atalez atal, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren ibiliak eta esanak (Lazkao, Gipuzkoa, 1926 - Donostia, 1992). Juanba Berasategi zinemagileak ondu zuen telesail hura, eta ETBk eman 1997an. Bertsolariaren jaiotzaren mendeurrenean, «bere txikitasunean handi» izaten jarraitzen duela sentitzen dute bertsozale askok.

Gorputz txikiak, ahots meheak eta kantaera kadentziatsuak definitu zuten Lazkao Txikiren planta oholtzan. Baina bazuen besterik ere. Hari zerion «magia» adieraztearren, Bat-bateko sorgina ezizena ipini zion Xabier Amurizak. Eta definizio gehiago ere lotu zitzaizkion, denak ere haren izaerari, umoreari eta bertsokerari lotuak: besteak beste, minik gabeko piper bizia; hogeigarren gizaldiko Fernando Amezketarra; fintasuna eta gordinkeria berezi ohi zituen marra; gizon handien burua eta haurtxoen bihotza; negar egiten zuen komikoa; gizaldi bat betetzeko moduko bertsolari aparta; bertsolari fin, sentikor eta erromantikoa...

Ezaugarri eta nolakotasun horiek ukatu gabe, Lazkao Txikiren etorriak erakutsitako «transzendentzia» ekarri du hizpidera Joxerra Garzia idazle, kazetari eta ikerlariak. Lehenagotik taxua hartua bazion ere, Patri Urkizu zenak aginduta UNEDerako bertsolaritzaren historia erdaraz idatzi behar izan zuenean jabetu omen zen horretaz: «Oso flash irrazionala izan zen, eta era berean oso fuertea».

Sentsazio horren nondik norakoak azaltzeko, Lazkao Txiki «gerraosteko testuinguru trinkoan» kokatu du lehendabizi, eta haren garaikideekin alderatu gero: «Balio konpartituen inguruko bertsolaritza zen ordukoa: Oh, baserritxo, euskara zapaldua... Uztapidek ama gaiari botatako bertsoak, adibidez [Euskaltzaindiak 1960ko hamarraldian antolatutako lehen txapelketez ari da], negarrez entzun izan nizkion gure aitonari. Hau da, balio konpartitu horiek seinalatzearekin nahikoa zen jendea emozionatzeko». Lasarte bertsolariaren adibidea ipini du jarraian: «Euskal bertsozaleen artean sortzen zuen lilura ez dago esplikatzerik erdaraz. Oso da hizkuntzaren barrukoa».

Aldiz, oso bestelakotzat dauka Lazkao Txiki: «Haren bertso asko jar zitezkeen gaztelaniaz edo ingelesez. Azalpena beharko zuten, jakina, hitz jokoek eta errimek badutelako katramila, baina baliorik galdu gabe itzul zitezkeen». Harago jo du: «Ondo zekien esaten mundu guztiak esatea nahi zuena, baina bazuen zerbait, alderdi literario bat-edo, hori gainditzen zuena. Eta ondoren etorri ziren bertsozale berriek ere segituan antzeman zioten hori».

«Ondo zekien esaten mundu guztiak esatea nahi zuena, baina bazuen zerbait, alderdi literario bat-edo, hori gainditzen zuena»

JOXERRA GARZIAIdazle eta kazetaria

Lazkao Txikiri dimentsio hori zerk ematen ote zion ez du artean zehatz-mehatz aztertu Garziak, baina aforismo itxurako esaldiak sortzeko gaitasunean datzala uste du, eta adibideen artean honoko hauek nabarmendu ditu: «Politikan ez dago gauza politikan», «Hainbeste partidu, hainbeste zati».

Trebezia hori bera nabarmendu du Amaia Agirre bertsolari eta gai jartzaileak ere. Eta horren aldamenean edo ifrentzuan, umeekin berehala konektatzeko gaitasuna ipini du: «Neurri batean bere inozentziari esker izango zen, baina ikaragarri maite zituen umeak». Ezaguna da eszena: haurren bat ikusi orduko txanpon bat ematera joango zitzaion hura. Halaxe gertatu zitzaion Agirreri berari ere, artean 9 urte zituela, Villabonako (Gipuzkoa) zinemaren atarian; harengana hurreratu, eta 25 pezetakoa eman omen zion irribarre zabal bat ahoan. «Pena da, baina nik ez dut gogoan. Amak kontatu zidan hori, behin baino gehiagotan».

Estereotipoa

Ezkondu ez, umerik izan ez, eta mutilzahar graziosoaren irudia izan zuen Lazkao Txikik. Estereotipo horretatik perla ugari bota zuela gogoratu du Garziak, eta, konparaziorako, Lazkao Txikik Guadalupeko Ama Birjinari zer eskatuko ziokeen galdetu ziotenean erantzun zuena kantatu du, hura imitatuz: «Lehenago ere nire denboran,/ errezo asko [pausa] eginda/ nik neskazahar bat eskatzen dizut,/ egongo zara [pausa] jakinda/ baina zaharrikan ez badaukazu,/ gaztea ere [pausa] berdin da». Baina inoiz gainetik kendu ezin izan zuen «astungarri» ere izan zen estereotipo hori, azkenerako.

Bakardadeari «malenkoniaz eta samurtasun handiz» ipinitako bertso ugariak aipatu ditu Agirrek, baita estereotipo horren ondorio ziren egoera «surrealistak» ere: «Gai serio bat jarri, karga handiko bertsoaldi bat bota, eta jendea barrez hasi Lazkao Txiki zelako. Imajinatu zer izan zitekeen hori». 

«Bere gaietatik abiatuta, eta ironia erabiliz eta hizkuntzarekin jolastuz beti, bizi filosofia bat erakusten zuen, eta botatzen zituenak ez ziren beti orduko testuinguruaren hain zordun»

JOXERRA GARZIAIdazle eta kazetaria

Egoera horrez gaindi, gauza unibertsalagoak esaten asmatzen zuela dio Garziak: «Bere gaietatik abiatuta, eta ironia erabiliz eta hizkuntzarekin jolastuz beti, bizi filosofia bat erakusten zuen, eta botatzen zituenak ez ziren beti orduko testuinguruaren hain zordun».

Horrekin batera, «jeinutasuna» aitortzen dio Agirrek Lazkao Txikiri. Eta ispiluari jarritako bertsoak eman ditu horren adibide. «Horiek buruz ez dakizkiena ez da bertsolaria», esan du irmo. Hitzetik hortzera programak antolatutako afari batean izan zen hori, hain zuzen Joxerra Garziak ispilu txiki bat eskura eman eta bertsoak bota zitzan eskatu zionean. Agirre: «Ispiluan bere burua ikusi, eta arrotz bati ariko balitzaio bezala bota zituen bertsoak, bere buruari barre egiteko. Jende askori eman dizkiot klaseak, eta inori ez zaio sekula bururatu ispiluari horrela hitz egitea. Jenio bat zen».

lazkao txiki
Lazkao Txikiri eskainitako horma irudia, Ordizian. RAUL BOGAJO / FOKU

Jeinutasunak jeinutasun, Lazkao Txikiren arrakasta ez dago esplikatzerik haren kantaera «xelebrea» kontuan hartu gabe, Garziaren aburuz. Lazkao Txikik egiten zituen pausa txikiez ari da: «Dramatizazio hori, egiten zituen geldialditxo erretoriko horiek emozioa emanez... horiek guztiak bere marka ziren».

Lazkao Txikiren moldea esplikatzeaz harago, gaur egungo joerez gogoeta egiteko baliatu du hori: «Ahozko literaturaren gailurra izango da bat-bateko bertsolaritza, baina sintoma asko dago ahozkotasuna oso bigarren mailan gelditzen ari dela adierazten dutenak». Bi arrazoi eman ditu horretako: «Batetik, egiten diren bertsoek testu idatzi moduan ere funtzionatzen dute. Behartuta gaude horretara, batez ere txapelketetan. Baina txapelketak itzal luzea du, eta dena kutsatzen du». Bigarren arrazoi gisa, kantuan gertatzen ari den distortsioa aipatu du: «Habaneran, esaterako, azentua azken aurreko silaban dago, eta ari gara egiten azken silaba errimatua aski balitz bezala. Hau da, juzgua begiz egiten, belarriz egin beharrean». Esan du «silabak idatzita bezala» kantatzen direla gaur egun: «Baina silaba guztiak bilduta kantatzea, hori da ahozkotasuna. Ahozko jardunak duen jariotasun hori berreskuratu behar da, eta ez silabaz silaba kolpeka aritu. Hau da, belarriekin egin azken juzgua, ez begiekin».

Bertsotan ez ezik, hitz lauz ere jakin zuen Lazkao Txikik begien aurrean zuen panorama formulazio biribiletan laburbiltzen, bereziki haren min iturrietako bat, euskararen galera, hizpidera ekartzen zuenean. Horren adibide da Ordizian (Gipuzkoa) haren erretratuaren ondoan ageri den esaldia: «Martxa honetan, aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan».

«Baina poeta zen»

Bilboko El Cantabrico jatetxean Pott bandako kideekin egindako bazkariak hartu zituen gogoan Bernardo Atxaga idazleak 2022an, Ruper Ordorikarekin batera osatutako Hautsi da anphora emanaldiko pasarteetako batean. Loraldia jaialdiak eta Korrikak antolatu zituzten saio haiek, eta diskoa ere kaleratu zuten ondoren, zuzeneko grabazioekin. Bertan aipatzen zuen jatetxeko pasartea Atxagak, eta euren aurretik Lazkao Txiki ere han egona zela gogoratzen zuen. Umorez kontatzen zuenez, han ikusi zuen lehengoz platano bat Lazkao Txikik, eta nahikoa komeria izan omen zuten hura nola jan behar zen asmatzen, zurituta ala azalarekin, gerora haiek ere komeriak izango zituzten bezala kiwiekin. Baina, edonola ere, Lazkao Txikiren lanaren maila nabarmentzeko baliatzen zuen mintzaldi hura Atxagak emanaldietan, eta hala dator jasota diskoan ere. «Bertsolari gisa egin zuen ibilbidea, baina poeta zen. Poesia zeraman bihotzean, eta askotan ikusten da hori berak egindako bertsoetan». Eta, hain justu, gerora Xabier Letek musikatutako Egunsentiari izeneko bertsoa aipatu zuen Atxagak maila poetiko horren adibidetzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA