Literatura 

Lehen aldian besteko poza darien bi klasiko

Institutuetan eta haietatik kanpo asko irakurri izan diren bi eleberri: 'Uzta gorria' eta 'Koxka bat estuago'. Agortuta zeuden euskaraz, eta berrargitaratu egin ditu Igelak.

Dashiell Hammett idazlea, Uzta Gorria nobelaren egilea. BERRIA.
Miren Garate.
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
H ori irakurri ez banu, segur aski ez zen izango sail beltzik euskaraz, eta argitaletxe bat prestatzeko ideia ere ez zitzaidan sekula bururatuko». Dashiell Hammetten (St. Mary's konderria, 1894-New York, 1961) Red Harvest nobelari buruz ari da Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko editorea; euskaraz, Uzta Gorria, halaxe itzuli baitzuen Olarrak berak 1996an. Esaten da nobela beltzaren aitzindaria eta generoak eman duen alerik onenetakoa dela. Henry Jamesen (New York, 1943-Londres, 1916) The Turn of The Screw, berriz, inoizko izuzko nobela gogoangarrienetakotzat jotzen da. 1993an itzuli zuen euskarara Joseba Urteagak Koxka bat estuago (Igela). Ez dira arrotzak izango askorentzat, klasiko bilakatu baitira, eta institutuetan ere franko irakurri baitziren garai batean. Agortuta zeudenez, berrargitaratzea erabaki du orain Igelak. «Liburu berriak argitaratzeak poz ematen du. Hala ere, segur aski, poz handiagoa hartu beharko genuke liburu horiek argitaratu eta handik urte batzuetara berrargitaratu direla jakitean, esan nahi baitu irakurle aldetik izan dutela noizbait arrakasta».

1980an leitu zuen Olarrak Hammetten liburua, hondartzan eta gaztelaniaz, Bruguera argitaletxeak kaleratutako bilduma bateko lehen alea baitzen. «Pentsatu nuen: horrelako indarra duten liburuak, erraz samar irakurtzen direnak, euskaraz gehiago izanez gero, irakurle kopurua handitu egingo litzateke, eta literaturazaleena ere bai». Aurrera egin zuen argitaletxea sortzeko ideiak. «Brugueraren bilduma 150 alera iritsi zen, eta guk 25 behintzat argitaratu ditugu». Olarrak ez zuen Hammet aukeratu lehen itzulpena egiteko, James M. Cainen Karteroak beti deitzen du bi aldiz baizik. Hala ere, geroago heldu dio egileari, eta haren beste bi lan ere baditu itzuliak: Maltako beltza (Igela, 1997) eta Kristalezko giltza (Igela, 2014).

Bereziki inportantetzat du, ordea, Uzta Gorria. «Zerk harrapatu ninduen? Alde batetik, harremanak-eta oso bide gogorretik eramaten ditu. Beste aldetik, meatzaritza herri bateko giroa agertzen da: nagusi bat dago, dena menderatzen duena eta menderatzeko baliabide hala moduzkoak erabiltzen dituena, horri kontra egiten diote batzuek grebekin... Eta nik 1980an irakurri nuen, hemen ere greba mugimenduak bizi genituenean». Horrez gain, hizkerak ere asko erakarri zuen: «Oso bizia da, zipozkeria eta grazia handia dago erantzunetan». Hain zuzen, horixe da Hammetti gehien goraipatu izan zaion ezaugarrietako bat: elkarrizketetan erakusten duen perfekzioa eta ekintzetan erabiltzen duen erritmo azkar eta arina. «Perpausak ez dira oso luzeak, baina mundu marjinal horietako hizkuntza, gangsterrena-eta, nahiko berezia izaten da». Orain halako lan batek ez duela itzulpen aldetik arazorik planteatzen kontatu du, baina bestelakoa zen egoera itzulpena egin zuenean: «Slang hiztegietan begira jardun behar izaten genuen, beti halako ziurtasun falta batekin: 'Ondo interpretatuko ote dut?'».

Koskak leunduta

Estilo aldetik, guztiz ezberdina da Urteagak itzulitako Koxka bat estuago. Honela jartzen du hitzaurrean bertan: «Henry Jamesen edozein lan itzultzeari ekin dionak —eta euskaraz badira hiru itzultzaile kementsu ausartu direnak— ederki asko daki era guztietako oztopoekin egin dezakeela behaztopa». Esaldi luze eta korapilatsuak, esanahi lausoko pasarteak, interpretazio zaileko zatiak eta, maiz, erabakitzen zaila den anbiguotasuna ageri dira haren testuetan. Koxka bat estuago-ren kritika egin zuenean, Juan Luis Zabala Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariak goraipatu egin zuen itzulpena, baina gomendio bat egin zion itzultzaileari: librexeago jokatzeko. Aholkua aintzat hartu du Urteagak itzulpen berrian, eta zenbait koska «leundu» ditu.

Olarraren esanetan, izu nobelarik edo alde psikologikotik egindako nobelarik «gogoangarrienetako bat» da. Jamesek berak ez zion halako garrantzirik eman, bazituen beste lan psikologiko potoloago batzuk, gustukoagoak. Argitaratu zuenetik 120 urte pasatu diren arren, oraindik ez dago argi zer adierazi nahi izan zuen, eta, anbiguotasun horrek bultzatuta, interpretazio eta ikerketa ugari egin izan dira kontatzen den istorioari buruz. «Hori du katigatzeko modua, baina, berez, etxeko maistra horren [protagonistetako bat] buruan zer dabilen eta zer ondorio dituen kontatzen du».

Olarrak azaldu du 25 urte hauetan sintaxi aldetik izandako aurrerapenak eta Hiztegi batua-n bildutakoak kontuan hartu dituztela bi itzulpenetan. «Alde horretatik, jendeak errazago irakurri behar lituzke orain garai hartan baino. Horrelako klasikoek iraun egin behar dute. Horregatik egin dugu ahalegin berezi samar bat bi liburu hauekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.