KRITIKA. Artea

Lehen erdia

Maider Lopez artista, Tabakaleran zabalik duen erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Lopez artista, Tabakaleran zabalik duen erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko abenduaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

MAIDER LOPEZ. 'UKITU'

Non: Donostiako Tabakalera zentroan. Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte.

Zer diren kasualitateak, eta nola diren gauzak. Aurreko batean bikotekideari Maider Lopezen Ataskoa ekintzari buruz hitz egiten aritu nintzaion, bere eskolan arte proposamen ezberdinak izan nahi zituztelako erreferentzia gisa, ondoren ikasleekin proiektuak gauzatzeko. Arte praktika gisa ekintzak egiten zituzten artisten izenak biltzen ari ziren. Handik gutxira, Donostian artista beraren erakusketa handi bat inauguratuko zela jakin genuen. Eta ni konturatu orduko, hura iragartzen zuen artikulu bat bidalia zidan; beraz, noski, erakusketa horretara joan beharra genuen.

Ezohiko proposamena da Ukitu erakusketa, bi pausagune baititu, bi espaziotan baitago banatua, bakoitza instituzio batean. Modu honetako azken proposamena duela urte batzuk ikusi nuen; Komisario Berriak programaren lehen aldia izan zelakoan nago. Bertan, erakusketaren lehen zatia Montehermoson aurkeztu zen, Gasteizen, eta bigarrena, berriz, hilabete batzuk geroago, Bilboko Azkuna zentroan. Kasu honetan, ordea, badu aldagai bat Lopezen proposamenak: bi espazioak aldi berean eta hiri berean daude martxan.

Dena den, eta oraingoz, areto bat soilik dut bisitatua, erakusketa erdia: Tabakalerakoa. Hegal nagusia osatzen duten guneetako batean dago, Marlene McCartyren banakakoaren aurrez aurre, eta kontrastean. McCartyren erakusketak bizidunen arteko jarraitutasuna jorratzen du ikuspuntu feminista batetik, eta Maider Lopezen proposamenak ere gorputzera garamatza, baina gorputza loturak bermatzen dituen eramailetzat ulertuta, aktibatzailetzat, ia espazio formal bihurtuta.

Hamar urte pasatu dira Lopezek Donostian azken banakako erakusketa egin zuenetik: Tokialdatu. Koldo Mitxelenan izan zen, oraindik ere erakusketa azpimarragarriak egiten ziren garaian Ana Salaberriaren zuzendaritzapean. Ez naiz zehatz-mehatz oroitzen, baina gogoratzen dut areto txikitan zatikatutako espazioak erakusketari laguntzen ziola, eta bakoitzean artistaren proiektu bat zegoela erakusgai; eta baita interesgarriena espazioan bertan egindako esku hartzea izan zela ere, aretoko hormen oinarrien bikoizketekin.

Tabakalerako erakusketa ezberdina da; batetik, bertan aurkeztutako proiektuak beste batzuk direlako —gehienak berriagoak—, eta bestetik, gehienak espazio txikietan banatuta egon beharrean, elkarrekiko elkarrizketan aurkezten direlako, espazio ireki batean.

Artistak keinuetan eta ekintzetan oinarritutako proiektuak garatzen ditu bereziki, eta gertaera jakin horiek eta haietan parte hartzaileek izandako sentsazio eta esperientziak aretora ekartzea zaila da benetan. Ekintza horiek gainazalen batean pausatu behar dira, materia bihurtu behar dira; historikoki, argazkiak eta ikus-entzunezkoak izan dira. Eta hala, aretoan ere argazkiak eta ikus-entzunezkoak gailentzen dira. Baina itzulpen horretan eraldaketa bat dago, esanahian eta interpretazioan ere eragiten duena, esperientzian. Eta hautemate estetikoa mantentzen bada ere, eta testuen bidez ekintzaren nondik norakoak errazago irudika badaitezke ere, ekintzaren jatorrizko potentzialitatearen zantzurik nagusienak bidean galtzen dira. Hala, erakusketan benetako esanahia hartzen duten proiektuak barne espazioetan eragiteko sorturikoak dira, instalazioen bidez bisitariekiko elkarrizketan funtzionatzen dutenak: SeñalĂ©tica (2003/2015) eta CĂ¡maras de vigilancia (2008), aretoko seinalizazio eta bigilantzia kameren presentziaren eta egitekoen inguruan hausnarketak aktibatzen dituztenak, hurrenez hurren. Gainontzeko proiektuek dokumentazio izaera handiagoa hartzen dute, begirada historiko batetik atzera begiratu eta memoria mantentzeko ariketa gisara.

Eta nahiz eta konparazioak gorrotagarriak izan, erakusketa honetan nintzelarik ezinbestean zetorkidan burura orain dela hamar urtekoa, eta bertan,  ezinbestean faltan izan ditut erakusketarako propio egindako esku hartzeak proposamenari ematen zion batasuna eta ekintza baten parte izatearen ezusteko esperientziaren berezitasuna. Baina agian erakusketan sentitutako hoztasuna proposamenaren erdia soilik ikusi izatearekin lotuta dago; beraz, badut plana hurrengorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.