Zinema

Lehenbiziko pertsona eta «planeta eria», Ikuspuntu jaialdiaren hemezortzigarrenean

80 filmetik gora emanen dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren aurtengo aldian, martxoaren 11tik 16ra bitarte. Su Friedrich eta Joel Akafou zinemagileei eskainiko diete Fokuak atala, aitortza egiteko.

Iruñeko Ikuspuntu jaialdiari buruzko azalpenak eman dituzte arduradunek. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Ikuspuntu jaialdiari buruzko azalpenak eman dituzte arduradunek. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko martxoaren 6a
15:20
Entzun

Jadanik ate joka da Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren XVIII. aldia: astelehenean lotuko zaio bideari, hilaren 11n, eta 16ra arte iraunen du. Hori hala, Iruñeko festibalaren aurtengo egitarauari buruzko xehetasun guztiak aletu dituzte gaur, azkenik, antolatzaile taldeko ordezkariek. Besteak beste, dagoeneko posible da programazioa zenbakitan bistaratzea: 80 film, 65 saio, hamar lehiakide eta 70 bat gonbidatu. Hitz gutxitan ere bai, bada festibalaren muina laburtzea, zuzendari artistiko Manuel Asinen arabera: «Lehenbiziko pertsona, memoria, planeta eria eta generoa».

Iruñeko sei tokitan eginen dituzte egitarauan bildutako jarduerak eta emanaldiak: Baluarten, Golem zinema aretoetan, Nafarroako Filmotekan, Kondestablearen jauregian, Mendillorriko Civivoxen eta Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan.

Aurrez iragarria zenez, festibalaren Sail Ofizialean hamasei herrialdetako 23 lan izanen dira aurten, baina horien arteko hiru ez dira sariak erdiesteko lehian. Hain zuzen, lehiatik kanpo ariko diren hiruretako bat da Oskar Alegriaren azken lana: Zinzindurrunkarratz (2023). Hori da Sail Ofizialean jasoa den Euskal Herriko film bakarra, eta, hain zuzen ere, hark zabalduko du jaialdia astelehenean, 19:30ean. Dena dela, inaugurazio ekitaldian ez dute filma jatorrizko bertsioan emanen —hau da, euskaraz—, gaztelaniaz baizik. Martxoaren 13an emanen dute jatorrizkoan, eta filmak hori izanen du euskarazko estreinaldia, hain justu. Ondotik, solasaldia eginen dute Alegriak eta Eider Rodriguez idazleak, lanaren aitzakian.

Hortaz, guztira hogei lan ariko dira Ikuspunturen sariak irabazteko lehian; hamabi film luze eta zortzi film labur, zehazki. Jaialdiko zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, denera 800 film aurkeztu zituzten, eta lan «zirraragarria» izan da horien guztien artetik aukeraketa egitea. Bistaratuko dituzten kalitatea goraipatu, eta zehaztu du bost lanek estreinaldi absolutua izanen dutela Ikuspuntun, esate baterako. Gainera, Asinek azpimarratu duenez, emanen diren filmen zuzendariek askotariko soslaiak dituzte; badira «atzean urteetako ibilbidea duten beteranoak», baina badira zuzendari «gazte-gazteak» ere, «oraindik aitortza handirik jaso ez dutenak». Eta horiek guztiak festibalean biltzea «poztekoa» da, zuzendariaren iritziz.

Asini nekeza zaio egitarauko film sorta bakarra nabarmentzea. Edonola ere, aitortu du aurtengo egitarauan franko islatu dela Argentinako ez-fikziozko zinemak egun duen «bizitasuna». Hain zuzen, herrialde horretako lau lan emanen dituzte Sail Ofizialean, eta horiei buruzko zenbait hitz esatearekin batera zerrendatu ditu Asinek hiru, miresmenez: Retrato de Mondongo (Mariano Llinas) filma eta zuzendariak haren bidez eginiko «apustu erradikala»; Julieta Secoren Corazón embalsamado lan «urratzailea»; eta La vida a oscuras, «Enrique Bellanderen zuzendaritza zehatzarekin».

Ez soilik atzera

Ikuspunturen hemezortzigarren aldiak dakarren nobedade bat iragarri dute Iruñeko aurkezpenean. Orain arte, jaialdiak Atzera Begirakoak izeneko atal bat izan du, aldiro zinemagile bati edo bati baino gehiagori aitortza egiteko, haren edo haien ibilbideari errepasoa eginez. Ordea, atalari izena aldatu diote orain: Fokuak izanen da aurrerantzean. «Ez baitiegu soilik autore historikoei erreparatu nahi; garaikideak ere nahi ditugu atal honetan», zehaztu du Asinek. Aurten hiru «foku» antolatu dituzte, hala: bata Su Friedrich zuzendari estatubatuarrari eskainia da; beste bat Boli Kostako Joel Akafou zinemagileari begirakoa; eta hirugarrena gai bati lotua izanen da, zuhaitzei buruzkoa, hain zuzen.

«Su Friedrich da, egun, abangoardiako zinema estatubatuarraren ezinbesteko figuretako bat», deskribatu du Asinek zinemagilea, eta gaineratu hain justu ere emakume izateagatik izan zaiola zaila «behar adinako oihartzuna lortzea». Horretarako bidea lautzen ahaleginduko dira Ikuspuntun, Lotzen gaituzten begiztak izeneko programaren bitartez. «Ikusiko da, adibidez, nolako indarra duen argazkilaritzak haren filmetan, nolako autorretratuak egiten dituen, nolakoa izan den haren militantzia feminismoan», azaldu du Asinek. Friedrichen zortzi film emanen dituzte guztira, lau saiotan, eta horietako hiru, 16 milimetrotan.

Joel Akafouri dagokionez, bi lan emanen dituzte Ikuspuntun, Haute Bourgeoisie Française-aren abentura klandestinoak izeneko programan. Bi filmek «diptiko» bat osatzen dute, Asinen irudiko. Bietan pertsona berbera baita protagonista, eta istorio baten parte baitira biak. Afrikatik alde egin eta Europara migratzen duen gazte baten istorioa da ardatza. Asin: «Larria eta mingarria da, eta oso premiazkoa gaur egun».

Ohi denez, filmen emanaldiak ez ezik, askotariko beste jarduera ugari ere eskainiko ditu Ikuspuntuk: hala nola mahai inguruak, tailerrak eta musika emanaldiak. Bestalde, Oteiza museoarekin elkarlanean, Nestor Basterretxeari eskainitako jarduera sorta bat antolatu dute Altzuzan. Artistaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren karietara, haren zenbait film labur emanen dituzte. Gainera, antolatzaileek iragarri dute programa Nafarroatik kanpoko beste areto batzuetara eramanen dutela aurrerantzean; Gasteizko Artium museora, kasurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.