Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Lehengo burutik txapela

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bigarrenez. Xabier aitak jarri dio txapela; Pili amari eskaini dio semeak. Martin buruz burukotik kanpo gelditu da, puntu bakarragatik; hirugarren izan da. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren: Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Beñat Lizaso eta Jon Maia.

Xabier Gaztelumendi aitak Beñat semeari txapela jantzi dion momentua. GORKA RUBIO / FOKU
Manex Mantxola Urrate.
2019ko abenduaren 15a
10:44
Entzun

Astiro joan da berotuz zezen plazako giroa; Anoetako hooliganei inbidia gutxi izan diete Illunbekoek. Irristada batzuk ere izan dira, ondoko Txuri-Urdinen izaten direnen parekoak. Baina, azkenean, final aparta eta oso maila onekoa eskaini dute zortzi bertsolariek.

Agurretan, Aitor Sarasua, Juanito Mitxelena eta Jon Barberena izan ditu gogoan Jon Maiak, eta sortuko direnei egin die erreferentzia. Agin Laburuk Donostiako noria «handi bezain garestia» hartu du aitzakia «behekoak igo eta goikoak jaitsi» daitezkeela nabarmentzeko. Nerea Elustondok aurreko faseetan geratutako kantukideak oroitu ditu. Alaia Martinek bertsoaren nutrizioaz eta piramideen borobiltasunaz kantatu du. Beñat Lizasok, azpeitiartasunaz, capote gabe eta puertagayola egin du salto zezen plazara. Oihana Iguaranek «mugak hautsi» nahi izan ditu: «esan nahi dudan hori daukat irabazteko». Ane Labaka «gorputzetik» abestera eta «hitzei behar adina asterisko» jartzera etorri da. Eta Beñat Gaztelumendik, Anoeta eta Illunbe alderatzearekin batera, talde sena helarazi nahi izan die kantukideei.

Zortziko handian zertzelada txukunez aritu dira bertsolariak. Gehiegi arriskatu gabe, finala pauso sendoz hasi nahian. Aipatzekoak Elustondok eta Martinek haurdun dauden bi emakumeren rolean osatutakoa, baita Lizasok eta Iguaranek eskiatzera joateko gurasoei dirua eskatu behar dien bikotearen paperetik botatakoak ere. Zortziko txikian etorri da final osoko bertsoaldi umoretsu bezain surrealistenetako bat, entzuleak gogotik eskertu duena. Martin eta Maia, lehena okina, iluntzero ixteko ordua heltzen zaionean saldu gabeko ogiak oparitzen dituena; bigarrena, bezeroa, azkenaldian itxi baino bost minutu lehenago azaltzen zaiona. Umore absurdozko hitz-jokoen hartu-eman batean mamitu dute saioa. Martinek ireki dio absurdoari atea: «Altu duzu umorea ta kolesterola./ Dohainik lortzea da zuretzat kirola./ Ez dizut bada gratis emango hola-hola./ Hurrena esango dizut txapata dagola». Eta Maiak apustuari eutsi: «Emaidazu mesedez Alaia txapata,/ inoiz ez dizut sartu hainbeste txapa ta». Eta hordagoa Martinek: «Ni jator-jatorra naiz eta eskuzabala/ eta zu berriz zara xuhurra integrala». Une batez, 6.000 laguneko bertso-afari bilakatu dute Illunbeko plaza.

Puntu-erantzunen txanda heldu da jarraian, eta, luzimendurako baino irristaldirako aukera gehiago ematen dituen ariketa izangatik ere, izan da ateraldi ederrik. Esaterako, Elustondok kirol arroparen inguruan botatako erantzuna: «Pijoen kontra egin ohi degu jarduna,/ baina goretexduna, hoi da diruduna», aldarri dotorea eta egia borobila. Saio ederra osatu du legazpiarrak, eta buruz burukotik ez da urrun ibili. Lizaso eta Laburu ere ziur bezain dotore aritu dira ariketa horretan.

Hamarreko txikian, guztiak izan dira goi mailako saioak. Gainontzekoen sakontasunetik ihesi, nabarmentzekoa izan da Iguaranek eta Gaztelumendik osatu dutena, bi pailazoren rolean. Gaia entzun, eta Iguaranek segituan bideratu du nondik heldu: «Jendeari eskerrak indartsu gaude gu,/ udalak hustu zuena herriak bete du.». Segida Gaztelumendik: «Anaitasuna bete degu hola-hola:/ lehenengo filan haur bat, baba dariola,/ hango muxu gorria ta horko pottola,/ nahiz ta aulkitan ez den ikusten inola,/ ziur Enrique Maia begira dagola». Oraindik egoera nora eraman duten harrapatu ezinik inor baldin balitz ere. «Ea kutsatzen zaion gure kolorea», bota dio Iguaranek; eta «haien mundua baita zuri-beltzekoa», gehitu dio Gaztelumendik. «Zuk begira jendeak ze poz dakarrena./ Haurren irriparra da mendeku ederrena», egin du aldarri lehenak; eta «UPNk nahi zuen gurea gelditu./ Opusi ohi diote errez obeditu/ ta sudur gorri batek ikaratzen ditu», borobildu dute saioa.

Bakarkako gaien unea heldu da ondoren. Bi nabarmentze aldera, Gaztelumendirena bat: langabezia saria kobratzen ari da, eta sari hau baino soldata baxuagoa duen lanpostu bat eskaini diote. «Gaur egun lana deitzen diote esklabo izateari», bota du lehenengoan, «nahiz ta saiatu aurrezten eta bankuan daudenak pizten,/ beti gordetzen beti gordetzen ta inoiz etzait iristen». Bigarrenean, aurreko txapelketan etorkinaren rolean kantatu zuen bertsoaren eskemari keinu eginez, ongi borobildu du ariketa: «Ta ezezkoa erantzun diot zergatia garbi dago:/ duintasunak balio baitu lan batek baino gehiago».

Aipatzeko bigarren bakarkako saioa, Martinek egin duena: iritzia publikoki ematen duen eta etxe parean pintadak egin dizkioten feministaren rolean aritu da. «Beldurra daukat, baina amorrua askoz handiagoa da», bota du lehenengoan; «baina txikia da azken batean gure euskal jendartea/ ta feminista batentzat zail da gauzak argi esatea», zehaztu du bigarrenean; «eta barkatu, jendarte maite, ez bazaude hain ados,/ nire iritzia emango baitut gero ta indar handiagoz», aldarri eginez amaitu du. Saio aparta osatu du oiartzuarrak, amaieretan adina bidean josiz. Buruz burukorako hautagai zuten askok, eta, hain zuzen, azkeneko lehiara pasatzeko puntu bakarrera geratu da.

Buruz burukoaren ordua

Laburuk eta Gaztelumendik batu dute puntu gehien eta, beraz, buruz burukoan abesteko eskubidea. Seiko motzean Lurra planeta bizitoki modura aukeratu edo ez eztabaidan dabiltzan bi estralurtarren rolean kantatu dute, umoretik eta bizi biek ala biek, baina batez ere Laburuk. Puntuka ere beste hainbeste egin dute: Realaren eta Bartzelonaren arteko partida ikustera doazen bi futbolzale katalanen roletik abestu dute, nahastu eta Illunbeko finalean amaitu dutenak. Gaiak berak nahiko irri eragin du entzuleen artean.

Eta kartzela heldu da, amaitzeko. «Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute», zioen gaiak. Laburuk seme autista duen guraso baten rolean kantatu du. «Gure sistema ez da aldatzen eguzkitik eguzkira/ ta hezkuntzara ez dakit zenbat dei egin dedan guztira./ Soilik laguntza eskatzen det nik, ez det eskatzen gupida./ Baino jende ona badira, joan gabe urrutira/ ondoren rugby inklusibora joaten da Hernanira/ ta irripar bat ateratzen zait harmailetatik begira», bota du azken bertsoan.

Gaztelumendik eman dio bukaera saio puntuagarriari. Ikuspegi pertsonaletik edo, bederen, oso sinesgarri batetik heldu dio gaiari. Bizi gidoi alternatibo bat aukeratzearen zilegitasunari buruz kantatu du, beretik bezain gordinetik. Horrela borobildu du bakarkako ariketa bikaina: «eta berdin zait nik diodana besteek entzuten duten./ Nik nahikoa lan badaukat-eta neure burua entzuten».

Azkeneko batuketak eginda, berak bildu ditu puntu gehien. Xabier Gaztelumendi aitak jantzio dio txapela buruan, eta Gipuzkoako txapeldunak amari eskaini dio sari hori, azken agurreko bertsoan:

Bertso eskolak bukatzean
nor egoten zen gure zain
gaixo geundenean nor zen
min denak sendatzeko gai
guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai
eta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai.
Nahiz eta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi
ama, hau zuri eskaini gabe
ez nengoke lasai;
Xabierren semea naiz,
ta Pilirena ere bai.

Azkenean horrela gelditu da Gipuzkoako 2019ko Bertsolari Txapelketako sailkapena:

1. Beñat Gaztelumendi 940,5 puntu.
2. Agin Laburu 916 pt.
3. Alaia Martin 576 pt.
4. Nerea Elustondo 565,5 pt.
5. Oihana Iguaran 560 pt.
6. Ane Labaka 552 pt.
7. Beñat Lizaso 541 pt.
8. Jon Maia 533 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.