Zinema. Estreinaldiak

Lehengo lepotik burua

'Transformers' sailaren hirugarren atalak apenas dakarren aldaketarik aurrekoen aldean; Michael Bayk zuzendu du filmaLehen bi atalek kritika txarrak jaso arren, sailari eusten dio Spielbergen ekoiztetxeak

Autobots eta Decepticons roboten arteko liskarrak dira, berriz ere, nagusi Transformers: Dark of the Moon-en. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso antz handia du Transformers sailak Jurassic Park sailarekin. Bien atzean Steven Spielbergen eskua eta hatsa daude, betiere bigarren maila batean. Zuzendaria eta ekoizlea frankizia bihurtu da, berez saltzen duen izen-abizen horietako bat da, eta horregatik da horren garrantzitsua haren presentzia. Eta Jurassic Park-ekin gertatzen zen moduan, inor gutxik hitz eginen du ongi Transformers sailaren kalitatearen inguruan.

Dena den, bata zein bestea dirua egiteko makinak dira, eta horrela saila ekoizleak aspertu arte luzatzen ahalko da. Dinosauroen kasuan hiru izan dira orain arte egin dituztenak; azkena, 2001ean, Joe Johnstonek zuzendutakoa. Baina dagoeneko iragarria dago laugarrena: aldaketarik ez badago, hurrengo urtean estreinatuko dute, eta hiru dimentsiotako teknika berriak baliatuko ditu.

Transformers-en hirugarren atala oso kritika txarrak jaso zituen bigarrenaren ondotik dator. Saileko lehenak ez zuen aparteko erakargarritasunik, baina gutxienez gaur egungo parametroen arabera egindako akzioko film ikusgarri eta topikoa zen. Bigarrenak, ordea, ez zuen gutxieneko maila ematen, baina nonbait errentagarria suertatu zen.

Zurrumurruek diotena egiaztatzen bada, laugarren atala ere etorriko da laster. Nonbait Steven Spielbergek berak hartuko du zuzendari postua. Dena den, halako esamesak tentu handiz hartu behar dira, Spielbergek zuzendu behar omen dituen balizko proiektu guztiak errealitate bihurtuko balira, zuzendari ospetsuak ez zuen kuluxkatxo bat egiteko astirik izanen.

Michael Bayren neurrira

Oso aldaketa gutxidakar Transformers: Dark of the Moon-ek. Michael Bay zuzendariak segitzen du autoak iragartzeko erabiltzen diren robot erraldoien mugimenduak gidatzen. Protagonista lanetan, Spielbergen aktore kutuna: Harrison Ford berria bihurtu nahi duen Shia LaBeouf grisa. Sailaren barruan gertatu den aldaketa nagusia emakumezko protagonistarengan dago, Megan Foxek ez baitu parte hartu hirugarren ale honetan. Bigarren mailakoen artean, berriz, kalitatezko hainbat aktore ezagun aurkituko ditugu. Batetik, lehen pelikulatik guztietan agertu den John Turturro. Nobedade gisa, John Malkovich eta Frances McDormand.

Istorioari dagokionez, zaharrak berri ditu film berriak. Berriro ere, Autobots eta Decepticons roboten arteko liskarrak izanen dira nagusi. Oraingo honetan, batzuk zein besteak AEBak eta Errusia aurrera eramaten ari diren espazio lasterketan sartuko dira.

Eta berriro ere Sam Witwicky protagonistak lagun robotak lagundu beharko ditu. Ez ditu gauzak batere erraz izanen, jakina, oraingoan Shockwave izeneko etsai boteretsu bat izanen baitu arerio. Horrez gain, Autobots eta Deceptions Lurrean borrokatzen ari diren bitartean, Transformersen aspaldiko ezagun batek Cybertron du menpean.

Izen kotizatua akzio filmetan

Michael Bay zuzendaria bere giroan dago gisa honetako filmak egiten. 1986. urtean The Rock pelikula arrakastatsua egin zuenetik, Hollywoodeko akzioko filmetako izen nagusi bihurtu da. Bere hurrengo bi lanek, Armageddon-ek eta batez ere Pearl Harbor-ek, ez zuten oso harrera ona izan, baina Bayk segitu zuen izen kotizatua izaten.

2005ean egin zuen The Island ez zen askoz film hobea, baina berriro ere arrakasta komertzialaren bidean jarri zuen. Horrez gain, Steven Spielbergen Dreamworks ekoiztetxearen aterkiaren pean egin zuen lehen filma izan zen. Handik bi urtera lehenengo Trasnsformers ailegatu zen, eta hortik aurrera horixe izan da Bayren proiektu kutuna.

'TRANSFORMERS: DARK OF THE MOON'

Zuzendaria: Michael Bay.

Aktoreak: Shia LaBeouf, Josh Duhamel, Rosie Huntington-Whiteley, John Malkovich.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 115 minutu.

Estreinaldia: Atzo estreinatu zuten Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.