ZINEMA

Lehia estua Hollywooden

'The aviator' eta 'Million dolar baby'-ren artean banatuko dira Oscar sari garrantzitsuenak

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bihar goizaldean (gaurtik bihar artean), 01:30etatik aurrera, banatuko dituzte Hollywooden Oscar sariak. Irabazleak nortzuk izango diren aurrez esatea inoiz baino zailagoa den honetan, bi film nabarmentzen dira besteen gainetik: Clint Eastwooden Million dolar baby eta Martin Scorseseren The aviator.

Million dolar baby edo The aviator; The aviator edo Million dolar baby. Saria alde batera nahiz bestera eror daiteke. Hiru Urrezko Globo eta Oscarretarako 11 izendapen jaso ditu Scorseseren filmak; Eastwoodenak, bi Urrezko Globo eta zazpi izendapen. Apustu-etxeek lehenengoaren aldeko joera erakusten dute; zinema kritikariek bigarrena jotzen dute faboritotzat. Oscarrak nork eskuratuko dituen aurreikusteko arrastoak ematen omen dituzten Urrezko Globoetan The aviator-ek eskuratu zuen film onenaren saria; aitzitik, zuzendari onenarena Eastwoodentzat izan zen. Alabaina, gehienetan, zuzendaririk onenaren eta film onenaren Oscarrak bat etortzen dira, nahiz eta hori ez beti horrela izan. 1998an, esaterako, Steven Spielberg izan zen zuzendari onena; Shakespeare in love, berriz, film aukeratua. 2000. urtean ere gauza bera gertatu zen: Steven Soderbergh (Traffic) hautatu arren zuzendaririk hoberentzat, Ridley Scotten Gladiator-ek jaso zuenfilm onenaren Oscarra. Zenbaiten iritziz, aurten ere, zuzendari onena eta film onena ez dira bat etorriko. Eastwood eta Scorsese, eskarmentu handikoak dira biak ere. Hainbat bider hautagaien artean egon bada ere, Scorsesek ez du inoiz Oscarrik irabazi; bai, ordea, Eastwoodek. Unforgiven-ekin, hain zuzen ere. Hori dela eta, Hollywoodeko Akademiak errukia izango duelakoan, Scorsese jotzen dute askok faboritotzat. Alabaina, zapore gazi-gozoa izan dezake sariak Scorseserentzat baldin eta bere filma ez bada nagusitzen.Argi samar dagoen saria aktore onenarena da. Sorpresa handirik ezean Jamie Foxx izango da irabazlea, Ray-n egindako lanagatik. Leonardo DiCapriok (The aviator) bakarrik omen du aukera bakarren bat ezustekoa emateko.Emakume aktoreen artean ere, lehia estua izango da. Faborito nagusiak Annette Bening (Being Julia) eta Hilary Swank dira (Million dolar baby). Hala, 1999ko egoera bera errepikatzen da. Orduan ere, bi aktoreak zeuden hautagaien artean, Swank Boys don't cry-rekin eta Bening American beauty-rekin. Azkenean, Swankek eraman zuen Oscarra, eta aurten ere, iragarpenen arabera, aukera handiak daude gauza bera gertatzeko. Atzerriko hizkuntzan egindako filmen sailean, kinielek Alejandro Amenabarren Mar Adentro jotzen dute faboritotzat, eta Cristophe Barratierren Les Choristes (Frantzia) eta Olivier Hirschbiegelen Des Untergang (Alemania) izango ditu arerio nagusiak.

Ohorezko Oscarra erabakita

Dagoeneko ezagutzen den sari bakarra Ohorezko Oscarrarena da. Sidney Lumet zinema zuzendariak jasoko du. «AEBtako zinemaren historian zuzendaririk garrantzitsuena da Lumet», adierazi zuen Hollywoodeko Zinema Akademiako zuzendari Frank Piersonek. Era horretan, gidoilariei, antzezleei eta zinemari berari eskainitako laguntza guztia eskertu nahi izan diote.

Sarituen berri 01:30 arte jakingo ez bada ere, Hollywoodeko Zinema Akademiako 5.808 kideek otsailaren 22rako, astearterako, emana zuten euren botoa. Price Waterhouse Cooperes enpresako kontu-ikuskariak arduratzen dira botoak zenbatu eta irabazleen izenak isilean gordetzeaz. Sari-banaketa jaialdia Chris Rock komedia antzezleak aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.