Bezperako euforia eta nahasmena igarota, lasaixeagoa izan zen, herenegungo, bigarren eguneko, arratsaldeko giroa. Aurreko eguneko akatsak konpontzen ere saiatu zen antolakuntza, adibidez, garraioaren kontuan. Jaiaren gunean, jende ugari postuetan, merchandising-a edota biniloak begiratzen. Lagun asko, era berean, zelaietan etzanda sargoria zerbeza bidez garaitzen saiatu nahian. Bezperatik kaltetuta zeuden hamaika lagun ere ikus zitezkeen, nora ezean. Bitartean, Spectors taldeko abeslari berritsua ikuslegoa animatzen saiatu zen, baina nahi eta ezin bat izan zen oro har, taldearen eskaintza bezala. Arrakasta handiagoa izan zuten Benjamin Biolay eta Herri Oihuak taldeek; bizi aritu zen Biolay, haren taldekideak ez bezala. Barakaldoko gazteek ere txalo ugari jaso zuten; metal eta rap arteko nahasketa jaialdiaren estilotik kanpora geratu arren, horrelako taula batean jotzeko aukera baliatu zuten.
The Vaccines hastearekin batera, lehenbiziko trumoiak entzun ziren. Ekaitza mehatxuari entzungor egin, eta londrestarrek beraien pop doinuekin dantzan jarri zituzten taula nagusian zeuden ehunka ikusleak. Ez dute ezer berririk asmatu, baina eraginkorrak dira berenean: jendeak abestea, dantzatzea eta ongi pasatzea nahi izaten dute. No Hope eta Teenage Icon abestiek eguneko lehenbiziko dantzak eragin zituzten, baina euriak egoera zaildu, eta laukoteak behar baino lehen amaitu behar izan zuen kontzertua. Beste horrenbeste gertatu zitzaien Mark Lanegani eta enparauei. Zale fidelenek euriari ahal bezala eutsi bitartean, asko izan ziren Live agertokitik aterpe bila ihes egin zutenak. Emanaldia hasi eta ordu erdira eten egin behar izan zuen artista estatubatuarrak.
Euriak mesede egin zien gutxi batzuk ere egon ziren, ordea. Fuel Fandango bikoteak bestela nekez beteko zuen karpa betean jo zuen, adibidez; kamiseta saltzaileek ere pagotxa eduki zuten, arropa lehor bila joan zitzaizkien erosleekin. Guztiarekin, ezer gertatuko ez balitz bezala edanean jarraitzen zuten taldetxoek bilatzen zuten protagonismoa lortu zuten. Atzerapenarekin, baina ateri zela taularatu ziren Klaxons eta Gary Clark Jr. artistak. Derrigorrezko geldialdia egin eta gero, gogotsu hartu zituzten kontzertuak, zaleek zein musikariek.
Followilltarrak, zuzen
Kasualitatea edo ez, Kings Of Leonen Super Soaker single berria izango denarentzako testuinguru bikaina egokitu zen aurreko euri jasarekin. Gaiztoenek orain bi urte Caleb liderrak sorturiko iskanbilarekin lot dezakete abestiaren izenburua; gaizki zegoela-eta, taulatik joan zen abeslaria, eta ez zen berriz agertu; ondorioz, kontzertu hori eta haren urrengo bira osoa bertan behera utzi zuenKOLek. Ikus-entzunezko apaingarriak albo batera utzita, musikan oinarritu zen estatubatuarren kontzertua. Txukun aritu ziren followilldarrak, eta hasieratik izan zuten zaleen babesa: Radioactive abestiaren lehen notekin igarri zen ikusleak irabazita zituela Nashvilleko taldeak. Because of the Times eta Only by the Night lan arrakastatsuen osteko Come Around the Sound diskoan emandako aldaketak igarri zitezkeen kontzertuan ere; horrela, Closer eta My Party abestiek harrera ona izan zuten, berriagoekin alderatuz gero. Bost minutuko atsedenaldia egin eta gero itzuli zen taulara laukotea, On Call, Use Somebody eta Sex On Fire abestiekin emanaldia bukatzeko; azken horretan, publikoa hustu egin zen, abesten. Irailean lan berria kaleratuko dute, Mechanical Bull.
Ostean, agertoki nagusian, PIL taldeak post punk dosia eman zien zaleei. Johnny Rotten Sex Pistols ohiaren taldea zuzen aritu zen taula gainean. Bitartean, Johnny Borrell & Zazou taldeak kontzertu berezia eman zuen; Borrell Ipar Euskal Herrian bizi zen garai batean, eta hemen idatzi omen zituen abestietako asko. Hunkiturik agertu zen abeslaria kantu horiek hemen aurkeztu ahal izateaz. Azken egunerako indarrak gorde nahi zituzten askok; hala ere, ez ziren gutxi izan egunsentiak Kobetamendin harrapatu zituenak.
100.000 lagun
Gogoz hasi zuten hirugarren eta azken eguna atzo Kobetamendira bildu ziren milaka zaleek. Datu ofizialik ez badago ere, 100.000 lagun inguru bildu dira Bilboko musika jaialdi erraldoian. Aurreko egunetan, berriz, Depeche Mode, Kings Of Leon edota Biffy Clyro taldeak izan dira arrakastatsuenak. Atzokoan, Green Day, Vampire Weekend eta The Hives taldeek mugiarazi zuten jendetzarik handiena.
Lehoia beti errege
Ekaitzak ia ordubete atzeratu zituen herenegungo BBK Liveko kontzertuak, eta Mark Laneganek, adibidez, bertan behera utzi behar izan zuen berea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu