Azkeneko hamar urteotan bidelagun izandako musikariekin elkartu zen Fermin Muguruza iaz, eta pentsatu zuten bira bat egitea. Liderra ez zegoen oso konbentzituta, ordea. Zalantzak barrenetik uxatzeko, eta, bide batez, «indarrak neurtzeko», iraila eta azaroa artean Zuloak taldeak egindako biran parte hartzea erabaki zuen. Bolo haietan Zuloak Muguruzak berak zuzendutako pelikula proiektatzen zuten aurrena, taldeak jotzen zuen hurrena, eta bukatzeko, ordubeteko emanaldi bati, sound system bati, forma ematen zioten. Oholtzan, Muguruza bera, Zigor DZ DJa, Xabier Solano trikitilaria, Koldo Soret Surfin Kaoseko gitarrista eta Zuloak-eko kideak. «Zazpi bat kontzertu» eman zituzten, eta Mexiko Hirikoaren ondoren, zera esan zion Muguruzak bere buruari: «Sasoiko nago».
Horregatik abiatu du No More Tour 2013 bira Kontrakantxa bandakoekin. Hori jakinarazi dio Muguruzak BERRIAri, ostegun arratsaldez Hondarribiko Psilocybenean aretoan, iluntzean kontzertu sorpresa bat eman aurretik. Datozen lau hilabeteetarako 30 kontzertutik gora lotu ditu munduaren luze zabalean. Diyarbakirren (Kurdistan) eman zuten aurrenekoa, joan den martxoaren 21ean, milioi bat pertsonaren aurrean, Newroz egunean, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiak PKKren indar armatuei Turkiatik erretiratzeko deia egin zienean kartzelatik. «Gaurko eguna ez da borrokaren amaiera, beste borroka eredu baten hasiera baizik», nabarmendu zuen Ocalanek. Muguruzak, hain zuzen, «borrokarako dei bat bezala» ulertu izan du musika beti. Horra sei urteren ondoren beste bira bati ekiteko bigarren arrazoia.
Eta hirugarren motiboak ospakizun batekin dauka zerikusia. Izan ere, batetik, 50 urte beteko ditu hilaren 20an —«zerbait serioa da... Zer arraio, goazen ospatzera!»— , eta, bestetik, 30 urte, aurten, Kortaturekin lehen abestia konposatu zuenetik. «Beraz, ez da kasualitatea orain bira egitea». Ondarroako Kafe Antzokian emango du gaur birako Euskal Herriko aurreneko kontzertu «ofiziala», 21:00etan hasita, Diyarbakirren eta Bonnen (Alemania) jo ondoren. Musika herriarekin partekatu beharreko zerbait dela iruditzen zaiolako —«horrela hunkitu izan naiz ni»— erabaki zuen herenegun kontzertu sorpresa bat ematea «auzoko jendearentzat». 50 urte egingo ditu, 30 urteko ibilbide musikala osatu du, baina oholtzara igo baino lehenago, Errenterian 1984ko uztailaren 19an Kortaturekin emandako estreinako kontzertuaren aurretik nabaritzen zuen «tentsio» hori sentitzen du oraindik ere. «Kaiolatutako lehoia sentitzen naiz», esan du emanaldia hasteko pare bat ordu falta zirenean. Eta lehoiak oholtza behar du.
Psilocybeneara heltzean, ordea, 16:00etan, agertokian ez da ez orrorik entzuten, ez izerdirik usaintzen, eta instrumentuak bere lekuan kokatzen ari da Anartz Gisasola; Muguruzari agertokia ordenatzen dion eibartarra, zuzenekoan zein aurretik oholtzan gertatzen denari adi dagoen «bihotz erraldoiko animalia». Psilocybeneako teknikari bat ere badabil hari laguntzen. Kasualitatea da, baina aretoko bozgorailuetatik, ozen antzean, Public Enemyren, Muguruzaren talde kutunetako baten, doinuak entzuten dira. «Don't Believe the Hype». Euria goian-behean kanpoan, Irun eta Hondarribia lotzen dituen Amutalde kalean, hotz antzean giroa apirila izateko, eta hiruzpalau ordu geroago areto txukun eta mimatua lehertuko duen festaren zantzurik ez, artean, inondik inora.
«Zikloarekin» hausten saiatu
Heldu da, bien bitartean, Muguruza. Psilocybeneaz mintzo da. «Dutekin hemen entseatzen nuen», kontatu du. Aretoari buruzko beste hainbat datu eman ditu. Eskola nazionala izan zela, 1993an hasi zirela inguruko musikariak hara entseatzera biltzen. Ematen du arratsalde osoa pasatuko lukeela, gustura, autogestioaz, auzolanaz eta bestez hitz egiten, baina, horiez gain, beste zenbait gai aletu behar ditu. Estudiorako gonbita egin du, ate astun horietako bat ireki ondoren. Luze hitz egingo du. Birarako aukeratutako okasioaz, adibidez. «Disko batek dakarren ziklo hori errutina bilakatu zitzaidan. Horrela antolatuta dago, eta oso zaila da hori puskatzea musikari batzuentzat. Grabaketa, promozioa, eta bira. Orain urte dezente nekatu nintzen horrekin, baina ez nuen beste formularik bilatzen». Geroz eta denbora tarte gehiago utzi du biren artean, hori bai. Egin zuen bat bi urtekoa 2003 eta 2004an, eta beste bat 2007an. Gero, murgildu zen, «erabat», ikus-entzunezkoetan. 2008an, bere estudioko azkeneko lana (Asthmatic Lion Sound Systema) kaleratu ondotik, bazeukaten buruan beste bira bat egiteko intentzioa, baina orduan iritsi zen Al Jazeera telebista kateak musika arabiarrari buruzko Next Music Station dokumental sorta egiteko enkargua.
Argi dago ikus-entzunezkoari berebiziko garrantzia ematen diola Muguruzak. Hala, pertsona bat daukate taldean dena grabatzen, biraren amaieran dokumental bat egiteko asmoa daukate-eta. Sarearen bidez, gainera, «mikro-informazio dosi batzuk» bidaltzen dituzte egunero, kontzertuetan-eta edo aurretik gertatzen zaienarekin. «Pieza txikiak dira, minutu batekoak edo gehienez».
«Zorabio moduko bat»
Sei urte pasatu dira bere azkeneko bira egin zuenetik, eta oraingoaren aurrean sentitzen du «zorabio» moduko bat. «Egin ditut kolaborazioak-eta, baina bira batek eskatzen duen indar fisiko eta psikologikoari aurre egiteko indarra behar da». Hamahiru pertsona ateratzen dira biran: bederatzi musikariak eta taldeko beste lau pertsona. «Logistikoki korapilatsu samarra da. Amaia Apaolaza ekoizleak eta biok lau hilabete daramatzagu hau dena antolatzen. Azkenean, ia urtebeteko lana antolatzen dugu».
Azkeneko egunotan Angel Katarain teknikariaren Azkarateko (Nafarroa) estudioan bildu ziren musikariak entseatzeko. «Neke handia pilatu dugu, goiz eta arratsalde aritu garelako». Baina «gozatu» egin dute. «Bandako kideak zoragarriak dira pertsonalki eta musikalki, eta bira hau, azkenean, enkontru baten modukoa». Munduan zehar urteen joan-etorrian egindako lagunekin berriro «topo egiteko» baliatuko baitute.
Izenari erreparatuta, Muguruzaren azkenekoa izango dela dirudi... No More. «Neure buruaz pixkat trufatzeko jarri genion izen hori; taldekideen arteko txantxa bat da». 2003-2004koan jasandako mehatxu eta zentsura eskaerek sekulako tentsioa pilatu zuten haren barrenean, eta arazo fisikoak ere eduki zituen horregatik. «Atera zen nonbait ez nuela inoiz gehiago beste birarik egingo...». 2007koa hasi behar zuenean zera idatzi zuen: «Never say, never again (Inoiz ez esan, berriro inoiz ez)». «Hamar urte barru bira bat egingo dut igual berriro... Makilarekin, agian?». Kontu horri barre egiten diote taldekoek.
Aditzen zaie, ari dira jada entseatzen. Asko dira: zortzi. Muguruzak Brigadistak Sound System (Esan Ozenki, 1999) diskoa aurkeztu eta zuzenekoetan Fermin Muguruza Dub Manifest bandarekin aurkezten hasi zenean, adierazi zuen bere nahietako bat zela James Brownek bezala big band bat edukitzea atzean. «Horrelakoa boutade-ak esaten ditut tarteka», bota du, barrez, hura gogoratuta. Zaila da hura formatu txiki batean irudikatzea, «denak» esperimentatu dituen arren. «Bartzelonako En persona zikloan, esaterako, nire ibilbideko disko bakoitzeko abesti bat jo nuen. Xabier Solano (trikitixa) eta Jon Elizalde (tronboia) izan nituen alboan; eta ni nire Fender Telecaster gitarra mitikoarekin». Gustatzen zaizkio halako formatuak. «Baina bira bat egiteko...beste planteamendu bat behar du... Disko batekin-edo». Hortaz, kasu «isolatuak» edo «salbuespenak» dira beretzako. «Izan ere, eszenatokia oraindik plataforma tribal bat da niretzako, non sakrifizio bat eskaintzen diodan publikoari». Musika ez da entretenimendua harentzako, «gizartearekin lotutako zerbait baizik».
Baina musikaz gain, idatzi ditu zutabeak, egin ditu dokumentalak, lan egin du irrati batean... Zerbaitetan beti. «Azkar mugitzen naiz. Nire gaitzesleek esango dute oportunismoa dela. Beste gauza bat da hor zaudela, tokatzen zaizula», azaldu du; eta zera erantsi, ironiaz: «Ulertzen dut norbaitek niri inbidia edukitzea». Aldarrikatzen du lana «erruz» egiten duela eta arriskatzen dela. Sentitu du inbidia; gaitz baten moduan, gainera, Euskal Herrian: «Burua besteak baino pixkat gehiago altxatuz gero, aizkorarekin lepoa mozten dizute. Aizkora hegalariak daude testuinguru guztietan». Sutzen ari da Muguruza: «Herri honetan bada zera gaizto bat, eragin oso txarra duena jendearengan, eta hori artaldea da». Baina inbidia hori sortzen da, haren ustez, parean badagoelako komunitate bat, «bere musikariak, bere jendea sostengatzen duena». Badaki badituela gaitzesleak, baina baita kalean edo sare sozialen bidez animoak bidaltzen dizkiotenak ere. «Herri honetan babestuta sentitzen naiz. Jende asko zegoen nik beste bira bat egiteko desiratzen».
«Inertziaz» osatu zuen sarea mundu osoan, komunitatea, «auzolana edo sinergia» bezalako kontzeptuak entzuten ez zirenean ia-ia. «Lantaldeak bilatzeko, mugitzeko eta horiei tira egiteko gaitasuna badudala uste dut. Nire gabezia da, ordea, ondokoari eskatzea nik neure buruari eskatzen diodana. Hori ezin da». Ikasi du hori.
Ondoan dituenekin bat egitea du gogoko, eta musikan ere nahasketara jotzen du: reggaea, duba, soula, drum and bassa, junglea, raggamuffina, folklorea, dancehall, hip hopa... Hamaika estilo. Rocka eta reggaea ardatzean, ordea. «Hor dago dena. Horren adibide garbiena da The Clashen Sandinista! (1980) diskoa. Hor daukazu musikaren historia».
Muguruza bera ari da historia egiten. Sorkuntzaren alorrean ia edozein diziplinarekin ahalegindu da; baita abestiak ez direnak idazten ere. Harkaitz Canorekin batera Black is Beltza gidoia idatzi du, esaterako. «Animazio film bat egin nahi genuen... Ikusiko dugu. Momentuz, Jorge Alderete ilustratzailea diseinua prestatzen ari da nobela grafiko bat egiteko. Ea datorren urterako...». Musikaz aparte, «beste fronte» batzuk dauzka irekita, berak esaten duen bezala.
Baina batez ere musikaria da Muguruza. Hortaz, solas luzea amaituta ireki du estudioko ate astuna, egin du entseguko zehaztapen bat Katarainekin, igo da eszenatokira, agurtu ditu musikariak adeitsu, eta hasi da musikarekin dantzan. Lehoiak oholtzan behar duelako.
Elkarrizketa ikusi ahal izateko, jo gure webgunera
www.berria.info
Lehoiak oholtza behar du
'No More Tour 2013' birako Euskal Herriko lehen kontzertua emango du Fermin Muguruzak gaur Ondarroan. 30 urteko ibilbidea osatu du, 50 urte betzekotan da, eta herriarekin ospatu nahi du, musika hala ulertzen baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu