Kritika. Literatura

Leiho bat iraganekoa

'Kontua eta zikina' liburuaren azala.
'Kontua eta zikina' liburuaren azala.
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'KONTUA ETA ZIKINA'

XX. mendeko Gipuzkoan girotzen da Ibai eta Eneko Iztueta Azurmendi anaiek, Aritz Vieites ilustratzailearekin batera, Txalaparta etxean argitaratutako Kontua eta zikina nobela grafikoa. Funtsean, misterioz betetako ama-alaben hilketa bikoitz baten ingurumarietan oinarritzen da obra. Argitaletxean bertan egin zuten liburuaren aurkezpenean azpimarratu zenez, baina, hilketa hori ez omen da, istorio agerikoena izanda ere, komikiaren funtsa edo oinarria; memoriaren (eta horrekin lotuta dauden elementu guztien) transmisioak berebiziko garrantzia hartzen du: «Bukaeran liburuan bada beste keinu bat ohitura, usadioei eta, bereziki, hizkuntzaren eta euskararen transmisioaren kezkari egina». Bat nator neu ere irakurketa horrekin; izan ere, liburuak erailketa bikoitzaren makurra ikusgarri egiten badu ere, kanpoko maila diegetikoan kontakizun horren harira josten den ama-alaba harremana eta transmisioa da protagonista, duda barik. Hala ere, ñabardura bat gehituko nieke hitz horiei: ez da amaieran bakarrik egiten den keinua, komikia hasi eta buka zeharkatzen duen haria baizik. Nokaren erabilerak ez ezik, elementu narratologikoek ere hori iradokitzen digutela esango nuke: tramak baino, alegia, gertatutakoek baino, testuinguruak hartzen du garrantzia, espazioaren errepresentazioak, ardatz kronologikoaren saltoek, eta, batez ere, elkarrizketek. Nobela grafikoak, teknikoki, alderdi horietara bideratzen du irakurlea, eta hala, edukia baino, hots hilketa, eduki hori biltzen eta hauspotzen duena garrantzitsuagoa dela erakusten digu. 

Ilustrazioek ere leku berean egiten dute azpimarra. Iruditu zait Vieitesen estiloak paisaiak eta testuinguru horien xehetasunak irudikatzerakoan eta transmititzerakoan jotzen duela goia. Hala, irakurleak, hitzez ez ezik, irudiz ere, 1929ko Tolosa ikusi ahal izango du, garaiko gizarteko praktikak, jantziak, ekonomia, kaleak; 1937ko Gernikako bonbardaketa, eta Picassoren koadro entzutetsuaren berrinterpretazioa; bai eta mende bereko eraikin, giro landatar eta euskal ohiturak ere. Pertsonaiak ez zaizkit horren gertukoak egin grafikoki; obrak, alderdi plastikoan ere, indarra hartu du tramaren bilgarria irudikatzen.

Kontatzen ez dena ahaztu eta galdu egiten omen da, postmemoriaren belaunaldikoa naizen honek ondo daki horretaz. Eta, nago Iztueta anaien eta Vieitesen proposamenak, hain zuzen ere, hilketa baten nondik norakoak baino, askoz ere alderdi gehiago kontatu nahi izan dituela misterioz betetako gertaera hori aitzakiatzat hartuta; bi aldiz kontatu ere: batetik, narratologikoki, istorio nagusiko amak alabari kontatzen dionean; bestetik, balizko irakurleoi, bien arteko elkarrizketen eta bizitza-txatalen testigu egiten gaituenean. Alde horretatik, komikiak leiho bat irekitzen digu parez pare; leiho bat protagonista diren ama-alaben bizitzetara, baina, batez ere, leiho bat iragan hurbilera, (euskal) memoria kolektibora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.