June San Sebastian ilustratzailearen irudiez gainera, dantza eta musika ere uztartzen ditu Leire Bilbao idazlearen Klera albumak. Elkar argitaletxeak plazaratu zuen iaz, eta Jon Maiak, Kukai dantza taldeak eta Maite Larburuk osatu zuten proiektua. Eta lan horregatik eman diote orain Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala Bilbaori. Aitortza ez ezik, 30.000 euro ere jasoko ditu egileak.
Espainiako Kultura Ministerioak ohar bidez adierazi duenez, bere «edertasun poetikoagatik» hautatu du Leire Bilbaoren Klera albuma: «Kulturaren, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa inplizituki agertzen du egileak, eta gatazka, gerra, heriotza eta horien gisako gai gordinak haurrek ulertzeko moduan azaltzen ditu». Halaber, «etiketarik gabeko» eta «diziplinen arteko» literaturaren etsenplutzat jo du epaimahaiak albuma: «Pieza delikatu bat da, eta ezinbestekoa, giza naturaren sakoneraino jotzen duena».
Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, Bizkaia, 1978) haur eta gazte literaturako idazle ez ezik, poeta ere bada. Liburu esanguratsuak eman ditu bi arloetan, 2006. urtetik hasita. Urte hartan arlo bateko zein besteko liburuak plazaratu zituen: Ezkatak poema liburua (Susa), eta Amonak nobioa du, eta zer? haurrentzako liburua (Elkar).
Nobedaderik, urtero
Harrezkeroztik, ibilbide oparoa egin du Haur eta Gazte literaturan, eta urtero izan da haren nobedaderik. Hona hemen horietarik batzuk: Markel Gelazikin (2007), Garazi Gerezi (2009), Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska (2010), Oihana hirian (2011), Euli bat bihotzean (2013), Gerrak ez du izenik (2013), Doministripu jauna (2014), Itsasoa edan dut (2014), Xomorropoemak eta beste piztia batzuk (2016), Pikondoen balada (2017), Mokotxiki (2017), Itzal itzela (2022) eta Zerua lapurtu dute (2024).
Haur eta gazte literaturan egindako ibilbidean sari ugari jaso du Bilbaok. Besteak beste, Etxepare Saria jaso zuen 2013an (Gerrak ez du izenik), Lizardi saria 2016an (Pikondoen balada), Euskadi Saria 2017an (Xomorropoemak eta beste piztia batzuk) eta 2022an (Barruko hotsak), eta Kirico saria 2019an (Bichopoemas y otras bestias, 2017an argitaratutako liburuaren itzulpena). Literaturia jaialdian ere aitortza egin zioten, Literattipia atalean.
Baita poeta ere
Poema liburuak urriagoak izanagatik ere, aparteko eragina izan dute euskal letretan. Ezkatak plazaratu eta bost urteren buruan, 2011n, Scanner eman zuen argitara. 2020an, berriz, Etxeko urak kaleratu zuen, eta poema liburu horrekin Lauaxeta Saria irabazi zuen 2021ean. 2022an, berriz, Rosalia de Castro saria jaso zuen.
Espainiako Sari Nazionala Espainiako Kultura Ministerioak antolatzen du urtero, eta estatu horretako hizkuntza ofizialetako batean sortu eta aurreko urtean argitaratutako liburuak hartzen ditu aintzat. Aurtengo epaimahaian honako hauek izan dira, besteak beste: Maria Jose Galvez Salvador (Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren Arloko Espainiako zuzendari nagusia), Almudena Hernandez de la Torre Chicote (Liburuaren, Irakurketaren eta Letren Sustapenerako Espainiako zuzendariorde nagusia), Jose Manuel Sanchez Ron (Espainiako Errege Akademia), Xosefa Casalderrey Fraga (Galizieraren Errege Akademia), Fermin Erbiti Zabalza (Euskaltzaindia) eta Monika Rodriguez (aurreko aldiko saritua).