Pentsa, aforoa ere handitu behar izan zuten astebete lehenago: Herri Aretotik kiroldegira lekualdatu zuten saioa. Finalaren aitzinetik azken aurreko saioa zen gaurkoa, eta urduritzen hasteko nahikoa motibo da hori bertsozaleentzat. Zortzi lagun bertzerik ez dira kabitzen Nafarroa Arenako oholtzan, eta gaur lortu du Julio Soto Ezkurdiak bertan kantatzeko bermea. Leitzan jokatu da bigarren finalaurrekoa, eta hura irabazita, zuzen-zuzenean sailkatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako. 526,5 puntu lortu ditu, eta epaimahaiak haren gibeletik zerrendatu ditu bertze bortz bertsolariak: Sarai Robles Vitas (494 puntu), Mikel Lasarte Cia (454,5 puntu), Kattin Madariaga Apaolaza (451,5 puntu), Patxi Castillo Graciarena (422,5 puntu) eta Jabi Lezaun Landa (418 puntu).
Joan den astean Agoizko saioa irabazita, Eneko Lazkoz ere finalerako sailkatu zen, eta gaur-gaurkoz bi horiek dira finalean kantatuko dutela seguru dakiten bi bertsolari bakarrak. Gainerako seiak heldu den astean zehaztuko dira, Tafallako saioa bukatzen denean. Roblesek eta Ekhiñe Zapiainek puntuazio bera daukate, eta ziurrenik biak izanen dira finalean.
Zortziko handian hasi dituzte ofizioak, Iratxe Legarra Nuin gai jartzaileak hala aginduta, eta Roblesen eta Madariagaren lanak jaso ditu txalo gehien. Gurasoak ziren biak, eta alabak futboleko epaile izan nahi zuela erran die. Zalantzati hasi da Madariaga: «Epaile izaten berez zail bada/ pentsa zazu neska bada». Ados agertu da Robles, eta galdera bota dio: «Nirekin ados baldin bazaude/ ta ez badiogu uzten/ zu edota ni nor izango da/ lehena ametsa zapuzten». Roblesek bizkarzain izan zitekeela proposatu dio bikoteari, baina ez du kidea konbentzitu: «Nahi den guztia kasu guztitan/ ezin da izan bizitzan/ baina guk altu sala dezagun/ zergatik ezin den izan».
Zortziko txikian Sotoren eta Madariagaren arteko elkarrizketak eragin ditu irri gehien: taberna batean Trivial jolasean ari ziren bi kide izan dira. Lagunari galdetu gabe erantzun du Sotok, dena jakinen balu bezala, baina ez du bakarrik ere asmatu. «Jo txapel gehiegitxo/ ez al dauzkazu zuk», bota dio Madariagak, eta hala erantzun Sotok: «Tenporizadorea/ hasten da tik-tak-tik/ ez du ematen baina/ nik pila bat dakit». Hamarreko txikia izan da azken bikotekako lana, eta nahiko bizi aritu dira, oro har.Â
Amatxiren ariketak
Isil-isilik aditu dute entzuleek bakarka hiru bertso osatzeko gaia; hala zioen: «Zure bizitzan aldaketak eraginen ditu. Bertigoa ematen dizun arren, egin nahi duzu». Lehena izan da Soto kantatzen; lehena eta txalotuena. Doinu berezia erabili du, eta zehaztasun handiz kontatu du istorioa. Amatxi bat gorpuztu du; zaharra zen, eta kostatu arren, azkenean onartu du laguntza. Neska gazte bat joaten zaio orain burua bizi mantentzeko ariketak egitera. «Laurogehita bost urte dauzkat nik/ naiz hezurra ta azala/ ta goiko horri eskatzen diot/ pixkaten utzi nazala/ oraindik badut bizi gogoa/ oraindik badut morala/ gastatuz doaz zango, bizkarrak/ nekatuz noa, normala/ ta jabetu naiz burua ere/ jada nekatuz doala». Ez zegoen konforme hasieran, baina eskertzen dio bisitan orain. Txalo zaparrada beroa jaso du azken bertsoa bukatu ahala: «Nik sumar, restar ikasi nuen/ ze aldaketak hitzari/ gaur dela gehitu gaur dela kendu/ gazte bat daukat hizlari/ Ana izenez heldu da bera/ ze neska jator ta argi/ aitortu diot neukan zalantza/ baina orain nauka adi/ zahartzaroan ikasten dugu/ zenbat diren bi eta bi».
Haurdunaldia izan da Castilloren aldaketa, eta horrek eragiten dio bertigoa, hain zuzen. Zalantzak, kezkak eta urduritasunak kontatu ditu, baina, arazoak arazo, kontent agertu da. Kontsumoarekin du, berriz, arazoa Lasartek; bertze aukerarik eduki ez eta klinika batera joan da sendatzera. Ez dago eroso, baina derrigor egin behar du aitzinera, eta gelditzea erabaki du: «Bertigoa dut baina lasaitzen/ hasia zait honezkero/ konfiantza dut nire barruan/ besterik ez dut espero/ esku ugarik helduko naute/ berriz erori ezkero». «Ta noski lortu nahi nuke/ enpresa batean lana/ lan eiteko gogoa dut/ baina azal beltzarana». Horixe izan da Lezaunen arazoa, lan egin nahi zuela baina ez zekiela nola egin jauzi mundu horretara.Â
Eta bi gelditzen ziren kantatzeko: Robles eta Madariaga. Inork espero ez zuen pertsona bat gorpuztu du Roblesek: Vito Quiles. Unibertsitate bira bat egiten ari zen, eta harrituta agertu da herriaren erantzunarekin. «Nahiz ta buruz dakizkidan/ mila diskurtsu ta datu/ gertatu zaidanerako/ inortxok ez nau prestatu/ asteburua pasatzera/ etxera naiz gerturatu/ ta herrian inortxok ez nau/ aurpegira begiratu». Bere burua defendatuz erantzun dio herriari: «Kamerak eta jurruak/ baldin badatoz nigana/ herria haserre badago/ nik bete dut nire lana».
Ederki aritu da Madariaga bakarka —17 urte ditu, eta txapelketako bertsolaririk gazteena da—, unibertsitate ikastetak egitera Bartzelonara joanen den ikasle baten larrutik. Bertigoak bertigo, ez dio zalantzari zirrikitu handirik ireki: «Nik biharra ikusten dut/ aukeraz gainezka lepo/ hau aukera bikaina da/ denok duzue usteko/ bizirauteari utzi/ eta bizitzen hasteko». Lan horren aitzinetik, dena dela, poto bat egin du puntu erantzunetan, birritan erabilita munduan errima. Elkar agurtu eta, bat-batean, hustu egin da kiroldegia.