Idazlea

Gorka Erostarbe: «Lekuak habitatzeko modu jakin bat galdu dugu»

Auzoaren tempoan urtzea beste denbora batean sartzea da Erostarberentzat. Kontzientzia horretatik eta haren aldeko aldarri nahi batetik abiatuta ondu du 'Auzokinak' poema liburua. Askotariko talkez dihardu, nostalgia eta erromantizismoa bazter utzi gabe.

Gorka Erostarbe, Zumarragan, azaroaren 6an. JON URBE / FOKU
Gorka Erostarbe, Zumarragan, azaroaren 6an. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Zumarraga
2025eko azaroaren 26a
05:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euria hastear da, eta taberna kanpoan bi gizon hitz aspertuan ari dira noiz eta nola botako duen eztabaidan, zer esan duen telebistak, zer dioen zeruak. Andre bat atera da barrutik, eta pareko txakur batengana makurtu du gorputza. Eszena arruntak dira, egunerokoarenak, eta poesiarako gai izan daitezke horiek Gorka Erostarberentzat (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Inguru hurbilean eta, zehatzago, auzoan jarri baitu arreta bere estreinako poema liburua osatzeko: Auzokinak (Elkar). Dioenez, «bizitzaren eta auzokideen keinuetan» topatu du poesia, noiz eta garaia «diskurtso hanpatuz» gainkargatuta sumatzen duen honetan. Paradoxa onartu du, hala ere, elkarrizketaren erdian: «Ari naiz diskurtsoaren kontra, eta diskurtsoa egiten ari naiz ni ere; hor bizi gara».

Denbora daramazu auzoko bizimoduari, auzotarrei begira. «Neurrian badago guztiaren giltza/ auzoa da nirea», dio orain poemetako batek. Zer du tamaina horrek zuretzat? 

Klik bat egon zen. Gaztaroan izaten dugu kanpora ateratzeko nahi-behar bat, gauza berriak, jende berria ezagutzekoa. 1990eko hamarkadan nerabe ginenon ohiko joera zen behintzat nor izateko-edo esperientziak kanpoan bilatzea. Globalizazioaren lehen zantzuak zetozen orduan. Eta hortik ere ikasten da, noski, baina gero, bizitzak hala ekarrita, auzorako itzulera bat izan nuen, bai pandemiak eta bai gurasotasunak hartaratuta. Eta hor beste denbora bat etorri zitzaidan, malguagoa; produkzioari, azelerazioari, kontsumoari ez hain lotua. Kafetegitik eta leihotik asko begiratzeko tartea izan da. Gertuko horiengan jarri nuen begirada, eta iruditu zitzaidan ariketa polita izan zitekeela ikusten ari nintzen hori poetizatzea.

Eta nola izan da hori?

Ez dakit. Poesia sortzea baino gehiago izan da lehenengo poesia antzematea, eta gero atzematea. Nik uste dut poesia egon badagoela bizitzan, badaudela poesia uneak, tarteak, falta zaiguna dela arreta horretara bideratzea. Nire egitekoa gehiago izan da zentzumen guztiak horretan jartzea: tximeleta ehiztariak bezala, tximeleta ikusitakoan salabardoa botatzea. Gero hobeto edo traketsago islatuko duzu hori, baina lehenengo-lehenengo begirada poetikoa dago. Haren denbora erabat kontrajartzen da bizitza garaikide ultrakapitalista eta ultraazkar honen denborarekin, eta uste dut ondo etorriko litzaigukeela hari gehiago erreparatzea, zentzu guztietan.

«Abstrakzio batzuetan sartzea baliagarria izan daiteke, baina hemen neure buruari jarritako premisa bat izan da hori ez egitea: airetara joan ordez igogailua hartu, atarira jatsi eta auzokideekin nahastea»

Urola erreka, auzoko farmazia, eliza, frontoia... halakoak ageri dira poema askotan. Arruntaren arruntez begiratzen ez den hori bistaratzea izan da asmoetako bat?

Poesian, abstrakzio batzuetan sartzea baliagarria izan daiteke, baina hemen neure buruari jarritako premisa bat izan da hori ez egitea: airetara joan ordez igogailua hartu, atarira jatsi eta auzokideekin nahastea, gutxienez begi-belarriak hor jartzea. Liburua bada auzokideak gertu sentitzearen eta haiekiko enpatia sentitzearen ondorio bat ere. Uste dut diskurtso handien garaia bizi dugula, diskurtsibitate puztu batena, eta hor ez da lekurik ñabardurentzat. Eta ez dut esaten diskurtsoak behar ez direnik, baina gehiago interesatu zait keinua, eta iruditzen zait galtzen ari dela. Keinuak ez du zertan gorputz imintzio bat izan.

Zer izan daiteke?

Keinua, niretzat, oso harantzago ez doan komunikazio sinple-sinple bat da. Esan duzuna, konturatu ez zaren arren, hor dagoena, eta hori auzokideek asko irakatsi didate. Diskurtso handirik gabe zaindu egin naute, esaterako. Horretaz konturatzen zarenean, zoragarria da. Beste denbora batean sartzen zara: pausatuagoa, beste kalitate bat daukan denbora bat.

Denboraren joana bera ere izan daiteke liburuko gaietako bat?

Bai. Denbora ezberdinek talka egiten dute liburuan, eta talka hitza ere modu zabalagoan aipatuko nuke. Badago, esaterako, niaren eta kolektibotasunaren arteko talka bat: ni poetikoak aske izan nahi du, baina nahi horretan askotan bakardadea sentitzen du eta auzoa behar du; auzoak komunitatea sortzen du, babesa, eta gizakiak behar du hori, baina dogma ere bihur daiteke. Ezer ebazteko asmorik gabe, tentsio horietatik ere sortu dira poemak.

«Nostalgiak eta erromantizismoak berniz peioratibo samar bat hartu dute, eta neurri batean ados nago. Baina, aldi berean, denbora berriak irudikatzeko tresna izan daitezkeela ere iruditzen zait»

Soseguaren eta sosegurik ezaren arteko talka ere ageri da, adibidez, armiarma beltz baten bitartez adierazita bigarrena. Sosegurik ezaren aurrean, patxada eskaintzen duen eremu modura ageri da auzoa.

Ezinbestean. Askotan gertatu zait: burua erabat nahastuta eduki egunerokoaren ustezko arazoekin —«artikulu bat entregatu behar dut, honi deitu behar diot, hiru mezu erantzuteko...»—, ito behar batean; behera jaitsi, sagarrak erostera joan, eta listo. Nadinengana, pakistandar batengana joaten naiz, eta hark «hombre, amigo, hau oso ona daukazu, beste hau ez dakit zer», eta ja sartzen zara beste nonbaiten. Dena hain digitala den garai honetan, auzoa bada leku fisiko bat ere, eta uste dut galdu egin dugula lekuak habitatzeko modu jakin bat. Horrek esperientzia gizatiarrak ekartzen dizkizu, eta horren erreibindikazio moduko bat ere badago liburuan: beste denbora bat habitatzeko nahiarena. Belar dendara edo fruta dendara joaten zarenekoa.

Poema batzuk arnasa luzekoak dira, beste batzuk labur-laburrak, puntuaziorik gabekoak denak... Nola joan da bilaketa alde horretatik?

Asko erauntsi modura sortu dira; batzuk narratiboagoak atera zaizkit, beste batzuk ia aforistikoak dira. Gaurko bizitzaren dinamika kaotikoaren erakusle ere bada, segur aski. Lehen kolpean idatzitako asko dago, nahiz eta gero orraztu eta kimatzen saiatu.

Beste ideia bat etorri zait: nostalgia eta erromantizismoa. Biek berniz peioratibo samar bat hartu dute, eta neurri batean ados nago. Aldi berean, denbora berriak irudikatzeko tresna izan daitezkeela ere iruditzen zait. Nostalgiak ezinbestean memoria ariketa bat eragiten dizu, eta kreatibitate bat ere eman dizu. Erromantizismoak... jo, nik erromantizismoa ni-aren indarrarekin eta batzuetan masaren kontrakarrean aritze horrekin ere lotzen dut, eta horrek ere indar bat ematen du, eta pasioa, gauzak pasioz egitea. Behintzat birpentsatzeko moduak izan daitezkeela iruditzen zait.

«Arratsaldean erdi siestan harrapatzen zaituen argia, hori da niretzat bizi-emailea. Ez eguerdiko hamabietako argi zuzen itsugarri zuzen hori»

Liburu honen aurreko argitalpena Egañazpi trikitilariaren biografia izan zenuen, eta bada tradizionaltzat jo izan den munduaren oihartzun bat ere poemotan, pop-rockeko erreferentzia ugarirekin kontrastean.

Bai. Nolabait esateko, Araotz da [Oñatiko landaguneko auzoa] eta Egia da [Donostiako auzoa]. Bi mundu horiek maite ditut izugarri, baina ohartzen naiz zama bat ere ekarri didatela; mundu oso maskulino eta lehiakor bat, informazio gaindosi eta kanpokoa eta berriena nahitaez balioestea... Badira gauza kritikagarriak, baina uste dut enpatia ariketatxo bat egin dudala, gauzak nondik datozen hobeto ulertzeko. 

Gauza batzuk goibelak dira, baina beti dago argi printzarako bidea. Leiho saretik zulotxotik sartzen den argitxo hori, badakizu? Arratsaldetan erdi siestan harrapatzen zaituena, hori da niretzat bizi-emailea. Badago poema bat, umeen siestarena; haiekin sartu siestara, urduri sartu, eta azkenean beraien tempoan nola sartzen zaren eta argi leun hori nola nabaritzen duzun pertsianatik sartzen. Poema horretan [Leiho-sare erdi itxitik] agertzen den argi mota hori da niretzat bizia eta da poesia. Ez eguerdiko hamabietako argi zuzen itsugarri zuzen hori, nahiz eta hori ere behar dugun, segur aski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.