Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Lekuzkanpotzea

2026ko apirilaren 19a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazken gaua. Wasap mezua lagunei. «SOS_deiak! Zure laguntza behar dut. Hurrengo zutabea idazteko ideiarik gabe nago, epemuga gerturatzen ari da eta esperimentu bat egitea otu zait. Emango zenidake 1) izen bat 2) izenondo bat 3) aditz bat 4) gai bat. Edo, besterik gabe, burura datozkizun lau hitz? Eskerrik anitx 🙏😊🧚». Asmoa da bi egunotan bidali dizkidaten hitzekin nolabaiteko kultur analisi bat egitea. Lortuko al dut? Damutuko al naiz?

Pittaka noa erantzunak jasotzen: ardia, gorria, erre, despoblazioa dio batek. Hitzotan deskubritzen noa lagun bakoitzaren egoera laborala, emozionala, pasionala eta nolabait, baita ahots literarioa ere. Sumendi azpian bizi, pistatxo zartaginean erreak, gotelé paretak, gorputza duten gauzak. Nondik begiratzen dioten munduari. Baratza, zaurgarria, kimatu, lankidetza. Eta erantzun gutxi batzuetatik partiturik zaila bada ere lege orokor bat ateratzea, ohartzen naiz oporrak izan ez dituzten lagunek erre hizkia asko erabiltzen dutela: gorria, hezurra, zorra, erreta, intxaurrondoa, txakurren zaunka. Agian horregatik hainbeste erredun atseden beharrean daudenen artean, opoRRRRak nahi eta behar dituztelako.

Honek guztiak pentsatzera eraman nau nola paisaiak eragin zuzena duen pentsatzeko dugun maneran, eta baita pentsatzeko erabiltzen ditugun hitzetan ere. Eta nola gure hiriak eta herriak geroz eta antzekoagoak diren, eta horrek nola eragin dezakeen gure imajinazio linguistikoan

Aldiz, oporretan zeudenen hitz asko nahikotxo aldentzen ziren egunerokotasunetik (nire egunerokotasunetik, noski): sumendi, gaztelu, putinka, basamortu, magnolia... Eta honek guztiak pentsatzera eraman nau nola paisaiak eragin zuzena duen pentsatzeko dugun maneran, eta baita pentsatzeko erabiltzen ditugun hitzetan ere. Eta nola gure hiriak eta herriak geroz eta antzekoagoak diren, eta horrek nola eragin dezakeen gure imajinazio linguistikoan: eraikin zaharrek berriak eta igualak dirudite, nonahi jartzen ari diren pareta isolatzaile horiek tarteko. Estilo nordikoari jarraituz, etxe askotako altzariak txuriak dira, eta modularrak, eta melaminazkoak, eta jada ez dakizu etxe batean zauden edo Ikeako katalogoan edo ospitale batean edo ofizina batean. Paisaia errepikatuen aroak ez ote duen imajinazioa, edo are, errealitatea, kamuflatzen, makillatzen, kamusten. 

Topiko hitzarekin lotzen dut hau guztia. Topos hitz grekotik eratortzen da eta lekua esan nahi du. Topikoak ziren erretorikan erabiltzen ziren esaldi eginak, gogoratzeko errazak, eta horregatik aski maiztuak. Eta nolabait, lanean gaudela topikoetan murgilduta bizi gara, betiko lekuak, betiko ideiak, betiko esaldiak bisitatzen. Eta hain zuzen, topikotik aldentzea da beste leku batetik idaztea, pentsatzea, bizitzea: lekuz kanpo egotea, hain zuzen. 

Lekuz kanpo gaudenean, beste pentsamendu-hitz-irudi batzuk etortzen zaizkigu gogora. Eta lekuzkanpotze horrek pizten digu beste hitz batzuk erabiltzeko gutizia, ahora beste hizki batzuk eramateko aukera, beste gauza batzuei buruz hitz egiteko parada, normalean intimoagoak direnak, ezta? Ez zaizue gertatu mendian, edo bidaia batean, hitz egindakoak sakontasun handiagoa duela?

Eta hala, lekuz kanpo egote hori modu kontzientean praktikatu dutenak gogoratu ditut. Etorri zait akordura Goethe, Italian barna egin zuen bidaian, zeina mozorrotuta ateratzen zen kalera hain zuzen autentikoagoa izateko. Etorri zait akordura Simone Weil ere, zeina bere analisi filosofikoak garatu ahal izateko fabrikan lanean hasi zen, eta lekuz kanpo egote horrek (antza, bista arazoek, gorpuzkera arinak eta gaixotzeko erraztasunak ez zuten bere alde jokatu lantegian) lagundu zion bestela pentsatu eta batez ere ulertuko ez zituen gauzak pentsatzen. Edo Ella Maillart eskiatzaile, idazle eta abenturazalea, zeinak bere adiskide Annemarie Schwarzenbachekin Afganistaneraino egindako bidaiari esker ezin liburu ederragoa idatzi baitzuen: Bide krudela

Horregatik naiz kanpaldi, Aste Txuri, udaleku, egonaldi literario, Seneca eta Imsersoko biajeen zalea. Eta baita ere, zeren eta ez dezagun ahantzi askorendako oporrak jatorrira-herrira-pueblora bueltatzeko egunak direla, etxera bueltatu zalea. Eskerrik anitx SOS deia erantzun duzuenoi: intxaurrondo azpian eseri, pistatxo erreak jan, hezur gorriak harribitxi bihurtu, basamortua jorratu, liburuetan hitz berriak ikasi, igerilekuan kristaltxoak erein, azeriak bezala hegan egin... Hori guztia eta askoz gehiago egin dezakegu lagunekin lekuzkanpotzen garenean.

(ID_17763283752445) Annemarie Schwarzenbach and Ella Maillart
Annemarie Schwarzenbach eta Ella Maillart. SLA-SCHWARZENBACH / UNESCO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA