«Idatzi ahalko nuke argitxo, idatzi ahalko nuke hainbeste bihurgune egin gabe, hainbeste kiribil inutil gabe. Idatzi ahalko nuke ia telegrafikoki harmailarentzat eta ingelesaren aurrean belaunikatutako hizkuntzen homologazio simetrikoaren alde». Ahalko luke, baina ez. Areago. Hain justu ere, ahozkotasunaren bizitasuna eta mugimendua darizkio haren prosa bihurgunetsu eta lumatsuari, tarteka nabarmenkeriaren mugaraino, dela darabilen adjektibazio adierazkor eta markatuagatik, dela egiten duen konnotazioz betetako substantiboen hautaketa zehatzagatik; esate baterako, haren fikziozko eleberri bakarreko protagonista homosexuala «erlastar durundatsu» jartzen zaiolako maiteminduta daukan diktaduraren aurkako militante heterosexualari, haien artean ezer izango ez dela jakinik ere, orain hau eta gero hura etengabe zerbait eskatuz, edo haren arreta erakartzeko helburu hutsez, edo, bestela, behin jolasean hasi ostean, serio jarri zaiolako, kexu agertu beharrean, hau eta hura aipatuz «txitxartzen» zaiolako bere keinu dramatizatu guztien erakustaldia egin bitartean, baina hori nahikoa ez, eta, gainera, bere kroniken bidez sexu askapenari buruz, gay izateari buruz eta marjinaltasunari buruz aritzeko baliatu zuen lengoaia literario landu hori Pedro Lemebel idazle, artista eta militante txiletarrak (Santiago, 1952-2015). Aurten dira hamar urte hil zela, eta oraindik ere bazterrekoa bezain zentrala da haren lana Txileko kulturaren historian.
Lemebel 1952an jaio zen, Santiago bazterreko auzo batean. Irakaskuntza ikasi eta, amaitutakoan, irakasle aritu zen denbora labur batez, nahiz eta haren sexualitatea eta itxura zirela-eta kaleratu egin zuten, eta orduan lotu zitzaien sorkuntzari eta literatur tailerrak emateari. 1987an Las Yeguas del Apocalipsis kolektiboa osatu zuen Antonio Casasekin batera, eta performancetik gertu koka daitezkeen hainbat agerpen egin zituzten izen horrekin. Liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta sari banaketak izan zituzten jomuga maiz, eta sexu askapenerako mugimenduarekin lotutako kontsignak baliatu ohi zituzten. Ipuingintzan egin zituen lehen urratsak, baina kronika izan zuen esparrurik emankorrena.
Ortzadarraren zuritasuna
La esquina es mi corazón kronika bilduma izan zen haren lehen argitalpena, 1995ekoa, baina 2000. urtearen inguruan argitaratutako Loco afán: Cronicas de Sidario bildumak eman zion nazioarteko sona. Eta, hain zuzen ere, liburu horretako kronika labur bat da euskaraz irakur daitezkeen Lemebelen bi lanetako bat. Danele Sarriugartek euskaratu, eta 2014an eman zuten argitara www.elearazi.org webgunean. Ordurako militante ezaguna zen, eta 1994an New Yorken izan zen. 1969ko Stonewalleko istiluak gogoratzeko antolatutako urteurren ospakizunetan parte hartzera gonbidatu zuten txiletarra. Eta LGTBI mugimenduaren asimilazioaren aurkako lekukotza zuzena da ekitaldi haren kronika.

«Zer-nolako sustoa horko kale-kantoian Leader’s talde hori ikustean; euren motorrak, biboteak, larrua, bota tzarrak eta basakeria faxista, gogora ekartzen dizkizute Txileko matxo-kuadrillak, zeintzuei iskin egiten zenien, kalea gurutzatu eta tente-tente ibiliz haiek zeuden aldera begiratu gabe. Baina Village-a, Stonewall tabernaren pareko plazatxo hau, leporaino dago beteta potentzia maskulino beldurgarri horrekin, txiki sentiarazten zaituena eulitxo latino bat bezala, sexu ilehoriaren auzoan. Manhattaneko esparru hauxe, New Yorkeko eremu arrosa, non edozein gauza erosteagatik begi biak kentzen dizkizuten; hauxe bera, hirira datozen homosexual dolardunen erosketa-tourraren erdigunea da. Are gehiago mundu mailako festa honetan, Manhattan irla galaz janzten denean ortzadar gayaren koloreekin. Egiatan kolore bakarra bada ere: zuria».
Hegemonia literarioaren bazterrean kokatuta dago kronikagintza, eta, hain zuzen ere, buruargitasunez eta ironiaz azaldu zuen genero horren aldeko joera Lemebelek berak, 2001ean emandako elkarrizketa batean, haren hitzetan genero bastarta baita kronikarena. «Eta, noski, ez neukan poeta txiletar homosexual handia izateko modurik, aurrean halako poeta maskulinoen horma falikoa izanik: Nerudak, Huidobrok eta Parrak osatutako hormarekin. Eta ez nuen nobelagile hori izaterik ere. Aukera-aukeran etorri zitzaidan kronika. Mugikortasun handia ematen didalako, eta aukera dudalako lekuz, ikuspuntuz eta material literarioz ere aldatzeko. Agian akademiarentzat bastartak izango dira material horiek, baina niri erabilgarri suertatzen zaizkit: lekukotza, herri kantua, akaso ez poesia baina bai haren poetikak, elkarrizketa, grafitia... Guztien eskura daude, eta haiek baliatzen ditut nire haizetako lumatsu eta artegagarria osatzeko, eta, beraz, nire literatur arreoaren parte egiten dut».
Pinocheten aurkako trabestia
Edonola ere —eta Lemebelek berak zalantzan jartzen zuen arren nobela bat zela—, nobela bat eman zuen argitara 2001ean: Tengo miedo torero. Augusto Pinochet diktadorearen aurkako militante baten eta hartaz seko maitemintzen den trabesti zahar baten arteko harremana kontatzen du liburuak, eta Lemebelen prosa bihurri, bizi eta kantariaren erakusgarri da lana. Bikote horren nondik norakoak ez ezik, diktadorearen eta haren emaztearen ikuspuntua ere txertatzen du idazleak zenbait pasartetan. Eta, esate baterako, pasarte batean Francoren hiletara joan zirenekoa gogoratzen du Maria Lucia Hiriart Rodriguezek.
«Sekula ez nizun konturik eskatu Francoren hiletara joan ginenean zuk Madrilen erosi nahi izan zenuen Hitlerren pistola horregatik. Pentsa 30.000 dolar ordaindu bagenitu halako traste bategatik. Gainera ez zenekien ziur benetakoa zen ere. Eta besoan atximur egin ez banizu, eta faltsifikatzaile horiek mahai azpian otzara bete pistola zeukatela ohartu ez banintz, zuk bete-betean irentsi izango zenukeen, gringo ergel bat bazina bezala. Nik uste txiletar aurpegia igarri zizutela edo ezagutu egin zintuztela egunkarietako argazkiengatik».
Zinemara eraman zuten Lemebelen nobela hura, eta antzezlanak ere sortu izan dituzte haren kronikak oinarri hartuta. Joana Reposi zinema zuzendariak idazleari buruzko dokumental bat estreinatu zuen 2019an, eta Berlingo Zinema Jaialdiko Teddy saria jaso zuen hari esker. Badira Lemebeli buruzko biografiak ere. Haren heriotzaren urteurrenaren bueltan, idazlearen hainbat elkarrizketa biltzen dituen liburu bat ere kaleratu dute Txilen, eta haren figura bizi da oraindik gaur egun.
«Zer egingo duzue gurekin?»
Militante komunista ere izan zen Lemebel, eta entzutetsua izan zen 1986an alderdi komunistaren ekitaldi batean aurkeztutako Manifestua ere; hainbeste, ezen ezinbesteko erreferentzia baita hari buruzko artikulu gehien-gehienetan. Eta, hain justu, hori da euskaraz irakurri daitekeen Lemebelen beste testua. Iñigo Satrustegi Andresek itzuli zuen, iaz, 31 Eskutik blogerako, eta aurtengo urte hasieran berriz zabaldu dute Armiarma proiektuaren Literatur Emailuen bidez. Idazlearen militantziaren eta gaitasun literarioen erakusgarri da testu aldi berean mingots, aldarrikatzaile, umoretsu eta gogoetatsu hori. «Diktadura amaitu egiten baita/ eta demokrazia datorrelako/ eta atzetik dator sozialismoa/ Eta orduan? / Zer egingo duzue gurekin lagun?».
Gizontasunari buruzko gogoeta bat ere bada manifestua. «Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara?/ Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz/ eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik/ Goxotasunaz ari naiz lagun/ Zuk ez dakizu/ legenar honen zama eramatea zer den/ Jendea ez da hurbiltzen/ Jendeak ulertu egiten du eta dio:/ Maritxua da baina ongi idazten du/ Maritxua da baina lagun ona da/ Super-ongi-dago-dena/ (...) Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu/ eta CNIren lehenengo torturekin/ dena askatuko nuela/ Ez dakizu gizontasuna/ ez nuela sekula kuarteletan ikasi/ Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan/ zutoin baten atzean/ Harrotzen zaituen gizontasun hori/ erregimentuan sartu zizun/ militar hiltzaile batek/ boterean diren horietako batek/ Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso/ irriz ukatu baitzidaten/ askotan/ Nire gizontasuna urte gogor haietan/ parte hartzen ikasi nuen/ eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten/ oihu egiten nuenean (...)/ Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea/ amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko/ Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea».
