«Bakarrik nago Zerubide-n». Esaldi itxuraz sinple horrekin abiatu zen euskal eleberrigintza modernoa 1957an. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k urte hartan eman zuen argitara Leturiaren egunkari ezkutua, eta, geroztik, ez dira gutxi izan lan hura euskal literaturaren modernizazioaren mugarritzat jo izan dutenak. Horixe uste zuen Koldo Mitxelenak, esaterako, eta horixe defendatu izan du berrikiago Ur Apalategi literatur adituak ere. Eta, hain zuzen, horregatik hautatu dute aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraiturako, aitzindaria izan zelako. Urtero euskal klasiko bat aukeratu ohi du Bilbo Zaharra euskaltegiak Bilboko Arriaga antzokian antolatutako jendaurreko irakurketa jarraiturako, eta Txillardegiren txanda izango da oraingoa. Ekainaren 4an izango da hori, 08:00etan hasi eta 14:00etara arte, baina, aurrez, aste honetan bertan hasiko dituzte hari eskainitako saioak.
«Badaukagu zerrenda bat hurrengo irakurraldietan irakurri nahi ditugun liburuekin, nolabait ere, euskal literaturarekin ditugun zorrak biltzen dituena, eta argi geneukan Txillardegi zela zor horietako bat». Liburuaren kalitatea nabarmendu du Paulo Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak, baina, onartu duenez, horregatik ez ezik, idazlearen ibilbide linguistikoagatik ere hautatu dute aurtengo irakurraldirako. Alberdik gogoratu duenez, Donostian jaio arren, Bilbon euskaldundu zen Txillardegi, eta euskaltegiko ikasleentzako eredu bat izan daitekeela uste du, horregatik. «Unibertsitatera etorri zenean, gauetan liburuekin ikasi zuen, berak bakar-bakarrik, eta asteburuetan igotzen zen Otxarkoagako baserritarrekin praktikatzera. Gure ikasleei erakutsi nahi diegu euskara etxean jaso ez zuen arren zer-nolako maila lortu zuen».
«Txillardegi oso lotuta dago 60ko eta 70eko hamarkadarekin, eta gazteek haren obra nola kontatzen duten ikusi nahi genuen»
PAULO ALBERDI Bilbo Zaharra euskaltegiko kidea
Leturiaren egunkari ezkutua-n oinarritutako bertso saio literario egingo dute etzi. Leire Vargas arituko da gai jartzaile, Aner Peritz eta Maddi Ane Txoperena arituko dira bertsotan, eta Libe Goenaga musikariak ere hartuko du parte emanaldian. Alberdik nabarmendu duenez, 1994 eta 2002 artean jaiotakoak dira guztiak, eta, hain zuzen ere, hori gogoan hartuta jo dute haiengana. «Txillardegi oso lotuta dago 60ko eta 70eko hamarkadarekin, eta gazteek haren obra nola kontatzen duten ikusi nahi genuen».
Ostegunean, berriz, Txillardegiri buruz arituko dira Alaitz Aizpuru eta Pako Sudupe. Aizpuruk, esaterako, sakon ikertua du 1956ko belaunaldia, eta Txillardegiren gaikako antologia baterako hautaketa lanak ere egin ditu. Sudupek ere sakon ezagutzen du idazlea, eta 2016an hari buruzko liburu bat ere eman zuen argitara: Txillardegiren borroka abertzalea. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira bi saioak, 19:00etan.
Irakurraldi jarraituaren aurretik ere beste bi saio antolatuko dituzte, baina aurrerago iragarriko dituzte. Arriagako saioaren bezperan izango direla jakinarazi dute, halere.
Hogeigarrenaren bezperan
2008an hasi ziren irakurraldiekin. Axularren Gero hautatu zuten ordukoan, eta ondoren heldu dira Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eta Hamaika pauso, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren ipuinak, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eta Bizenta Mogelen Ipuin onak. Eta, orain, Txillardegiren liburuak borobilduko du zerrenda.
Bi hamarkada beteko dituzte irakurraldiek datorren urtean, eta Alberdik esan du zerbait «berezia» egiteko asmoz dabiltzala.