Ustekabean, Du Furen (712-770) irudiak ikaragarri zabaldu dira azken hilabeteotan Txinan, Du Fu lanpetuta izeneko ekimenaren ondorioz. Testuliburu bateko erretratua oinarritzat hartuta, ehunka irudi muntaketa jarri dituzte sarean: moto gidari, superheroi, zibernauta… hainbat jardunetan ageri da Du Fu. Txinatar batzuek txarrera hartu dute poeta ospetsuaren irudia arinkeriaz erabili izana; edonola ere, gertakari arrakastatsu horrek balio izan du Du Furen irudia ezagutarazi eta haren hamahirugarren mendeurrena gogora ekartzeko.
Du Fu 712an jaio zen, Gongxianen, literatur familia gailen batean. Zazpi urterekin hasi zen poesia idazten, eta, Konfuzioren irakaspenak jarraituz, ikasketa klasikoak egin zituen. Lur sail batzuk herentzian jasota, hainbat bidaia egin zituen Du Fu gazteak. Gerora ezagutu zituen gosetea eta erbestea, beste hainbat lazeriarekin batera. Esanekoa eta neurritsua izaki, Du Fuk diziplina zorrotzez apailatu zituen milaka neurtitz. Horietatik 1.500 soilik heldu dira gaurdaino.
Li Bai edo Li Tai Bo, mendebaldean Li-Po deitua, 701. urtean jaio zen, Xuije hirian. Txikitatik kaligrafian aritua, hamaika urterekin Inperio ehiza izeneko poema bikaina idatzi zuen. Tang dinastiako poeta gehienak ez bezala, Li Baik ez zuen sekula funtzionario izateko azterketarik egin. Diotenez, Li Bai harroputza zen, fededun taoista eta mozkortia. Arthur Waileyk honela definitu zuen bere biografian: «Harroxkoa, krudela, biziotsua, arduragabea eta faltsua».
Nolanahi ere, Li Bai espiritu askea izan zen. Gaztetatik maite izan zuen ermitauen bizitza; izatez, «Loto-lore urdinaren ermitaua» izena eman zion bere buruari, «hilezkor deserriratua». Plazerari emana bizi izan zen; boteretsuen aurrean burua makurtu gabe, erabateko askatasuna izan zuen xede. Izan ere, tiranoen eta mandarin ustelen gaitzesle izan zen, baita buhameen goresle ere. Garai hartako poesian natura eta guda ziren idazgai nagusiak. Li Baik biak ala biak jorratu zituen. Jende xehearen bizimoduari buruz idatzi zuen, lagunen arteko agurren gainean, emakumeei buruz, eta, bereziki, ilargiari eta ardoari egin zien gorazarre.
Haren heriotzari buruzko bi bertsio daude: batak dio gaixorik hil zela, biriketako eta gibeleko gaitzek eraginda; beste bertsioa poetikoagoa da, inondik ere. Antza, ohi bezala mozkor-mozkor eginda zegoelarik, Kaixi ibaian ilargiaren isla besarkatzen saiatu, eta bertan itota hil zen. Azken hori da gehienek ezagutzen duten istorioa, baina, diotenez, Li Baik antzeko istorio bat kontatu zuen bere poemetako batean.
Alde bakarreko laguntasuna
Guztiz ospetsua da Du Fu eta Li Bairen arteko laguntasuna. 744an ezagutu zuten elkar, Luoyangen. Ordurako poeta sonatua zen Li Bai, eta Du Fuk miretsi egiten zuen suharki. Batzuek diote soilik birritan elkartu zirela poetok, eta orotara hiru hilabete eman zituztela elkarrekin. Bestetzuek, ordea, baieztatzen dute urtebeteko bidaia egin zutela, hainbat eskualde eta lagun bisitatuz.
Stephen Owen biografoak dio alde bakarreko laguntasuna izan zela, hain zuzen, biek miresten zutelako Li Bai. Elkar ezagutu ondoren, Du Fuk hamabost poema inguru idatzi zituen lagunaren omenez; Li Baik, berriz, bizpahiru baino ez. Honela goraipatu zuen Du Fuk bere lagun miretsia: «Pintzela hartzean, haizete eta euriteak eragiten ditu. / Poema amaitzean, jainko eta deabruei negar eragiten die».
Aparteko irudimena zuen Li Baik, eta, haren ustez, poemak berezko oldarrari jarraituz idatzi behar ziren. Du Fu, aldiz, sorkuntza formalaren maisua izan zen eta, esaterako, ez zuen kasik poesia erotikorik idatzi. Li Bai lirikoa eta buhamea zen; Du Fu soziala eta aszeta; Taoismoari jarraitzen zion Li Baik; Konfuzioren irakaspenei, Du Fuk. Nolanahi ere, elkarren osagarri izan dira bi poetok, bata yang balitz bezala, eta bestea, yin—edo alderantziz—.
Du Fu ez, Li Bai bai
Tamalez, oraindik ezin dugu Du Furen libururik irakurri euskaraz, baina, zorionez, badugu Li Bairen bilduma eder bat euskarari ekarria. Pello Otxoteko poeta eta Albert Galvany sinologoaren artean egin zuten itzulpena, eta Alberdaniak eman zuen argitara 2006an. Bernardo Atxagak idatzi zuen hitzaurrea, eta honako hau esan zuen Li Bairi buruz: «Ezin dugu ulertu poesia modernoa bera gabe».
Itzultzaileek, berriz, argi baino argiago azaldu zuten zergatik dagoen Li Bairen poesia oraino bizirik: «Gure ustez, Li Baik darabiltzan gaiak grina unibertsalei lotuak daude: aldiaren iragaiteari, adiskidetasunari, banatzearen saminari, gerratearen doilorkeriari, naturaren kontenplazioari, horditzearen onurei… Eta hortxe dago haren arrakastaren gakoa.»
Esate baterako, batere gaurkotasunik ez du galdu Ekialdeko dorrean horditurik izeneko poemak: «Ekialdeko dorrean horditu nintzen bart / eta kapela gaizki jantzirik etxeratu. / Nork lagundu ninduen zaldi gainera? / Nola egin nuen dorretik jaisteko?».
Literatura
Li Bai eta Du Fu: hamahiru mendez bidelagun
Aurten bete dira 1.300 urte bata jaio zenetik, eta 1.350, bestea hil zenetik. Tang dinastiako poetarik laudatuenak izan ziren Li Bai eta Du Fu. Beren lanek, gaur egun ere, bizi-bizirik diraute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu