Ipar Irlandan jaio zen,1998an, aurten ingelesez argitaratu den Everyone Still Here (Oraindik denak hemen) debuteko narrazio liburu ziragarriaren idazlea. Ezizena da Liadan Ni Chuinn. Idazleari buruz datu gutxi batzuk baino ez ditugu: Belfastekoa da, Ostiral Santuko Akordioaren urtean jaioa, eta ez-bitartzat aurkezten du bere burua. Eta literatura ekosistema garaikidean ezohikoa den egoera bat: argazkirik ez, promoziorik ez, eta elkarrizketa bakarra, xehetasun biografikorik gabekoa. Historian, zenbait emakumek ezizenak erabili dituzte esan ez zezaketena idazteko. Ez da kasua. Agian Ipar Irlandako gatazkaren ondoren neutraltasuna gordetzeko bidea izan daiteke ezizenaren erabilera. Hori ere ez da kasua. Testua ideologikoki kokatua dago, helburua ez da distantziakidea izatea. Eman duen elkarrizketa bakarra irakurriz, bere idazletasuna babesteko modua da ezizena; hain zuzen ere, idaztea jarduera erabat pribatutzat jotzen du.
Bilbok, zauri industrialak eta sozialak estaltzeko, Guggenheim museoaren proiektua abiatu zuen, eta Belfasten, berriz, Titanic museoa eraiki zuten 2012. urtean, hiriko itsasontzi eraikuntzaren historiari omenaldi eginez. Titanic museoak ez du Guggenehim efekturik sorrarazi, baina kulturak orokorrean funtzio garrantzitsua izan du hirian. Esate baterako, Belfast Exposed argazki galeriak bere ibilbide luzea sendotu zuen garai berean. Ezin dira ulertu Ipar Irlandako arazoak argazkilaritzaren esku hartzerik gabe. Argazkia izan da dokumentu, testigu, aldarrikapen eta salaketa. Kulturaren sustapena funts europarrekin egin zen batik bat. Europako Batasunak errazten zuen iparraldearen eta hegoaldearen artean mugarik ez izatea ere. Brexit-aren albo kalterik garrantzitsuena Ipar Irlandako egoera berria izan da.
Gatazka ondorengo belaunaldia orain ari da gatazkaren zauriei buruz hitz egiten. Gatazkaren ondoren lan garrantzitsuak argitaratu dira, hala nola 2018ko Anne Burnsen Milkman eleberria. Alabaina, Liadan Ni Chuinnen belaunaldiak ez du gatazka ezagutu, gatazkak utzitako zauriak baizik. Bigarren mailako ezagutzari buruz idazten du argitaratu berri dituen sei ipuinetan, non gai nagusia familia, gabezia eta konplizitatea diren.

Indarkeria osteko errepresentazioak aztertuz, Rikardo Arregi poetak 2010ean Arterako Hitzak zikloan parte hartu zuenean, Txomin Badiola artistaren (Bilbo, 1957) Gerra amaitu da argazkia aukeratu zuen. Arregik honela azaltzen du bere aukera —eta haren hitzak gatazka osteko testuinguru batekin lot daitezke—: «Kontrastea bortitza da: gerra amaitu dela irakurtzen badugu ere, berehala antzematen da gerra benetan ez dela amaitu, edo kartelak esaten duen bezala, bai, gerra amaitu dela, gerra ofiziala amaitu dela, baina gorputz errealetan gerra ez dela inoiz ere amaitu; emakumearen aurpegi alaiari, irribarreari, beso zabalei mutilen keinu serio eta malenkoniatsuek egiten diete aurre; uso zuriei mutilak inguratzen dituzten arropa eta altzariek: plastiko urdin eta gorrizko aulki arrunta, jantziak eta egurrezko eserlekuak; argazki ofizialaren zuri-beltz ustez artistikoaren aurrean argazkiaren kolore erreal eta gordinak ditugu, haragiaren koloreak. Propaganda ofizialak gerra amaitu dela aldarrikatzen duen bitartean, gorputz errealek oihukatzen digute gerra ez dela amaitu, are gehiago, gerra ez dela inoiz amaituko».
Euskal familia bat
Catherine Hearne editoreak Liadan Ni Chuinn elkarrizketatu zuenean, Sadiya Hartman-en asmakizun kritikoaren teoria nabarmendu zuen, zeinaren bidez ikerketa historikoa eta fikzioa uztartzen diren, kontakizun ofizialetan dauden hutsuneak betetzeko. Esate baterako, azkenengo istorioan, Daisy Hill deritzonean, estatuak isilpean hil zituen zibilen zerrenda tartekatzen da istorioan. Badu zerikusirik Alan Clarken Elephant dokumentalarekin. Han ere hilketen pilaketa dago. Aldea da filmean bai unionisten bai errepublikanoen erasoak berrantzezten direla, eta ipuinean, berriz, estatuak itzalpean hil dituen katolikoak aipatzen direla. Kontakizun ofizialak estali duena fikzioak ematen du argitara. Idazlearen iritziz Bloody Sunday-k bultzatu zuen deshumanizazio prozesu sakonaren ondorioz, hildako herritarrak ezabatu egin ziren kontakizun ofizialetik.
Arregik aipatzen dituen gorputz errealak dira ardatz sei ipuinetan. Daramaten isileko minak narrazioetan agertzen diren familia harremanak pitzatuko ditu. Eta hori idazleak aditzera emango du arkitektura narratibo bihurrien bidez. Ezin da dena kontatu, eta askotan hutsuneak dira alderdi esanguratsuenak ipuinetan. Aurrenengo ipuinean, Denok bagoaz izenekoan, aitaren gabeziaz idazten da eta Amalur ipuinean, amak utzitako hutsuneaz. Azkenengoa Granta webgunean dago eskuragarri, eta euskal testuinguruaren ezagutza fina erakusten du; esaterako, Aitor pertsonaiak Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera azaltzen du. Belfasten bizi den euskal familia baten bidez egiten dira familia eta bikote harreman korapilatsuei buruzko hausnarketak. Familien bidez azpimarratzen da emakumeek komunitatean duten garrantzia. Gatazkaren ifrentzua idazten du idazleak, ez dago epikarik haren kontakizunetan. Catherine Hearnek egindako elkarrizketan, Ní Saoirse go Saoirse na mban leloa aipatzen du (Ez dago askatasunik emakumeen askatasunik gabe). Idazlearen iritziz ezin da gatazkari buruz hitz egin emakumeen parte hartzerik gabe; esate baterako, Bernadette McAliskey aktibistaren garrantzia aipatzen du.
Eta ipuin guztietan, edonon edonoiz daude mamuak. Une jakin batean narratzaileak ironikoki dio besteen mamurik ez duenak soilik jotzen dituela besteen mamuak interesgarri. Eta ironiak alde batera utziz, nekeza da familia edota komunitate baten mamuak ikusi eta plazaratzea. Hori da belaunaldi berri honen xede artistikoa eta, behar bada, arau konbentzionalak bete gabe. Mary kontakizunean, literatura-sormen ikastaro batean dagoen ikasle baten zailtasunak dira gai nagusi. Irakasleak eta ikasleek kontra egiten diete protagonistaren ideia eta proposamen guztiei, eta bukatzerakoan irakurleari bururatuko zaio ea literatura idaztea ez ote den arauekin bat ez egitea. Idazlearen territorio libre bakarra testua da. Estilo, erritmo eta begirada bere-bereak ditu Liadan Ni Chuinnek. Askatasun horrekin, bere aurrenengo liburuarekin, munduan dagoen agentzia garrantzitsuenetarikoa den Andrew Wylie literatur agenteak hautatu du errepresentatu gisa. Irlandako literatur izar berria 2025ean jaio da Belfasten.