Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina hasiko du Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, bosgarren urtez. Hilaren 23an, hots, Liburuaren Nazioarteko Egunean jarriko du martxan, eta uztailaren 23a arte iraungo du. Adin guztietako herritarren artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da helburu nagusia. Halaber, irakurleen artean sareak sortu nahi dituzte Topagunearen ekimenaren bitartez.
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamabi herritan izango da Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina, iaz baino lau gutxiagotan. Araban, Aramaion; Bizkaian, Santurtzin, Ermuan eta Basaurin; Gipuzkoan, Deban, Lazkaon, Andoainen, Asteasun, Villabonan eta Urnietan; eta Nafarroan, Irurtzunen eta Lizarran.
Izenak argi adierazten duenez, hiru urrats ditu kanpainak. Aipaturiko herrietako udal liburutegietan maileguan hartutako euskarazko liburu bat itzultzean, fitxa bat bete beharko dute irakurleek, eta horren truke, euskarazko liburuak erosteko deskontu txartelak eskuratuko dituzte.
Beherapena %25ekoa izango da, edo %50ekoa, euskara elkarteko kide izanez gero. Erositako liburuak inguruko jendeari oparitzea proposatzen du Topaguneak, «lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koskorrari, edo zergatik ez, nork bere buruari».
Euskarazko liburuen maileguei dagokienez, «eragin ona» izan zuen kanpainak iaz, antolatzaileek adierazi dutenez. «Batez ere, 18 urtetik gorako irakurleen artean igarri zen». Horretaz gain, liburuen salmentan ere «emaitza onak» izan zirela esan dute. «Seiehun liburu baino gehiago saldu ziren parte hartu zuten 23 liburu dendetan».
Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz gain, Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Susa argitaletxeena ere badu Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak.
Liburuak oparitzeko ekimena hasiko du Topaguneak
Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko, 'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina abiatuko du larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu