Liburuen eta irakurleen arteko «bitartekaria» goratu dute Ikusi Mikusi azokan

Haur eta gazte literaturaren azokak profesionalen eguna izan du gaurkoa, eta bihar irekiko dizkio ateak publiko zabalari. Ikastola eta eskoletako 1.200 haur izan dira Saran, liburu bana eskuratzeko asmoz.

Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azoka, gaur, Saran. PATXI BELTZAIZ
Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azoka, gaur, Saran. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Sara
2025eko urriaren 10a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada nonbait guraso bat bere haurraren irakurketa ohiturez kezkatzen hasi dena, nahiko «garrantzitsuak» ez baitzaizkio iruditzen aukeratzen dituen gaiak, edo liburuak ez baititu hastetik buru irakurtzen haurrak, atalka baizik, eta erdikoren bat ahantzirik, agian. Zein ote liburu ona eta zein ote txarra? Zer ote kalitate literarioa? Eta, batez ere, nork erabakitzen ditu horiek, eta zeren arabera? «Literaturaren autokrazia» hausteko aldarria eraman dute Sarara (Lapurdi) Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteko Mireia Delgadok eta Saroa Bikandik Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azokara. Gaur ireki ditu ateak, bosgarrenez, eta Euskal Herri osoko ikastola eta eskoletako haurrentzako eta literatura arloko profesionalentzako eguna izan da. Bihar, berriz, publiko zabalari irekiko diote azoka, 10:00etan hasi eta 19:00ak arte.

«Zerk ematen dio balioa liburu honi? Pisuak, testu kopuruak? Agian, obraz obra joan behar da gehiago, baloratuz, adibidez, testu gutxi duen album batek ere kontatu ditzakeela gauza ezin sakonagoak». Galdera batetik bestera jauzi egin dute goizaldi osoan Galtzagorriko Delgadok eta Bikandik, parean zituzten literatura arloko profesionalak hausnarrera tiratu nahian. Ikusi Mikusi azokako antolatzaileek «topaketa» egun gisa aurkeztu dute delako «profesionalen eguna». Izan ere, Galtzagorrik animatu duen tailerrera liburuzainak, dokumentalistak, argitaletxeak eta sortzaileak gomitatuak ziren, haur eta gazteengan irakurtzeko ohitura sustatzeko pistak lantzera.

Liburuen hautaketaz eta transmisio bideaz hausnartzeko momentua izan da, batez ere: «Zer dago hemen, zer dago atzean?», segitu dute galdegiten Delgadok eta Bikandik. Funtsean, saioa bukatu eta nagusitu den ideia izan da liburuen balioaren subjektibotasunari kasu egin behar zaiola, haurrak eta gazteak literaturatik ez okaztatzeko. Hori da, hain zuzen, «bitartekariaren figura», Delgadok xehekiago hala azaldu duena: «Liburuen eta pertsonen arteko ezinbesteko haria da. Askotan, irakurketa zaila da, liburu guztiak ez daude denen eskura; beldurra ematen ahal du ez ulertzeak, eta orduan atzera doaz irakurleak». Bitartekariaren lana, beraz, «min horiek arindu eta plazera areagotzea da», haren hitzetan.

(ID_15405623) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-10-10, Sara. Ikusi Mikusi haurliburu azoka
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteko Mireia Delgado eta Saroa Bikandi, gaur, Ikusi Mikusi azokan. PATXI BELTZAIZ

Tailerrean izan diren profesionalei galdegin diete paper batean idazteko nola oroitzen duten literaturarekin ukan zuten lehen harremana, sentimendu berezia eragin ziena. Denek atzeman dute zer idatzi, gogoa haurtzarora itzulita; eta, horrela, jadanik, atzeman dituzte pista batzuk nola gazteak irakurketari lotu, haiei gertatu zitzaien bezala. Beste mundukorik ez da, baina teknikak atzeman behar dira, irakurle gazteak lotzeko: irudietan ipuina osatzeko elementuak atzeman, bizipen pertsonalekin lotura egin, kontaketari soinua gehitu, hain garrantzitsuak ez diruditen gaiei ere irekiak egon, irakurlearen gogoen araberako postura ukan... Azkenean, literaturak norbaiti barnetik «sentiarazten» dion horri eutsi.

Liburu bana

Denera, profesionalentzako eta eskolentzako egunean 1.200 haur hurbildu dira gaur. Delgadok ezin hobeki eta ezin laburrago deskribatu du egitasmoa: «Zoragarria, eskerrik asko! Jarrai dezala». Bertaratu diren irakasleak ere biziki kontent agertu dira, hala gisan Azpilkuetako eskolan irakasle Rakel Etxabarre. Duela bi urte jadanik etorri ziren, eta anitz gustatu zitzaielako itzuli dira aurten ere. «Lehenbiziko, antzerkia ikusten dugu, eta gero, azokara», azaldu du. Liburuez beste, hainbat tailer, ikuskizun eta elkarrizketatan parte hartzeko aukera ere ematen baitu Ikusi Mikusik.

Irakurzaletasuna sustatzeko proposamen konkretu bat ere egin dute, eskolen egunean bertaratzen diren haurrei liburu bana eskaintzeko, ikasleek berek hautatuak. Horri ederki iritzi dio Etxabarrek: «Hemendik liburu batekin ateratzen dira; orduan, gogoz etortzen dira. Haurrak pila bat motibatzen dira, eta irakurzaletasuna bultzatzen du». Adibidez, Estitxu Robles Baionako kolegioko seigarren mailako Antonia eta Suzannek komiki bana atzeman dute; batek «neska ttipi baten ohe azpiko munstroaren» istorioa kontatzen du, eta besteak, «urrea xerkatzen duten pirata» batzuena. Lehen aldia zuten biek Ikusi Mikusin, baina gustatu zaie esperientzia. Suzannek iritzi dio «bide ematen duela liburu gehiago ezagutzeko, eta kuriosa izateko beste liburu batzuk ezagutzeko orduan, zeren eta ez baitira anitz liburu euskaldun».

Bi lagunak jarriak ziren lekutik ez urrun, Pamiela argitaletxeak ezarri du mahaia, besteen segidan. «Haurrek beraiek liburuak ikusi eta ukitzeko» aukeraz laket agertu da Pamielako Carmen Elvira. Bonuarekin hurbildurik, badute aukera nahi duten liburua hautatzeko. Hori garrantzitsua da, Elbirak dioenez, haur eta gazteentzako euskarazko literatura beharretan dagoelako: «Sustatu beharra dago, irakurleak behar ditugu, eta horrelako ekintzak onak dira horretarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.