Literatur kanonak 'izanarazten' duenaz ohartzeko abisua

Ibai Atutxak ikuspegi kritikoz aztertu ditu 'Ziutateaz' eta 'Bilbao-New York-Bilbao', 'Kanonaren gaineko nazioaz' saiakeran«Euskal subjektua» bi aukeratara murrizten dutela dio: «terrorista» edo «bitxikeria»

Ibai Atutxa, Kanonaren gaineko nazioaz saiakeraren egilea . ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Kanonaren gainean dituzun aukerak murritzak dira: izan zaitez terrorista arriskutsu ala bilaka zaitez txikikeria, bitxikeria eta berezikeria», irakurtzen da Ibai Atutxaren Kanonaren gaineko nazioaz (Utriusque Vasconiae) saiakeraren kontrazalean; kontrazal berak dioenez, «alternatiben bila» dabil liburua «lerro artean». Bernardo Atxagaren Ziutateaz(1976) eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (2008) nobelak aztertu ondoren iritsi da egilea liburuaren kontrazalean jasotako ondorio horretara. «Kanonaren zentro-zentroan» daudelakohautatu ditu bi egile horien lanak.

«Estatu nazio eta nazio identitate diskurtso hegemonikoen barne egitura» aztertzen eta «egitura subordinatzaile horien aurrean Itxaro Bordaren literaturak edo Hertzainak taldearen musikak ezar zezakeen erresistentzia diskurtsoa» aztertu zuen Ibai Atutxak (Galdakao, 1984) Tatxatuaren azpiko nazioaz saiakeran (Utriusque Vasconiae, 2010). Orain, berriz, Kanonaren gaineko nazioaz saiakeran, «estatu nazio eta nazio identitatehegemoniko subordinatzaile horiek, gu gainean ibiltzeko,zer lur ematen diguten aztertzen» saiatu da.

«Labur esanda, planteatzen dudana da nola literatura izanarazlea den, beste diskurtso guztiak bezala; literaturak izanaraziegiten gaitu», azaldu du Atutxak. Haren beste hitz batzuekin adierazita, planteatu duena da «gaur egungo kanon literarioak zer baldintza jartzen dizkigun eta zer aukera ematen dizkigun euskal nortasunaren harira».

Atxagaren Ziutateaz-etik «estatu nazio espainiarraren egitura irakurri ahal dela» erakusten du Atutxak liburuan.«Hor, azkenean, zuzenean iristen gara euskal terrorista subjektu gisa eraikitzen den diskurtsoetara», haren iritziz. «Hortik oso elkarrizketa interesgarria sortzen da eleberriaren eta diskurtso instituzionalaren artean. Estatu espainiarrak euskal terroristaren diskurtsoa sortzeko beharrizana duela ulertzen dugu. Behin, estatu nazioaren egitura ulertuta euskal literaturatik, eta azken finean literatura honek estatu nazioarenegitura errepikatzen badu, horrek eraman gaitzake pentsatzera ea zer izanarazten gaituen».

Kirmen Uriberen Bilbao-New-York-Bilbao «ia-ia irakurri gabe guztiz goratua eta kanonizatua izan den eleberria» da, Atutxak prentsako agerpenetan oinarrituta egin duen azterketaren arabera. «Horretarako, gaur egungo marketinerako oso interesgarriak diren etiketak erabiltzen dira: 'errizomatikoa', 'likidoa', 'postmodernoa'».

Kontzeptu horiek «jarrera ahalik eta kritikoenez» hartu eta «benetan eleberrira eraman» dituenean, haiek ekarri beharko luketen iraultza —«ez soilik literarioa, baita ideologikoa ere»— guztiz «urtuta eta galduta» aurkitu du. «Bere azal hain postmoderno horren atzean, oso egitura akartonatuak erakusten ditu» Uriberen eleberriak, Atutxaren iritziz, «zurrunak, higiezinak, axiomatikoak, Erdi Arokoak bete-betean».

Egitura horiek «ondorio ideologikoak» dituzte, «izanarazleak», Atutxaren hitzetan. «Euskal identitatearen egitura guztiz subordinatzailea ematen du Bilbao-New York-Bilbao-k. Euskal identitatea Ziutateaz-ek ematen digun egituraren azpian jartzen du, Espainiako estatu nazioaren egituraren azpian». Horregatik dio Atutxak —liburuaren kontrazaleko testuarekin bat eginez—, bi alternatiba daudela «euskal subjektuarentzat» Bilbao-New York-Bilbao-n: «euskalduna izan ahalko da edo terrorista edo bitxikeria, berezikeria, kuriositate guztiz otzana».

Eztabaida kritikoa helburu

Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Literarioa saileko 20. liburua da Kanonaren gaineko nazioaz. Sail bereko 18. liburua, iaz argitaratua, Bitartean New York da, Jon Kortazarrek Kirmen Uriberen obra aztertuz osatua. Kortazarren ikuspegiarekin alderatuz gero,oso bestelakoa da Atutxarena. Bere saiakeran, «argudioekin» erantzun dio Atutxak Kortazarri, Ur Apalategi Utriusque Vasconiae argitaletxeko editorearen ustez, eta oso pozgarritzat du bi liburuak, horren ikuspegi ezberdin eta are kontrajarriak ematen dituztenak, sail berean argitaratu izana. «Sail hau abian jarri genuelarik, euskal letren baitan eztabaida kritikoa bultzatzea genuen helburu», azaldu du Apalategik. Bi hitzok dute «benetako zentzua», haren ustez: «Batetik, eztabaida dago; horretarako, batek 'bai' esan behar du eta besteak 'ez'; eta ez da eztabaida faltsua, antzeztua edo inpostatua. Bestetik, eztabaida hori kritikoa dela ez dago dudarik».

Kanonaren gaineko nazioaz saiakera «eztabaida baten hasiera» izatea nahiko lukete hala Atutxa idazleak nola Apalategi editoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.