«Literatura ez da aparteko osagarri bat, baizik eta gure herria eraikitzen duten zutabeetako bat». Buruarekin baiezkoa adierazi diote ikusleek Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariordeari. Eta hain justu zutabe hori sendotzen duten sortzaileak omentzeko ekitaldia egin dute gaur Donostiako San Telmo museoan: Euskadi literatura sariena. Epaimahaiak urrian jakinarazi zuen zer zazpi idazlek jasoko zituzten sariak, eta gaur banatu dituzte garaikurrak.
Zazpiok igo dira, hurrenez hurren, museoko oholtzara: Itxaso del Castillo, Markos Zapiain, Maite Rosende, Koldo Biguri, Karmele Mitxelena, Garazi Albizua eta Unai Elorriaga. Jose Ibarrolaren Liburu nabigatzailea eskulturaren ale bana eraman dute etxera, eta Bengoetxea bera arduratu da oroigarriak emateaz. Halaxe gogorarazi du zazpi egileak gibelean zituenean: «Gaurko hau euskal literaturaren garrantziaren aldarrikapen bat da, eta euskal sortzaileen aitortza bat. Lehenik, literatura oso garrantzitsua delako herria eraikitzeko, eta, bigarrenik, ezinbesteko elementua delako hizkuntzaren transmisioan eta eraldaketan».
Banan-banan deitu dituzte idazleak saria jasotzera, eta solastatzeko tarte bat eman diote bakoitzari, baita saritutako liburuen zatitxo batzuk irakurtzeko ere. Unai Elorriagak irabazi du euskal literaturako Euskadi saria, Susa argitaletxearekin argitaratutako Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuarengatik. Epaimahaiak esplikatu du «goi mailako apustu bat» egin duela Elorriagak, eta narrazioak elkarren artean harilkatzeko «gaitasun handia» erakutsi duela. Idazlea esker onez hurreratu da mikrofonora, eta etxekoak ekarri ditu gogora.
Elorriagak familiakoa du Pasquale, urrunekoa, eta amak hitz egin zion estreinakoz hari buruz. «Ez dakit oso ondo haren bizitza idatzi dudan; zati bat kontatu dut, bai, baina tarteko guztia literatura da. Ez dakit zer pentsatuko lukeen Francescok bere ondorengo honetaz. Akaso ez luke ulertuko, eta akaso harro egongo litzateke». Irriz kontatu du, halaber, liburua irakurri duen jende anitzek erraten diola «oso zinematografikoa» dela, kasik gidoi bat ematen duelako. Hortaz, proposamen bat utzi du airean: «Zinemagileren bat animatzen bada, badakizue: gidoia eginda dago. Sortzaile guztiek, den-denek, jarraitu sortzen, horrek mantentzen gaitu-eta bizirik».Â
Dolua haurren ikuspegitik
Euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria eman diote, berriz, Karmele Mitxelenari, Aitona Floren (Elkar) lanagatik. Heriotzari buruzko liburu bat da, eta haur baten begiradatik dago idatzia. Oholtzara igo denean, etxekoak eta hurbileko lagunak eskertu ditu, eta erran haiek eman diotela idazteko indarra. «Aita, ama, eskerrik asko bizitza bat emateagatik, eta eskerrik asko euskaraz delako bizitza hori. Literaturan sinisten dut, horrek ematen baitit mundu batean amesteko aukera; desio dugun mundu batean bizi beharko genuke».Â
Traba (Denonartean) liburuagatik omendu dute Maite Rosende, eta literatur lan baten ilustrazioaren Euskadi saria jaso du. Kontent agertu da, eta eskerrak eman dizkie beti harengan sinistu dutenei. Rosende: «Norbaitek noizbait nonbait esan zidan nire marrazkien estiloarekin ez nuela inoiz Euskadi saririk irabaziko, eta begira». Hagitz liburu pertsonala idatzi duela esplikatu du, eta askatasunez eta dibertsioz sortu duela. Horregatik, zin egin du bere buruarengan gehiago sinetsiko duela, eta intuizioari jarraituko diola «beti-beti». «Baina ilustrazioak duina izateko babes handia behar du, eta horrela lortuko dugu traba horiek denak izenburu soil bat besterik ez izatea».Â
Txilardegiri buruz egindako lanaren aitortza egin diote, jarraian, Markos Zapiaini. Txillardegi hizkuntzalari (Elkar) liburua ondu du, eta Txillardegiri berari eman dizkio eskerrak lehen-lehenik. Baina ez hari bakarrik, baita haren emazteari ere, Jone Forcadari. «Berriki hil da Jone, eta gogorarazi nahi nuke zer langilea zen, eta zenbat lan egin zuen emakumeen eta euskararen alde. Oso-oso langilea zen, nahiz eta senarraren itzaletan egon izan den sarri». Zapiainena ez da, noski, Txillardegiri buruz idatzitako lehen liburua, baina epaimahaiak esplikatu du «hark esandakoak ulertzeko gako egokiak» ematen dituela egileak, eta «lan handia» egin duela jatorrizko testuak gaur egunera ekartzen.Â
Koldo Bigurirena da saritu duten euskarazko azken lana: Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak (Erein eta Igela). Elsa Moranteren liburu baten itzulpena da, eta, hortaz, euskarazko literatura itzulpenaren Euskadi saria eskuratu du. Bigurik itzulpengintzan aritzeko beharra azpimarratu du lehenik, argudiatuta lan horrek «sekulako ekarpena» egiten diola euskararen goraldiari. Bigarrenik, kontatu du lotura pertsonala duela liburuarekin, eta azalpen batzuk ere eman ditu: «Leku ederra da uharte hori, eta nik oso ongi ezagutzen dut, egonaldi ugari egin izan ditudalako han. Gainera, izenburu bera daukan film bat dago, eta Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen justu ni jaio nintzen urtean. Eta hemen azkena: uharte hori Europako kultur hiriburu izendatu zuten, Donostia bezala».Â
Gaztelerazko lanak
Zazpira ailegatzeko falta ziren bi sariak gazteleraz egindako lanei eman dizkiete: Garazi Albizuari bat, Termita (Galaxia Gutenberg) lanagatik, eta Itxaso del Castillori bertze bat, Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror (EHU) liburuarengatik.Â