"Hizkuntza berriak sortzera eta hedatzera" dator Bilboko XII. Gutun Zuria literatur jaialdia. "Hitzak forma hartzen du praktika artistikoen, musikaren, ikus-entzunezkoen eta hezkuntzaren bidez". Gaur hasi eta larunbata bitartean, topaketak, sortzaileen arteko elkarrizketak eta tailerrak izango dira bost egunez, eta Alhondigako espazio osoa hartuko dute artistek: Auditorioa eta Mediateka, Ataria eta Lantegia —sorkuntza eta berrikuntza kulturaleko espazio berria—. Aldous Huxley idazlearen eta Jose Lezama Lima poetaren aipu bana hartuta, Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea goiburua hautatu dute aurtengorako.
Goizean, prentsaurreko batekin eman diote hasiera asteari. 19:00etan izango da jaialdiko lehen emankizuna, Lars Gregersen artistaren antzezpenarekin, eta Ivan de la Nuez eta Veronica Gerberen arteko solasaldiarekin. 21:00etan, Maialen Lujanbiok egingo du hitzaldia, auditoriumean: solasaldi bat egingo du bertsolaritzak inguruko artearekin duen harremanaz. "Askotan praktika isolatu eta aparteko moduan ikusi izan da bertsolaritza, baina ez ote du uste baino harreman handiagoa beste arte batzuekin?". Arte diziplinen arteko zubiak ardatz hartuta arituko da Lujanbio.
"Jaialdiaren atariko eta luzapen gisa", Azkuna Zentroak Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa aurkezten erakusketa ere prestatu du —irailaren 22ra arte egonggo da ikusgai—. Bihar izango da hura bisitatzeko aukera, gida batekin: 12:30ean, erakusketa aretoan. Euskadik Idazle Elkartearekin topaketa ere izango da, besteak beste.
Etzi eta etzidamu ere hainbat topaketa antolatu dituzte. Xabier Gantzarain eta Harkaitz Cano idazleak, adibidez, buruz buru jardungo dira. Mahai beraren jiran elkartuko dira Danele Sarriugarte, Beatriz Txibite eta Eric Dixarri izango dira ere, hurrengo egunean. Azkuna Zentroaren webgunean jarri dute egitarau osoa.